Esther Ferrer: "Bazterrean gustura egiten dut lan"

Esther Ferrer: "Bazterrean gustura egiten dut lan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/esther-ferrer-quotbazterrean-gustura-egiten-dut-lanquot/@@download/image/esther_ferrer_2_1360237845.jpg
2012/10/05
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Galder Izagirre
Gure Artea 2012 saria jaso zuen irailean, urteetako lan artistikoari omenez. Esther Ferrer (Donostia, 1937), baina, ez da horrelakoen oso zale, inoren onarpena espero izan gabe sortzen baitu; bizitzeko, bai, baina beretzat, aske sentitzeko, mundua ulertzen saiatzeko.

Duela hiru hamarkada Frantziara aire garbi bila hegan egin zuenetik, tarteka, "nahi baino gutxiagotan", Paristik etxera itzultzen den akzio artista da. 2008an Arte Plastikoen Saria aitortu zion Espainiako Kultura Ministerioak eta orduan hurbileko medioentzat "ikusezin izatetik opaku izatera" pasatu zela dio berak, gurean nekez jaso baitu Ameriketako Estatu Batuetan edo Europan barrena eskaini dioten arreta eta begirunea.

Kazetaritza ikasketak hasi zituen arren, 1968an Opuseko unibertsitatetik bota zutenean erabaki zuen beste honi heltzea, gaurdaino. Apurtzailea, abangoardista eta, berak ezetz esan arren, transgresorea; ideia argiko emakumea, feminista, materialetan pobrea baina kontzeptutan aberatsa. Biluzik edo azalore bat buru gainean duela ager daiteke bere performancetan, ezin aldez aurretik jakin; garaikidea zentzu guztietan, 75 urteko gaztea.

Zure adinarekin, sariak ibilbide osoa errekonozitzera datoz. Nola daramazu?

Tira, lehen unean gaizki, larritasuna sorrarazten dit; iruditzen zait erantzukizun handiagoa dudala, ez publikoari gustatzearena, horrek ez bainau sekula arduratu, baina akaso obligazio asko ezartzen dizkiot neure buruari, nahiz eta agian ez diren errealak izango, irudizkoak baizik. Gero ahaztu egiten zait eta askoz hobe da horrela.

"Arte garaikideari eta euskal kulturari eginiko ekarpena" saritu dute. Zer esango zenuke zuk zeuk zure jardueraren aspekturen bat azpimarratzeko eskatuko banizu?

Ba ez dakit, beharbada hainbeste urtez independente mantendu izana, inori ezer eskatu gabe, ez bekarik, ez bestelako diru-laguntzarik... baina beste artista askok ere horrelaxe dihardute, beraz...

Dena den, ez al duzu onarpen handiagoa sentitzen atzerrian etxean baino?

Urte asko daramatzat kanpoan bizitzen, normala da, ez?

...bagenekien ironia zela zure zigiluetako bat... absurdoa eta umorea bezainbeste.

Asko gustatzen zaizkit, gainera, uste dut gaur egun kosta ahala kosta gorde behar dugun gauzetako bat dela umorea, eta ironia ere bai, distantzia hartu eta errealitateari modu objektiboan begiratzea posible egiten duelako. Miguel Mihura, Enrique Jardiel eta Alfred Jarry-ren antzerki obra zentzugabeak, adibidez, oso gustura hartzen ditut.   

Akzio artearen aitzindaria gurean. Ezagutzen ez duenari, nola azalduko zenioke zer den performancea? Nola bizi duzu zuk?

Egile bezainbeste modu daude akzioaren mundua ulertzeko, hortaz, nire-nirea den definizio bat ematea besterik ez daukat, ziur aski beste inorentzat balio ez duena: denboraren, espazioaren eta presentziaren artea da.

Ildo plastikoa ere lantzen duzu –argazkiak, objektuak, koadroak–, eta instalazio estatikotik akziora eta alderantziz mugitzea gustatzen zaizu.

