Estela Osorio bilbotarrak diseinatu du Zinegoak jaialdiaren irudia

Estela Osorio bilbotarrak diseinatu du Zinegoak jaialdiaren irudia Jaialdiak adierazi duenez, "gure identitatearen eta sexualitatearen geruza guztiez gozatzeko unibertso sentsorial batera garamatza" Osorioren lanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/estela-osorio-bilbotarrak-diseinatu-du-zinegoak-jaialdiaren-irudia/@@download/image/zinegoak.png
2023/05/17
Jaialdiak adierazi duenez, "gure identitatearen eta sexualitatearen geruza guztiez gozatzeko unibertso sentsorial batera garamatza" Osorioren lanak.
Estela Osorio bilbotarrak diseinatu du Zinegoak jaialdiaren irudia

Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainaren 26tik uztailaren 3ra izango da eta Zinegoakeko taldeak jaialdiaren kartel ofiziala aurkeztu du, Estela Osorio diseinatzaile grafikoak egindakoa. "Irudi horrekin sentitzera, ukitzera eta jolastera gonbidatzen gaituzte, identitatea, generoa eta sexualitatea deskubritzeko leku gisa ulertuz, eta ehundura, forma eta ibilbide ugari iradokitzen dizkigu, Zinegoak 2023 programaren bidez erakusten diren bizipenak bezainbeste", azaldu dute.

Halaber, adierazi dutenez, "ez dugu irudian agertzen den materiala zehaztu nahi izan, sentsazio ezberdinak sortu nahi genituelako. Baina, aldi berean, Zinegoaken 20. urteurrenari keinu bat egitea ere bilatu dugu, ehundura krematsu eta arrosa erabiliz, ospakizunaren ideiarekin ere lotuko gaituena".

Osorio artista bilbotarrak hogei urte baino gehiagoko esperientzia du diseinuaren eta publizitatearen munduan, eta jaialdian ere parte hartu zuen film labur onenaren publikoaren saria irabazi zuen El pastel lanarekin. 

Jaialdiak bere hogeigarren urteurrena izango du aurtengoa eta, horri keinuren bat egingo badiote ere, ohiko formatu eta jarduerei eutsiko dietela aipatu dute antolatzaileek: "Garrantzitsua da data horiek ospatzea eta lortutako lorpenak aitortzea, baina are garrantzitsuagoa da lanean jarraitzea eduki barietaterik onena eskaintzeko eta kulturaren bidez sexu, identitate, eta genero-aniztasunari buruz eztabaidatzeko, salatzeko eta hausnartzeko foroa izaten jarraitzeko".

Aldaketa bat ere egin dute jaialdiaren izenean, gaylesbitrans gisa definitzetik LGTBIQ+ siglekin egitera igaro baitira, "ahalik eta identitate, errealitate eta aukera gehien ikusarazteko". 

Aurtengo nobedadeen berri pixkanaka emango dutela iragarri dute.