Eskultura eta poesia biltzen dituen 'Su hatsa' erakusketa izango da Iruñean gaurtik aurrera
Nafarroako Liburutegiak eta Nafar Ateneok bultzatuta, Su hatsa erakusketa irekiko dute gaur Nafarroako Liburutegian. Hatsaren Elkartearen baitan Auxtin Zamorak prestatutako erakusketa da. Bertan, Zamorak urtu eta berriz forma emandako aluminiozko irudi batzuk ikusi ahal izango dira, Hatsa Elkartean parte hartzen duten idazleen poesiekin lagunduta.

Hatsaren Elkartea Auxtin Zamoraren ekimenez 1989an Senperen sortutako elkartea da, poesia euskaraz idazten zuten idazleak biltzeko asmoarekin. Elkarte honek bertako partaideek eta partaide ez direnek bidalitako euskarazko olerkiekin liburu bat argitaratzen du urtero. Horien artean daude urtero idazten duten Josu Jimenez Maia eta Juan Karlos Lopez Mugertza Nafar Ateneoko Euskara Saileko eledun ohiak, eta baita euskarazko literaturan ospea duten beste batzuk ere: Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Amaia Lasa, Mikel Taberna, Fito Rodriguez, Txomin Peillen, Juan Luis Zabala, Joan Mari Irigoen, Hasier Larretxea...

Erakusketak 2021eko udan hasi zuen ibilbidea Senperen, eta ordutik hainbat lekutan egon da. Oraingoan Nafarroako Liburutegiko beheko solairuan (narratiba atala) egongo da ikusgai gaurtik apirilaren 30era. Irekiera ekitaldia gaur arratsaldeko seietan izango da, eta bisita gidatua egingo dute Auxtin Zamora artistaren eta Ines Castiellaren eskutik. Erakusketan parte hartu duten idazle batzuk ere bertan izango dira, eta hitza hartuko dute.
Poetekin topaketak
Bisita gidatuaren ondotik, 19:00etan, Miren Agur Meaberekin topaketa egingo dute. Erakusketan parte hartu du eta bertarako idatzitako poesiaz, saritutako bere liburuaz, eta bere ibilbide literarioaz arituko da solasean. Nafar Ateneoaren Joxemiel Bidador poesia-taldearekin batera bere poema batzuk ere errezitatuko ditu.

Apirilaren 12an Amaia Lasa eta Joan Mari Irigoienen txanda izango da, ordu berean. Hilaren 25ean, berriz, Itxaro Borda eta Juan Luis Zabala bertaratuko dira. Bi saioetan erakusketarako idatzitako poemak eta euren ibilbideak izango dituzte hizpide, eta poemak errezitatuko dituzte poesia taldearekin.