Bai. Ideia bat datorkizunean, hobekien dagokion forma bilatzen duzu hori adierazteko: koadro bat izan daiteke, edo performance bat... baina, diozun moduan, nire lanetan beti egon da joan-etorri hori. Ideia batzuk hasiera batean modu batera irudikatzen dituzulako baina denborarekin transformatu egiten direlako.

Nondik jaiotzen dira ideia horiek?

Obra baterako lehen puntu hori egoera sozial edo politiko batek eman diezadake, esaldi batek, eguneroko gai baten inguruan nire buruari egiten diodan galderaren batek... edozer gauzak.

Oso inspiragarria omen da zure egunerokoa!

Lan asko egiten duen beste edozein pertsonarena bezainbeste. Izaten ditut boladak burutaziorik gabe ere.

Nolakoa izaten da geroko prozesua?

Oso desberdina da zenbaki lehenetan oinarritutako obra bati heltzea edo performance bat prestatzea, esaterako; batez ere azken hau in situ transforma daitekeelako, dinamikoa delako, inprobisazioari atea zabalik uzten diolako eta unean-unean sortzen duzun egoeren aurrean erantzuten duelako. Bestea, instalazioa, estatikoa da izatez; erreakzioren bat eragin dezake hartzailearengan, ala ez, baina beti askoz ere barrurago.

Gero inprobisa dezakezun arren, zorrotza zara aldez aurreko lanean. Prestatzen dituzun maketak artelanak dira bere horretan...
Obra bat gauzatu aurretik behar bezala bisualizatu ahal izateko aurkitu dudan modurik onena da, eta ezinbestekoak zaizkit. Gainera, asko disfrutatzen dut hauek egiten, nahiz eta ez naizen batere ona eskulanetan. Dena dela, ez dut inoiz pentsatu izan egiten dudana artea ote den ala ez; nire bizitzeko modua da, bizirauteko manera, gustatzen zaidana, askatasun gehien ematen didana eta mundua ulertzen laguntzen didana... tira, ulertu ulertu... oso gutxi ulertzen dut, gero eta gutxiago zoritxarrez, akaso horregatik jotzen dut absurdora.

Zer iradokitzen dizu, adibidez, egun hauetako albistegi batek? Edozeinek...

Tristura, pesimismoa, gogo falta. Baina gero pentsatzen dut justu hori dela tranpa honen antolatzaileek nahi dutena, eta erreakzionatzen saiatzen naiz.

[Esther Ferrer-en lan moldea, estetika eta mezuak askotxo aldendu dira beti garai bakoitzean ezarritakotik edo indarrean den horretatik.]

Uste duzu transgresio hori berezkoa duzula ala beste zirkunstantziaren batek eragindakoa da?
Ez dut uste, inondik inora, transgresorea naizenik; besterik gabe, nahi izan dudana egin dut beti, nire aburuz egin behar nuena. Hau transgresio modura interpretatu badute eta erreakzioak eragin baditu, zer egin nezakeen nik? Ez nion horregatik nire bideari uko egingo. Marjinatua izateko arriskua nuen, hori ziur; ez ninduten serio hartuko, baina beti pentsatu izan dut guztiak duela bere prezioa, eta ordaintzeko prest nengoen. Nolanahi ere, bazterrean oso gustura egiten dut lan.  

60ko hamarkadan dagoeneko egina zenuen hautua, eta Jose Antonio Sistiagarekin batera Adierazpen Libreko Tailerra abiatu zenuen, besteak beste, Elorrion. 'Adierazpena' eta 'librea' hitz potoloak ziren orduan.

Freinet metodoan oinarritutako tailerra zen, honek izugarrizko askatasuna ematen die haurrei euren bizipenetatik abiatuta sor dezaten, eta benetan diotsut zoragarria izan zela. Ez dakit orduan ume zirenek ze oroitzapen izango duten orain, baina niretzat esperientzia bikaina izan zen. Gogoratzen dut bazirela neska-mutil batzuk oso lotsatiak, erabat blokeatuta zeudenak ezin ezer adierazi. Ba, pixkanaka-pixkanaka, marrazki eta margolan zoragarrien bidez lortu zuten espresibitatea eta, ez hori bakarrik, hitzez euren lana epaitzeko gai ere izan ziren! Ezin duzu imajinatu zer nolako gaitasuna duten txikiek... asko ikasi nuen.

