Estibaliz Corral: "Nire diseinuek ez dute makarroi ukitua galdu"

Estibaliz Corral: "Nire diseinuek ez dute makarroi ukitua galdu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/estibaliz-corral-quotnire-diseinuek-ez-dute-makarroi-ukitua-galduquot/@@download/image/54p31-3_1366663189.jpg
2005/07/01
elkarrizketa
Mayi Tolosa
Estibaliz Corral: "Nire diseinuek ez dute makarroi ukitua galdu"
Estibaliz Corral, 23 urteko bilbotarra, Sevillan bizi da gaur egun. Bizkaiko hiriburuan bertan hasi zen moda ikasten, eta orain Andaluziara jo du bere diseinuak egitera.   

Erraza al da diseinuaren munduan sartzea?
Sartzea erraza da, baina mantentzea eta hor jarraitzea, zailagoa izaten da. Gogorra da, eta sufritu egiten da, baina aurrera egin behar da beti.

Nolakoa izan da zure ibilbidea?

Bilboko "Inedi" eskolan ikasi nuen, lau urtez. Ondoren, Bartzelonan izan nintzen urtebetez. Han serigrafia eta kolorea ikasi nituen, eta horrek asko balio izan dit. Garai hartan nire diseinuak asko aldatu ziren. Poltsak diseinatzeko ikastaro bat ere egin nuen, eta orain horretan nabil, Sevillan; poltsak diseinatzen. Hain zuzen, oraintxe datorkit gauzarik zailena: diseinatzaile gazte bat izatetik, pauso bat gehiago eman, eta gauzak serioago hartzen hastea.

Zein da zure helburua mundu honetan?
Inoiz ez dut diseinatzaile ospetsua izatearekin amets egin. Diseinuak eskaintzen didanarekin gozatu nahi dut, eta jendeari hori eskaintzea gustatuko litzaidake, musika, moda eta artea erlkartzen diren espazio batean.

Hemen, bizi al daiteke modatik?

Nahiko zaila da; nik behintzat, Bartzelonan ikusi dut errazen. Nahiko saldu nuen han. Adibidez, Bilbon gero eta kultura gehiago dago, denda txiki gehiago ari dira zabaltzen… baina zaila da oraindik.

Nor duzu erreferentzia diseinatzerako orduan?

Egia esan, batzuen eta besteen gauzatxoak ditut gustuko. Inguruko gauza guztiek eragiten naute, nire egoera edo aldarteak… bizi izan naizen leku bakoitzean, ideia berriak aurkitu ditut. Hasieran nire arropa ilunagoa zen, "neopunk" estilokoa nolabait. Bartzelonan kolorearekin esperimentatzen hasi nintzen, eta nire arropa "naif" ukitua hartzen hasi zen, baina makarroi ukitu hori galdu gabe. Orain Sevillan bizi naiz, eta txundituta naukate flamenko jantziek. Nire hurrengo bilduman nabaritu egingo da eragin hori, ziur naiz.

Diseinuzko arropa ez dago egina gazteon poltsikoaren neurrira…

Gazte gehienek "Mango" eta "Zara" bezalako dendetan egiten dituzte erosketak, arropa merkea delako. Baina azkenean, gauza merke asko erosten badituzu, eta erositako hori bitan baino jarriko ez baduzu… Neronek ere, erosten ditut gauzak denda horietan, baina diseinuzko gauza polit bat ikusten badut, erosi egiten dut, nahiz eta garestia izan.

Hemengo gazteok ba al dugu estilorik janzteko garaian?
Nik baietz uste dut. Baina, hala ere, ez nuke jakingo estilo hori definitzen.