Esne Beltza eta Anestesia taldeek agur esango dute

Esne Beltzak Esne Bidea diskoa argitaratu du, taldearen azken lana izango dena. Zazpi abestiz osaturiko lan honekin agur esango dio taldeak 17 urteko ibilbide luze eta oparoari.
Taldeak ziklo bat itxiko du disko honekin eta egingo dituen kontzertu sortekin. Diskoa aurkezteko 2024. urtean zehar Agur deneri deitutako azken bira egingo dute eta 2025ean azken kontzertu berzi bat antolatuko dute taldeari merezitako agurra emateko “Lapurdin, Ziburuko muino batean dago Agur Deneri, handik itsasoa ikusten da, gure Kantauri, Higerko lurmuturra hegoaldean, Biarritzeko itsasargia iparraldean, Aiako harriak Gipuzkoan, Larrun Nafarroa Garaian, eta urrunago Pirinioak. Hortxe da gure Euskal Herria, azken diskoko abesti batek esaten duen bezala herri zahar bat historiaren besoetan, Esne Bidean, herri bat, berriz bat. Zazpi probintzietan, herriz herri aritu gara urteotan, lagun berriak egin ditugu, beso zabalik hartu gaituzte, eta hori dena kontuan hartu dugu agurtzerako orduan, 2024ko zuzeneko bakoitza festa eder bat izango da” esan du taldeak.
Azken kontzertua 2025ean eskainiko dute, baina horren xehetasunak aurrerago eskainiko dituztela adierazi dute. “Orain Esne Bidea da gure atentzioaren jabe, abestiz abesti aletu nahi dugu, egindako lana agertu, kantu bakoitzari bidea egiten utzi, aldarrikapenak ahantzi gabe gure baikortasun eta alaitasuna zabaldu, funtsean hori baita Esne Beltza, izateko eta bizitzeko modu bat”.
Anestesi taldeak ere agur esan du
35 urteko ibilbidearen ostean, agur esatea erabaki du Anestesia taldeak ere, aurretik, baina, agur bira prestatzen ari da datorren urterako. Hedabideetara bidalitako ohar baten bidez eman dute ezagutzera erabakia, izan ere, 2019. urtean garai beltz bat hasi zen taldearentzat.
“Osasun arazoek gure ibilbidea etetera behartu gintuzten. Pandemia tartean ere, burua altxatu ezinik ibili gara azken 4-5 urteotan. Tarte horretan, “Fenix” kontzertu bira laburra egiten saiatu ginen behin eta berriz, eta azkenean 2022an egingo genuela ematen zuenean, berriro osasun arazoek dena bertan behera uztera behartu gintuzten. Horri gehituta, 2023ko hasieran, berriro zerbait egitea planteatzen hasi ginenean, gure bateria jotzaile, eta betiko taldekidea izandakoa hastapenetatik, Beloki handiak, taldea uztea erabaki zuen. Kolpe bat bestearen atzetik”.
Gertaera guzti hauen ondorioz, ibilbidea etetea erabaki zuen Anestesiak, baina horrela desegiteak “oso aho zapore txarrarekin” utzi zituen taldekideak, eta beste saiakera bat egitea erabaki zuten. Behintzat azken Fenix kontzertu bira labur hartan egin ezinik utzi zituzten kontzertuak egin ahal izateko.
Oraingoan ez da Fenix bira izango, baizik eta honen ondorengoa. Fenix abestian kantatzen dituzten azken bi hitzak hartuz, Azken heriotza izendatu dute oraingo bira. “Ez genuelako horrela amaitu nahi 35 urteko ibilbide eder hau. Beraz, 2024. urtean kontzertu hauek egitea erabaki dugu. Zuek hor topatzea espero dugu, milesker aldez aurretik eta laster arte!”.
Aurreneko kontzertua Biarritzeko Atabalen eskainiko dute apirilaren 6an, ondoren, Donostiako Dokan izango dira apirilaren 13an, Atarrabiako Totem aretoan, berriz, maiatzaren 11n, Bilboko Kafe Antzokian maiatzaren 25ean, eta amaitzeko, Gasteizko Jimmy Jazzeko oholtzara igoko dira ekainaren 8an.