Ze oroitzapen duzu zuk haurtzaroaz?

Gauza asko gogoratzen ditut... badut buruan irudi bat, lurrean botata, etzanda, marrazten. Hala ere, ez litzaidake gustatuko garai hartara itzultzea.

Oker ez banago, ez zara ama.

Ez, eta erabaki erabat kontzientea izan da. Ez dut umerik eduki nahi izan eta, abortuaren trantzea pasatu behar ez izateko, antisorgailuak hartu nituen beti. Agian antzua nintzen eta ekidin nitzakeen, baina bada ezpada...

[70eko hamarkadan, ZAJ kolektiboaren garaia heldu zen, 1996an desegin zen arte. Bereziki Juan Hidalgo espainiarra eta Walter Marchetti italiarra lagun, eta dadaismoaren, futurismoaren eta Zen filosofiaren eraginpean, abangoardiaren ikur izan zen Ferrer.]

Inoiz, garai hari buruz hizketan, "abentura iragankorra eta erradikala" izan zela aipatu duzu, "ulertezina eta barregarria askorentzat, baina onartua estetika frankistatik aldentze hutsagatik".
Tira, erradikala izan zen, batez ere eta guztiaren gainetik, nire lerroari eutsi niolako. Itxaropentsua zen orduko arte ofizialarena ez zen beste estetika bat posible zela ikustea, eta ulertzea gauzek ez zutela zertan izan behar izan behar zuten bezalakoak. Agian horregatik zen estimulagarria gazteentzat, eta horregatik lortu genuen konplizitate zoragarri hura; hala ere, ez dakizu zenbat barre egin zuten gure kontura...

...eta egiten dute edo dugu gaur ere. Azalore bat buru gainean jarrita
 ikustea...!
Batek esan zuen, uste dut Satie izan zela, errazagoa dela negarra eragitea algara baino. Ez dut ezer irrigarri ikusten nautenen aurka, azalorearekin edo gabe. Umea nintzenean, banuen lagun bat oso oso kursia, gainera Clotilde zuen izena; amak ilea tindatzen zion argitzeko eta ipuinetako printzesen antzera janzten zuen. Mundu guztiak esaten zuen neska hura barregarria zela, baina ahizpak eta biok biziki maite genuen, eta, gainera, guri bezala marraztea gustatzen zitzaionez, ba horixe egiten genuen; berak beti printzesa ilehoriak marrazten zituen, noski, bere amak jartzen zizkion antzeko soinekoekin jantzita. Erridikuluari beldurra galdu nion betirako.

Artista kontzeptual askok nozitzen duzuen zerbait da hori, ezta? Zuen obra ez ulertzearena eta tarteka barregarri hartzearena, esan nahi dut.

Marjinalitateak ez dit inoiz arazorik eragin, eta egiten dudana ez ulertzeak ere ez. Niretzat eta nire garaikideentzat egiten dut lan, eta horien artean beti dago baten bat ulertzen duena eta interesatzen dena. Gero, badaude ulertzen ez dutenak, besterik gabe, egiten duzuna ez zaielako interesatzen, ez behintzat ulertzen saiatzeko adina; edo aurreiritzi artistikoz inguraturik daudenak. Baina esparru guztietan gertatzen da gauza bera, begira Darwin, gaur egun oraindik arbuiatzen dute zenbaitzuek.

Hortaz, borondate kontua ere izan daiteke...

