Espazioan zaborra uzteagatik isuna jarri diote, lehen aldiz, erakunde bati
Zientzialariak ohartarazten dabiltza Lur planetaren inguruan sekulako zabor espaziala pilatzen ari garela. Komunikazioarentzat mehatxu bilakatu da zabor pilaketa hau eta baita etorkizuneko misio espazialentzat ere, sateliteen eta espazio-ontzien funtzionamendua arriskuan jarri bailezakete.
Honen aurrean, Estatu Batuetako agintariek, lehen aldiz, isuna ezarri diote erakunde bati, Lur planetaren orbitan zabor espaziala uzteagatik.
Komunikazioetara Komisio Federalak (FCC ingeleseko sigletan) 150.000 dolarreko zigorra ezarri dio Dish Network erakundeari satelite bat ez urruntzeagatik funtzionamenduan zeuden beste batzuei lekua egiteko.
Erakundeak bere ardura onartu du EchoStar-7 satelitea behar den lekuan ez edukitzeagatik. EchoStar-7 2002. urtean jaurti zen eta orbita geogeldikorrean zegoen. Maniobra honegatik zabor espazial bilakatu da, beste objektuekin talka egin eta deuseztatu delako.
Niretzat ere hizkuntza berri bat da ia sateliteen funtzionamendua, baina argi dagoena da zedarri bat ipini duela isunak espazioko zaborraren aurka. Alta, isunaren kopurua huskeria erakundearen irabaziekin alderatuta. Erakunde honek 2022an bertan 16.700 milioi dolarreko irabaziak izan zituen.
Europako Agentzia Espazialaren estimazioen arabera, gizakiak 15.500 satelite bota ditu orbitara 60 urtetan zehar. Horietatik 10.590ak gure orbitan jarraitzen dute, baina funtzionamenduan 8.600 soilik daude.
Alabaina, arazoaren tamaina areagotu egin liteke etorkizunean. Adibidez, Starlink erakundeak, Elon Musk-enak, 4.000 satelite bidali ditu orbitara azken lau urtetan. NASAk burututako ikerketa baten estimazioen arabera, litekeena da hamar zentimetro baino gehiago neurtzen duten 25.000 pieza zabor egotea espazioan. Hori arazo larria litzateke etorkizuneko misio espazialentzat.
