Espazioko lehen hotela irekiko dute 2027an

Espazioko lehen hotela irekiko dute 2027an Bidaia espazialen aroa geroz eta gertuago dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/espazioko-lehen-hotela-irekiko-dute-2027an/@@download/image/16157484829846.jpg
2021/03/16
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Bidaia espazialen aroa geroz eta gertuago dugu.
Espazioko lehen hotela irekiko dute 2027an

Lurra txiki gelditu zaigu antza; gauzak horrela, espazioan hotela irekiko dute 2027. urterako. Voyager izena jarri diote hotelari, eta 2026an hasiko dira eraikitzen. Noski, luxuzko bidaiariak izango dira hotelaren lehen bezeroak. Baina, nola izango da espazioko hotel hori?

Hotel espazial honek 24 modulu dituen gurpil baten itxura izango du, eta Lurraren inguruan orbitatuko du. Etengabe mugimenduan egongo denez, grabitatea simulatzeko aukera izango du; hala, hoteleko bezeroek ez dute astronauten antzera ibili beharko. Hori bai, grabitatea ahulagoa izango da, eta beraz, salto erraldoiak emateko aukera izango dute bertan daudenek.

Oporraldietarako gelekin batera, Voyager hotelak luxuzko etxeak izango ditu, epe luzerako alokatu ala oporretako etxe moduan erosi ahalko direnak. 500 metro karratukoak izango dira, 16 lagunentzako espazioarekin. Horrekin batera, gutxienez hiru egunez eta gehienez hilabetez alokatu daitezkeen 30 metro karratuko suiteak ere eraikiko dituzte. 

Gastronomia izango da hotel honek zainduko duen beste alorretako bat; hala, astronautek ez bezala, luxuzko elikagaiak eskura izango dituzte, 15 egunero berrituko dituztenak. 

Eta prezioa? Gutxieneko 3 eguneko egonaldiak 5 milioi dolarreko kostua izango du (4 milioi euro inguru). Dena den, pixkanaka prezioa merkatzeko asmoa dute, "Disneyland-era bidaiatzea" ala "itsas bidai bat egitea" bezalakoa izan arte.