Espazioari begira

Espazioari begira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/espazioari-begira/@@download/image/18p30-1.jpg
2002/04/05
erreportajea
Jon Odriozola
Espazioari begira


Ezaguna da Ikarok ortzian ibiltzeko zuen antsia. Hala ere, bere hegalen argizaria eguzkiak laztandu eta urtu zuenean, akabo ametsa… eta Ikaro, noski. 

Literaturak ere hamaika keinu egin dizkio ilargiari, besteak beste. XVII. mendeko Kepler astronomoak "selenitak", ilargiko biztanleak, galantak eta suge plantakoak irudikatu zituen. 

XIX. mendean izan zen zeruan barna egon daitezkeen zibilizazioei seinaleak bidaltzea proposatu zuenik. Litrow austriar astronomoak Saharan 20 kilometroko zuloak egin, erregaiez bapo bete eta ilunabarrean su ematea proposatu zuen. 
Dena dela, espazioan bidaiatzea baino hoberik ez omen dago. Ahaleginak, hamaika, eta ez egun soilik. XV. mendean, esaterako, Wan Hu izeneko txinatarrak hegan egiteko makina bat sortu zuen. Kometa pare bat eta bolborazko 47 suziri eserleku bati egokitu ondoren, berak gidari lanak harturik, suziri guztiak batera pizteko agindua eman zuen. Esan eta egin. Leherketa handi batek mundutik eraman zuen Wan Hu. Zerura, agian.

Estralurtarren kontura ere bereak eta bi idatzi eta entzun dira. Richard Lockek, The New York Sun egunkariko kazetariak, 1835ean idatzitakoa gerora esandakoen eta egindakoen zizka-mizka izan zen. Sasoi hartan, John Herschel, punta-puntako astronomoa, Hego Afrikan ikerketa bat egitera joana zela aprobetxatuz, kazetariak asmaturiko zenbait artikulu, ustez zientifikoak, argitaratu zituen.

Bertan, Herschelek, teleskopio handi bat lagun, selenitak saguzarren itxurako abere hegalari deskribatu zituen. Horrekin gutxi ez, eta ilargia pinuz eta haginez josita zegoela eta bisonte moduko abere ikaragarriak ere bizi zirela idatzi zuen Lockek. Sasi albisteek egunkariaren tirada handitzea lortu zuten arren, gezurrak ez zuen asko iraun. Sensazionalismoaren lehen urratsak ote? 

Orson Welles zine zuzendari handiak 1938ko irratsaio batean egindako kontaketak zeruak eta lurrak harrotu zituen. "Lurraren konkista" zientzia fikziozko eleberrian oinarrituta, Wellesek martitzarrak lurra indarrez hartzen ari zirela zabaldu zuen, errealismo kutsu ikaragarri batekin. Kontakizunak Ameriketako Estatu Batuetako makina bat herritarren bihotza erabat aztoratu zuen.

Gauza bat dela, bestea dela, argi dago gizakia unibertsoari begira bizi dela… extralurtarrei beldurra dielako, besteak beste.

Espazio bidaien lehen urratsak



1957ko urriak 4. Sobietarrek Sputnik lehen satelite artifiziala (84 kilo), espazioratu zuten.

1957ko azaroak 3. Sputnik 2 (420 kilo inguru) jaurtiki zen. Barruan espazioan bidaiari izandako lehen biziduna zihoan, Laika izeneko zakurra. Laikak, oxigenoa amaitu zitzaion arte, zortzi egun iraun zituen bizirik.

1958ko urtarrilak 31. Estatubatuarrek Explorer I satelitea espaziora bidali zuten.

1961eko apirilak.
Yuri Alekseinevitx Gagarin, Vostok 1 satelite artifizialean, espazioara bidalitako lehen astronauta bihurtu zen. Ostean, sateliteen pilotuen irakaskuntzan murgildu zen. Gagarin istripuz hil zen 1968an, hegazkin berri baten prototipoa ikertzen ziharduela.

1962ko ekaina. Telstar 1 sateliteak espaziotik telebistako seinaleak bidali zituen lehen aldiz.

