Esther Lopez: “Gure soldata kirol izarrena baino txikiagoa da"

Esther Lopez: “Gure soldata kirol izarrena baino txikiagoa da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/esther-lopez--gure-soldata-kirol-izarrena-baino-txikiagoa-daquot/@@download/image/41p16-1.jpg
2004/05/07
elkarrizketa
Igor Arizmendiarrieta
Esther Lopez:  “Gure soldata kirol izarrena baino txikiagoa da"
Esther Lopez Hernaniko boleibol jokalariak 29 urte ditu. Tenerife Marichal taldean ari da. Europako txapelduna izan da talde hori berriki. Gainera, Europako libero onenaren saria erdietsi du hernaniarrak. Entrenamendura joan aurretik harrapatu genuen.

Noiz hasi zinen boleibolean?
14 urterekin hasi nintzen, Hernanin. 17 urterekin Toledoko talde batera joan nintzen, eta ondorengo urteak, Ciudad Real, Gasteiz, Burgos, Benidorm eta Avila aldean eman nituen. Duela bi urtetik hona ohorezko mailan dihardut, Tenerifeko taldean.

Boleiboleko Champion League-a irabazi berri duzue. Pozik?
Bai, hainbat sailkapen fase eta gero finalerako sailkatu ginen. Gainera, etxean jokatu behar genuen. Azerbayaneko talde bat menperatu genuen lehendabizi, 3-0. Finalean, Peruggia italiarrak gainditu genituen 3-2. Kiroldegia lepo beteta zegoen eta sinestezina zen hango giroa.

Nolakoa da boleibolaren egoera Euskal Herrian?

Euskal Herrian ari nintzenean boleibola egoera onean zegoen; taldeak zeuden, baita jokalariak ere. Orain ez dut halakorik ikusten. Talde asko desagertu dira. Egoera eskasa da Euskal Herri osoan, salbuespenak salbuespen. Esaterako, Gasteizen gauzak hobeto daude. Hala ere, egun ez dugu talderik, ez ohorezko mailan eta ez lehenengo mailan.

Nolakoa da zure egun arrunt bat?
8.20ean jaikitzen naiz, 9.30ean entrenamendua dugu eta. Eguerdi aldera, etxera etorri, zerbait arina jan eta ohean etzaten naiz, patxadan egoteko. Arratsaldez, entrenatzera joaten naiz berriro, 16.00etatik 19.00etara.  Ondoren, etxera joan, etxekoekin hitz egin, internetera konektatu... Goiz afaldu eta zerbait irakurri ostean, loak hartzen nau.

Kirol gogorra al da boleibola?
Bai, oso gogorra; izan ere, ordu asko eskaini behar dizkiozu. Bete beharreko ordutegi batzuk dituzu, asko zaindu behar duzu zure burua. Gainera, diru kontuei dagokienez, ez dago beste kirol batzuen mailan. Benetan maite behar duzu. Baina tarteka, gorputzari ere atsedentxoa ematen diogu.

Bizi al daiteke kirol honetatik?
Ni bizi, bizi naiz, baina egunean bizi naiz; ezin dut etxerik erosi, auto bat erosi nahi eta bi urte nabil horren atzetik. Gure soldata, Maurizia Cacciatore eta bestelako izarrena baino askoz txikiagoa da.

Maurizia guztion ahotan ibili da bere edertasuna dela eta. Zure taldean dago. Zer esango zeniguke berari buruz?
Aurtengo denboraldian etorri da Tenerifera. Sekulako ikusmira sortu du hemen. Jarraitzaile asko ditu. Kazetariak gehiago arduratzen dira hura etorri denetik. Boleibolari buruz gehiago hitz egin da iaz baino. Kanpora joaten garenean, kiroldegiak bete egiten dira. Amorrua ematen dit, "Mauriziaren taldea", edo "Mauriziak bere taldea garaipenera eraman du…" eta antzeko esaldiak entzuten direnean. Izan ere, talde lanean aritu behar da kirol honetan. Hala ere, ezin uka Mauriciaren kontuak mesede handia egin diola boleibolari.

Ederra bezain jokalari ona al da Maurizia?
Bai, jokalari ona da, baina nire ustez, gure taldean bera baino hobe jokatzen duenik bada. Bestalde, jende asko joan da espreski gure partidetara Maurizia nolakoa den ikustera. Adibidez, aurreko egun batean lagun batzuk esan zidaten: "Baina hori al da Maurzia Cacciatori?". Entzundakoak entzunda, zerbait gehiago espero zuten. Askotan jendeak buruan egin duen irudia eta benetakoa ez datoz bat.

Polemika egon zen, zuen arropa desegokia omen zela eta.
Bai, maila eta elastiko estuez jantzi behar genuela esan ziguten batzuek. Hala ere, hori ez digute kanpotik inposatu behar, jokalariak berak aukeratu behar du ahalik eta erosoen egoteko zein arropa jantzi. Gainera, boleibolaren jarraitzailea bazara, partida bat ikustera zoaz, eta kitto. Gero norberaren esku dago begia nora zuzentzen duen.

Izakeraz, euskaldunek eta kanariarrek antzekotasunik al dugu?
Ez, ez dugu antzik. Gu baino askoz ere lasaiagoak dira kanariarrak; bizitza patxadaz hartzen dute, jendea lasai ibiltzen da kalean. Taberna batera joan, kafea eskatu eta ateratzen dizutenerako… Euskal Herrian jendea askoz azkarrago bizi da.