Eskulekua gogoan

Eskulekua gogoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskulekua-gogoan/@@download/image/joane_somarriba_1359544333.jpg
2013/01/30
erreportajea
Urrezko txirrindulari izandakoa, kirola afizio du orain Joane Somarribak (Gernika, 1972). Norakoa aldatu duen arren, bizitzaren pedalei kolpeka darrai.

Txirrindularitzarekiko zaletasuna aitarengandik jaso zuen. Frantziako Tourra, Italiako Giroa, Euskal Itzulia... telebistan ikusten zituzten, eta asteburuetan familia osoa joaten zen hurbileko lasterketetara. Lauzpabost urterekin kendu zizkioten bizikletako atzeko gurpilak, eta Torrot berde bat oparitu zioten lorpenagatik. "Gogoan dut eserleku luzean ahizpa eta biok joaten ginela eserita". Zortzi urterekin Sopelako Ugeraga txirrindulari taldean sartu zen.

Gaztaroa eskolan eta bizikleta gainean pasatu zuen, eta Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera sortu zitzaionean ikasketak uztea erabaki zuen. Ez zaio damutu, lortutako garaipenek hautua berretsi dutelako, baina "nire seme-alabei ez nieke hori aholkatuko, kirolari bizitza oso laburra baita, eta kemena, ezaugarri konkretuak eta zortea behar baitira onenen artean egoteko".
 
Erlojupeko Munduko Txapelketa 2003an, Italiako Giroa bitan, Frantziako Tourra hirutan, Emakumeen Bira 2004an eta beste hainbat eta hainbat lasterketa irabazi zituen, harik eta 2005ean maila profesionaletik erretiratzera zihoala jakinarazi zuen arte, "oso erabaki gogorra", gorenean baitzebilen Somarriba: urte hartan Munduko Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen. Baina urte asko zeramatzan txirrindularitzan, eta osasunak  eta ama izateko gogoek pisu handiagoa hartu zuten balantzan.

... eta gaur


Zertan zabiltza orain? Bizikletaren munduari loturik segitzen duzu?
Uneotan ez, hiru seme-alabekin nahiko lan daukat eta! Baina gorantza doaz pixkanaka, eta asko gustatuko litzaidake etorkizunean kirolari, eta bereziki txirrindularitzari, loturiko zerbaitetan lan egitea.

Hamaika lasterketa irabazitakoa zara. Zein duzu bereziki gogoan?
Bilbotik irteten zen 2001eko Frantziako Tourra oso berezia izan zen niretzat, batez ere Bilboko erlojupekoa eta Gernikako etapan jasotako ikusleen berotasuna.

Zer zenuen nahiago, erlojupekoa ala etapa askoko lasterketa luzea?
Egun askotako lasterketak, txirrindulari erregularra bainintzen.

Ze iritzi duzu dopingaren eraginez txirrindularitzak jasan duen kaltearen inguruan?
Kirol hau maitatzen dugunontzat oso mingarria da, eta auzi honetan zerbait egin dezakeenak —UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak— ez du gehiegi laguntzen…

Txirrindularitzaren alorrean geratu al zaizu bete gabeko helbururik?
Bai, Olinpiar Jokoetan garaipen bat lortzea.