Eskuz jositako toldo koloretsua itzalpean egoteko

Europan bero handiko egunak izan dira uda honetan eta tenperatura altuei aurre egiteko aukera handirik ez da izaten leku batzuetan. Hori dela eta, itzalaren bila ibili behar izaten dute askok. Malagako Alhaurin de la Torre herrian eskuz jositako toldo handi bat jarri dute erdigunean, bertako herritar zein bisitariak eguzkitik babes daitezen.
2018an izan zuten ideia bertako udalean eta joera horri eutsi diote aurten ere. Bertako Eva Pacheco artisauari egin diote enkargua, crochet teknikan aditua delako. Bere ikasleen laguntzaz, toldo koloretsu erraldoia osatu du, itzala sortzeaz gain, kaleari edertasuna ematen diona.
Estalpea lehen eta bigarren urteetan egindako piezekin osatu dute eta aurtengo lanarekin zabaltzea lortu dute. 500 metro koadroko azalera hartzen du gutxi gorabehera eta 60 metroko luzera. Pacheco artisauak adierazi duenez, parte hartu duten emakumeek "ahalegin handia" egin dute osasun larrialdia tarteko, eta ekimen honek entretenitzeko eta pentsamendua bestelako kontuetara bideratzeko balio izan die eta baita elkartuago egoteko ere.