1963ko ekainak 16. Soviet Batasunak lehen emakumea espazioratu zuen, Valentina Tereshkova, 26 urteko tenientea. Astronauta izan aurretik, gurpil eta ehungintza lantegi banatan lanean aritu zen. Espaziora joandako lehen emakume astronauta beltza, berriz, Mae Jemison doktorea izan zen (1992).


1965eko martxoak 18.
Alexis Leonov Voskhod II espazio ontzitik irten eta zeruan ibilitako lehen gizakia bihurtu zen.

1967ko urtarrilak 28. Apolo 1-ak ezusteko handia izan zuen. Atzerantzako kontaketa egiten ari zirela, kabinak su hartu eta hiru astronauta kiskalita hil ziren.

1969ko uztailak 16. Hiru bidaiari zituen Apolo 11 Kennedy lurmuturretik jaurti eta ilargirantz abiatu zen. Uztailaren 21ean, 02.56 aldera, Neil A. Armstromek ilargia zapaldu zuen. Balentria hura, kamera bati esker, 600 milioi lagunek, askok ezin sinetserik, ikusi ahal izan zuten. Paseotxo hark, egungo aurrerakuntzekin alderatuta, huskeria dirudi, baina Armtrong berak esan zuen lez, hura "urrats txikia izan zen gizaki batentzat, baina jauzi erraldoia gizariarentzat" .

Zazpigarren artea



Armstrom ilargian bi orduz ibili aurretik, urtebete eskas lehenago (1968) Stanley Kubrick maisuak "2001: espazioaren odisea" fikziozko filma pantailaratu zuen. Unibertsoaren sekretuak arakatzeko gogoa azaltzen duena film honi buruz, Kubrickek "imajinazioren baitan murgitzen ez direnek ezingo dute filma gozatu" adierazi zuen.

Zinean lan asko egin dira espazioari buruz. Oihartzun handia izandako beste film bat George Lucasek 1977an estreinaturiko "Galaxietako gerra" izan zen. Garai hartan efektu bereziz apainduriko zintak lilura sortu eta dirutza ederra patrikaratu zuen. Filmaren bitxikerietariko bat ordenadoreek gidatutako kamera berria izan zen.

80ko hamarkadan, Ronald Reaganen garaian, George Lucasek Etxe Zuriari demanda ipini zion, bere filmaren izena bilioi bat dolar balio zituen defentsa militar plan bati jarri izanagatik. Zine zuzendariaren ahaleginak, ordea, porrot egin zuen.

Oporretan



Zeruan, jada, martxan dago nazioarteko espazio-geltokia. Egun iraunkorki sei tripulatzaile aterpetzeko egokituta dagoen arren, batzuk ametsetan hasi dira. Diotenez, beharrezko teknologia garatu ahala, enpresa pribatuek euren plataforma txiki-handiak eraikiko dituzte. Espazio-geltokiak, etorkizunean, jendea hartzeko prestatzen direnean, eraikin batzuek hotel lanak egingo omen dituzte egonaldi laburreko turistak hartzeko.

Adituen aburuz, "espazioko hiriak gehienezko populazioari aurre egiteko gai izango ez badira ere, gizaki berri bat sortzeko leku aproposa izan daiteke, txikitatik eguzki-sistematik kanpoko esplorazio lanak burutzeko". Bagoaz bidaia agentziara…

Aieneak



Espazioaren konkistan lorpenak arrunt garrantzitsuak izan diren arren, porrotak ere minberak izan dira. Mingotsena, agian, 1986ko urtarrilaren 28an gertaturikoa. Challenger transbordadoreak, “gizakiak inoiz diseinaturiko makina hegalari zirraragarriena” bezala bataiatuak (2.000 tonakoa, hamar minututan orduko 28.000 kilometro ere har zitzakeena), eztanda egin zuen. Barruan zihoazen zazpi astronautak, tartean zibil bat, irakaslea bera, hil egin ziren. Batzorde batek istripua aztertu eta NASAri eta haren kalitate kontrolen mantenimendu sistemei leporatu zien errua.