Ez diot esango ikusleari zer egin edo nola jokatu, gehiegikeria litzateke nire aldetik; helduak dira esfortzua egin behar edo nahi duten ala ez erabakitzeko. Baina, obra batera borondate onez eta aurrejuzkurik gabe hurbiltzen bazara, behintzat analizatzeko aukera izango duzu eta, interesatzen bazaizu, gozatu. Guztiak ez du zertan denon gustukoa izan behar, baina zenbat eta zabalagoa izan zure jakinmina, orduan eta gehiago gozatu ahal izango duzu, artearekin bezala, beste edozer gauzarekin ere. Edozein kasutan, badakit jakintza sufrimendu iturri izan daitekeela eta, batzuetan, ezjakintasunak, errudun ala ez, babestu egiten zaituela.

Inoiz pentsatu duzu "ezjakinagoa banintz... hobe"?

Bai, askotan.

Lanera itzulita, minimalismoa maite duzu eta material pobreak erabiltzen dituzu beti. Hala ere, zure gorputza beste ezer behar ez duen hori da performance onena, ezta?

Bai baina, aldi berean, zailena da. Izan ere, ideia ez bada nahikoa indartsua, ez dago obrarik; besterik ez dagoelako, forma minimoa delako. Ahalik eta gehien adieraztea gustatzen zait ahalik eta baliabide urrienekin eta, instalazioetan adibidez, birziklagarriak izan daitezen bilatzen dut; behin amaituta, osatzen duten elementuei beste erabilera bat eman dakien.

Hitz egidazu zure gorputzarekin duzun harremanaz.

Nork bere modura bizi du, nahiz eta argi dagoen jaso dugun hezkuntzak ahaleginak eta bi egin dituela harremana txarra edo oso txarra izan dadin eta gorputza bekatuaren edo sufrimenduaren euskarri modura ulertu dezagun, ez plazeraren eta zerrenda luze baten iturburu bezala. Nik ez dut inoiz arazorik izan nirearekin, soilik osasunari lotutako ohikoak, ez daukat inongo lotsarik, ezta orain ere zaharra naizelarik; nigan arduratzen nauena barruan dago kanpoan baino gehiago.

Orlan artista frantziarrak ere –Mireille Suzanne Francette du izena– bere gorputza hartzen du arte elementu nagusi eta primario gisa, baina oso bestela egiten du.
Tatuaje, injerto eta ebakuntza kirurgikoen bidez, etengabe "hibridatzen" du bere burua. Ezagutzen duzu?
Bai, bere obra eta bera ere ezagutzen dut. Artista koherentea da, argia, eta oso pedagogo ona. Beti defendatzen dut, berak eta bere lanak merezi dutelako.

[2011 urtean Gasteizko Artiumen Lau mugimendutan aurkeztu zuenean, bere obraren gaineko hausnarketa ariketa eginda, behin eta berriz baliatzen dituen gaiak bildu zituen Esther Ferrer-ek: denbora, infinitua, errepikapena eta presentzia.]

Liluratzen zaituztelako jorratzen dituzu edo zure preferentzia estetikoekin bat egiten dutelako?
Jira eta buelta etengabe buruan dabilzkidan gaiak dira, horregatik ekartzen ditut nire lanera, azaleratzeko modu bat da, akaso beldurra galtzeko eta, batez ere, ulertzen saiatzeko.

Eta lortu duzu ezer argitzea?

Ezer ez, baina horretan segitzen dut. Gehien izorratzen nauen gauzetako bat da jakitea hil egingo naizela ulertu gabe zergatik existitzen den unibertsoa eta ze zentzu duen.

Gau batez zenbaki lehenekin –soilik bere buruarekin zatigarriak diren zenbakiak– egin zenuen amets, eta ordutik bidelagun dituzu...

