Eskuzko emakume pilotarien lehen klub profesionala sortu dute

Eskuzko emakume pilotari profesionalen lehen kluba sortu berri dute, Ados Pilota izenekoa. Honen helburua txapelketak urte guztian zehar jokatzea, baldintzak hobetzea eta, batez ere, inoren menpe egon beharrik ez izatea da. Argi izan dute kluba eratu nahi zutela eta ez enpresa, eta ziur daude eman duten pausoak "onurak besterik ez dizkiela ekarriko".
Euren lanaren jarraikortasunaren haritik tiraka, ekainaren 4tik abuztuaren 14ra Plazaz plaza txapelketa egingo dute. Leitzan hasi eta amaituko da eta Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietan jokatuko dituzte partidak. Euskal Herrian izango dira ia denak, baina Bartzelonara ere mugituko dira jokatzera. Hamahiru jardunaldi izango dira eta hamazazpi partida guztira. Partidak aire librean jokatuko dituzte, "emakumeen pilota herrietako erdigunera eramateko".
Hamahiru profesionalek osatzen dute taldea: Maite Ruiz de Larramendi, Iera Agirre, Amaia Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi, Irantzu Etxebeste, Naroa Elizalde, Eneritz Arrieta, Oihana Orbegozo, Naroa Agirre, Ainhoa Ruiz de Infante, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai eta Gentzane Aldai. Azken txapelketa nagusietan nabarmendu diren pilotariak dira hauek. Dena den, klubak pilotari gazteak trebatzeko asmoa ere badu eta txapelketan arituko dira horietako hiru: Laia Salsamendi, Ane Mendiburu eta Uxue Oses.