Espainiako musika eszenaren "bukatu da"

Espainiako musika eszenaren "bukatu da" Instagrameko kontu berri bat Espainiako musika industriaren barruan emakumeek pairatzen dituzten abusu, eraso eta jazarpenen testigantzak biltzen ari da modu anonimoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/espainiako-musika-eszenaren-bukatu-da/@@download/image/Musikan-abusua_02.jpg
2023/09/28
Instagrameko kontu berri bat Espainiako musika industriaren barruan emakumeek pairatzen dituzten abusu, eraso eta jazarpenen testigantzak biltzen ari da modu anonimoan.
Espainiako musika eszenaren "bukatu da"

Erasoak, botere abusuak eta jazarpen matxistak nonahi. Kalean aurkitu litezke, merkataritza guneetan, trenean, futbol zelaian... eta baita musikan ere. Espainiar futbol taldearen garaipenik handiena botere abusuagatik itzalean geratu eta gero, emakume askok kausarekin bat egin dute. Euren babesa erakusteaz gain, emakume gero eta gehiago animatu dira hitz egitera. Orain Espainiako musika industriaren trapu zikinak ateratzen hasi dira. Orain dela astebete inguru Instagrameko @abusoenlamusica kontuan lehen posta argitaratu zen. Profil honen helburua musikaren eremuan gertatzen diren eraso, botere abusu eta jazarpen matxistak komunikatu, salatu eta partekatzea da. Jada hainbat eta hainbat testigantza bildu ditu.

Testigantzak modu anonimoan biltzen dira eta gizonezkoen aipamena euren inizialekin egiten da. "Badakigu Espainiako musikaren mundua ez dagoela erasotzaileetatik salbu" dio Instagram kontu honek, "iritsi da gure esperientziak kontatzeko momentua. Jada ez gara isiltzen, asko baikara eta ez gaude bakarrik. #bukatuda". Halaber, zehazten dute "hau industria honetan lan egiten dugun emakumeok -izan kazetari, marketin profesional, komunikazio arduradun, ekoizle... - esperientziak komunean jartzeko leku bat da". 

Honegatik, mota guztietako testigantzak daude: "20 urte nituen, nire hiriko eszena independenteko hainbat talderekin jo eta grabatzen ari nintzen", azaldu du horietako batek. "
Disko batean kolaboratu eta bi egunetara (...), mutilak (I.G. momentu hartan ospea zuen indie talde bateko gitarrista) bere etxetik pasatzeko eskatu zidan, diskoaren nahasketa eman nahi zidalako (...). Iritsi eta bost minututara, hitz erdirik esan gabe, ukitzen eta musukatzen hasi zitzaidan. Ni altxa egin nintzen eta etxetik alde egin nahi izan nuen, baina arrastatu eta bueltan ekarri ninduen, eta atea giltzaz itxi zuen (...). Argi utzi zidan ez nuela ihesbiderik". 

"Orain dela urte batzuk, Granadan, talde oso oso garrantzitsu bateko baxu-jotzaileak, L. P., soinekoa altxatu zidan taberna batean hizketan ari ginela", dio beste biktima batek. Beste batek dio "C. T. oso abeslari ezaguna da Espainian. Argazki saio batean elkarrekin lan egin genuen eta ondoren tabernako komun batean liatu ginen. Ez ginen oheratu, baina oso berekoia izan zen eta nire ahoan bukatu nahi izan zuen eta hor utzi ninduen (...). Ondoren lizun bat nintzela esaten aritu da, besteek ni ez kontratatzeko". 

Kontakizun hauek eta gehiago ari da biltzen profila sortu denetik gaurdaino. Dirudienez, aitorpen zerrenda luze baten hasiera baino ez dira kontakizun hauek, zoritxarrez. Ea honek balio duen musikaren munduan ere justizia apur bat egiteko.