Garai hartan harizko egiturekin nenbilen, maketekin eta marrazkiekin, nik neuk definitzen nituenak nire preferentzietatik abiatuta. Baina, gerora, subjektibitatea neurri batean kontrolatuko zuen zerbait aurkitu behar nuela pentsatu nuen, guztiz kontrolatzea ezinezkoa bada ere. Beste artista askori bezala, segida bat bururatu zitzaidan, eta honetan nenbilela, gau batez, ametsetan, nire burua zenbaki itsaso batean igeri egiten ikusi nuen, eta denak zenbaki lehenak zirela konturatu nintzen. Esnatu nintzenean, pentsatu nuen: "Zenbaki lehenak ere segida bat dira, zergatik ez hauek landu?". Interesgarria da ez dagoelako jakiterik noiz agertuko den hurrengo zenbaki lehena, eta ondorioz, ez dago jakiterik nola garatuko den egitura; asko gustatzen zait. Lan obsesiboa da eta, tarteka, albo batera uzten dut, bestela ez nukeelako ezer gehiago egingo eta badaudelako arduratzen nauten gai gehiago. Gero berriz hartzen ditut...

Ez dut uste asko direnik zuk bezala insomnioari Pi zenbakiarekin aurre
 egiten diotenak!
Pi-ri lotuta egin nahi ditudan obretan pentsatzen jartzen naiz, baina beste askotan unibertsoa imajinatzen saiatzen naiz, galaxiak, kosmos lauso hori, zulo beltzak eta hori dena. Dibulgazio liburu eta aldizkariak irakurtzen ditut, baina zoritxarrez oinarriak falta zaizkit eta nahi baino gutxiago ulertzen dut.

Esango zenuke zurea arte konprometitua dela?

Ez dut arte konprometitua egiten, zenbait konturekin konprometitua dagoena ni neu naiz, eremu artistikoan bezala honetatik kanpo ere, eta suposatzen dut horrek baduela isla nire lanean. Dena den, noiz edo noiz, egoera jakinetan eta ideia on bat baldin badaukat, egin dezaket 'arte konprometitua' esaten zaion hori.  

1994 urtean Parisko Donguy galerian egin zenuen akzio baterako 'Galdera feministak' testua prestatu zenuen. Gidoi hartan jasotako galdera sortatik hiru aukeratu eta botako dizkizut. Ea ba: Uste duzu feminista izatea oztopoa dela arrakastaren bidean?

Neurri batean bai! Onartu beharra dago, eta aldatu. Hala ere, arrakastak ez nau gehiegi inspiratzen.

Belaunaldi berriak zuek baino hobeto ari al dira?

Baietz espero dut, eta ez bakarrik artean! Oso gogoan eduki behar dugu atzerakada garaiak bizi ditugula hainbeste borrokatutako lorpen sozialei dagokionean bezala, baita emakumearen liberalizazioari dagokionean ere: abortuaren legea zalantzan jarri dute, sexu berekoen arteko ezkontza ere bai, oraindik ere emakume baten soldata gizon batena baino %20 baxuagoa izan daiteke lanpostua eta formazioa berbera izan arren, ez ahaztu indarkeria matxista eta... zerrenda luzea da.

Emakume artistak eboluzionarazi dezake artea?

Errekonozitu zaio ala ez, baina lortu du.

Jendarteari begira jarri garela-eta, 35 urte atzera Frantziara aldatzea erabaki zenuenean, herrialdeari "kiratsa" zeriola esan zenuen; Espainiaz eta frankismoaz ari zinen. Edonola ere, nola ikusten zenuen Euskal Herria eta euskal jendea? Eta orain?

Asko aldatu dela iruditzen zait, ni Donostian bizi nintzen garaian oso jendarte homogeneo eta itxia zen. Orain askoz ere irekiagoa da, hetereogeneoagoa, anitza, gazteak aktiboagoak dira zentzu guztietan eta emakumea, batez ere bera, transformatu egin da eta nabarmen kolaboratu du aldaketan.

Estherren kuttunak


Liburua: Tao Te Ching (Lao Tzu, VI.m.)
Filma: La chute de la maison Usher (Jean Epstein, 1928)
Abestia: Le temps de cerises (Jean-Baptiste Clement, 1866)
Kolorea: Malba
Lekua: Itsasertza
Plazera: Paseatzea
Miresten duzu: Keplerrek bere buruari galdetutakoa argitzeko gai dena: “Zergatik existitzen da hau guztia eta ez ezereza?”