Espainiako eta Japoniako filmak izango dira nagusi Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astean
Sébastien Vaniček zuzendutako Vermines (2023) film frantsesak inauguratuko du gaur Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea, Donostiako Antzoki Zaharrean. Amaiera, berriz, Junta Yamaguchiren River (2023) filmak emango dio, azaroaren 3an, toki berean. Guztira, 32 film luze eta 38 film labur proiektatuko dira jaialdian, horietatik 23 Sail Ofizialean.
Victoria Eugenia Antzokian, gazteentzako saio berezietan, Lonely Castle in the Mirror (2022) animaziozko film japoniarra proiektatuko da, eta Karusell (2023) film suediarra. Haurrentzako zinema emanaldia ere egingo dute bertan, Boo Kwai eta museoaren lapurreta (2022), eta Kresala zineklubarekin lankidetzan, berriz, Tiger Stripes (2023) proiektatuko dute.
Nazioarteko eta animaziozko film laburren maratoiak eta, lehiaketatik kanpo, Euskal Herriko film laburren erakustaldia ere egingo dute. Bertako film labur horien artean izango dira honako hauek: Kim Maitenyren Beti Buru (2023), Ekaitz Bertizen Hitza eman nion, Mikel Alvarezen Mundu berri bat (2023), Amaia San Sebastianen Normas de higiene, eta Xabier Eizaguirreren Sisifo (2023).

Tabakaleran, She Is Conann (2023) eta Club Zero (2023) film luzeak proiektatuko dira. Gainera, euskal koprodukzioa duen La ermita filmaren bigarren emanaldia eskainiko da.

Bestelako ekintzak
Itziar Ituño protagonista duen kartel ofizialak erakusten duen moduan, sorginkeria da Astearen ardatza. Gai horri buruzkoak dira Elisa McCausland eta Diego Salgadoren Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburua, Hermenauterekin batera argitaratua, eta 2000maniacos fanzinea.

Sorginkeriaren ingurukoa izango da bihar, 17:00etatik 20:30era, egingo duten kale festa ere. Donostiako Bulebarra, zehazki Kioskoaren inguruak, izango da Sorgin-Con azokaren agertokia, eta kalejirak eta sorginekin loturiko era guztietako jarduerak egingo dituzte bertan emango dituzten tailerretan.
Hiru erakusketa ere badira egitarauan: Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak – Aguilar-Haraguchi Bilduma, Okendo Kultur Etxean; Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua, Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (San Jeronimo); eta Sorgin seinalea (Gregorio Muro “Harriet” & Daniel Redondo) Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder).

Fanzineen Gerra klasikoaren 8. edizioa eta Beldurrolaren bigarrena ere egingo dute, oraingoan sorginkerian oinarritutako euskarazko rol jokoen saioekin. Bestetik, aukera izango da Donostia Beltzan gaueko ibilaldi batzuk egiteko eta Itsas Museoan Grillos Navajerosen saio berrira bertaratzeko.
