Estitxu Fernandez: "sexuari ez diot mugarik jartzen"

Estitxu Fernandez: "sexuari ez diot mugarik jartzen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/estitxu-fernandez-quotsexuari-ez-diot-mugarik-jartzenquot/@@download/image/12p16-1.jpg
2001/10/05
elkarrizketa
Ander Usabiaga
Estitxu Fernandez: "sexuari ez diot mugarik jartzen"
Estitxu Fernandezek sexu gaiak mahai gainera ekartzen zituen "Sorginen Laratza" telesaioan. Lehendik ere ezaguna zen, bertsolaria izana da eta. Lesakar peto-petoa, aurten ere Sorginen Laratzan jarraituko duela dirudi, baina oraingo honetan beste lan batekin.

Estitxu mutilarekin bizi da, Donostiako Antigua auzoan. Han bertan egin dugu zita eta bizikletaz etorri zaigu. Tabernara joan gara, terrazan eseri eta Cola-Caoa eskatu du. Patxada ederrean hitz egiten du eta tarteka barrez hasten da. Aizu, Estitxu, sexuaz hitz egiteko, aurrena sexua asko egindakoa izan behar al da?
Kar, kar, kar! Ez da beharrezkoa. Ni Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartean lanean ari naiz, erretzeari utzi nahi diotenak laguntzen, eta terapiako jendeak askotan galdetzen dit: "zuk erre duzu, ezta?" Ez dut uste jendea tabakoa alde batera uzten laguntzeko lehendabizi erretzailea izan behar denik. Gauza bera depresioekin; depresioari aurre egiten laguntzeko, ez da depresioa gainditutakoa izan behar.

Zuk, hala ere, tabakoa utzi zenuen…

Bai, baina asteburuan besterik ez nuen erretzen.

Sexuaz hitz egiteko, hala ere, esperientzia lagungarria da, ezta?

Bai, baina batez ere nork bere burua ezagutzeko. Eta nork bere burua ezagutzea oinarrizkoa da bizitzan. Nik sexuari ez diot mugarik jartzen, betiere etika baten barruan. Sexua egitea garrantzitsua da.

Eta osasuntsua.

Jakina.

Eta plazer "merkea".

Bai, batez ere nork bere buruarekin egiten badu, kar, kar, kar!

Amets erotikoak izaten al dituzu?

Bai, denok bezala.

Baten bat esango al zeniguke?

… Ez dut batere gogoan… Dena dela, ez nizuke kontatuko!

Tira bada, ondo dago aitzakiatan ez ibiltzea. Estitxu bertsotan ezagutu genuen, baina bertsolaritza alde batera utzi eta azken boladan, "Sorginen Laratzan" jardun du. Egungo "nagusiaren" (Euzkitze jauna) bidetik joan dela dirudi.
Duela urte t'erdi utzi nuen bertsolaritza, Lizarran egindako saio txar baten ondoren. Zenbaitetan saio onak egiten nituen, beste batzuetan txarrak, ez nuen orekarik lortzen. Ez nuen nire burua gustura ikusten. Horrez gain, ikusleak ez zuela horrelakorik merezi uste nuen. Horrexegatik utzi nuen. Ez dakit, beharbada gehiegi eskatzen diot nire buruari…

Esan digutenez, ez duzu oraingoz bertsolaritzara itzultzeko asmorik. Hala ere, lagunartean batzuetan bertsotan aritzen zara. Jendaurrean jarduteak ez dizu beldurrik ematen eta telebistan lasai-lasai ikusi zaitugu.

Telebistan gustura ari naiz. Bertsolaritzan beti jasotzen dituzu txaloak, bertsolariari, oholtzera igotzeagatik bakarrik, errekonozimendua zaio. Hori aberasgarria eta autoestimurako oso ona da. Telebistan, aldiz, jendea ez duzu aurrean, ez dakizu jendeari saioa gustatzen zaion ala ez. Kritikak badira, noski, baina telebistaren kontra egitea oso normala da, modan dago. Hala ere, ni gustura nabil eta horixe da telebistan hasi nintzenean nire buruari jarritako helburua, gustura egotea.

Autoestimurako ona dela, bere buruarekin zorrotza dela… Ez dago zalantzarik psikologo batekin solasean ari garela! Hari horri tira egingo diogu. Jenio bizikoa zara, ezta?

Eta nork esan dizu hori?

Kazetariok gure informazio iturriak ditugu.

…Ez naiz gehiegi haserretzen, baina haserretzen naizenean, beldurgarria naiz. Kopetaraino nagoenean, nabaritzen zait, baina bestela, goxo-goxoa naiz.

Ez dugu dudarik egiten. Estitxuren beste alderdi bat, gehienentzat ezezaguna: futbolaria izandakoa da, Berako Gure Txoko taldean. Bortzirietan, lehia bizia dago Lesakako Beti Gazte eta Berako Gure Txoko artean. Ez al zinen traidorea izan?

Ez, kontua da neska talde bakarra zegoela inguruetan eta taldea, berez, Bortzirietakoa zela. Erdilari postuan jokatzen nuen. Gipuzkoako Liga hiru alditan irabazitakoa naiz ni!

Osasunazalea al zara?

Etxean denak realzaleak dira; aita, adibidez, pasaitarra da. Horrelakoetan nik osasunazalea naizela esaten dut. Baina, egia erran, Osasunako zenbat jokalariren izenak gogoratzen ditudan galdetuko balidate, izen gutxi esango nituzke Realekoak, aldiz, hobeto ezagutzen ditut. Ez dakit, agian realzalea naiz.

Biak ala biak, hala ere, lehengo lepotik burua ibili dira lehendabiziko partiduetan.

Bai, ez dirudi aurten ere oso fin ibiliko direnik.