Eskubide berak

Eskubide berak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskubide-berak/@@download/image/gobernuz_kanpok_1473837310.jpg
2013/10/07
erreportajea
Olaia Albizu (Bubulum Elkartea)
Erdialdeko Amerikan familiek bost bat seme-alaba izaten dituzte; baina sarritan, benetan, bost baino gehiago izaten dira etxean, urritasuna duen seme edo alaba ez baitute kontuan hartzen. Batez ere landa eremuetan, ume horien jatorria sorginkeriaren edota familia gaizki esaka ibili izanaren ondorio dela esaten da.

Ondorioz, ume horiek ez dira etxetik irteten, ez dute beste umeekin jolasten, ez dira eskolara joaten, ez dute mediku arretarik jasotzen, eta askok ez daukate elikadura egoki bat izateko aukerarik. Hala, ez dira komunitatean integratzen.
 
Integrazioaz hitz egitean, kontuan hartu behar da oso ezberdinak direla Nikaraguako landa eremuan urritasunen bat duten pertsonen kolektiboa eta gure gizartean urritasunen bat dutenena. Gurean jakina da pertsona horiek behar bereziak dituztela (osasuna, hezkuntza, terapia, gizarteratzea…); hau da, euren bizi kalitatea bermatzea beharrezkoa dela. Helburu hori betetzeko profesionalen lanak bat egin behar du umearen garapenarekin.

Nikaraguako landa eremuetako egoera, berriz, guztiz kontrakoa da. Familia horiek ez dute gizartearen laguntzarik, ez dakite umearen egoeraren jatorria eta zergatia, eta ez daukate baliabide ekonomiko eta sozialik pertsonaren ongizate fisiko, psikiko eta soziala garatzeko. Laguntza faltaren eta ezjakintasunaren ondorioz, familiek seme-alaba horiek alde batera uzten dituzte. Era berean, familia osoak komunitatearen bazterketa pairatzen du.

Zer da lehenengo, bigarren edo hirugarren mundua? Zein garrantzia du kontinente batean edo bestean jaio izanak?  Zer inporta du beltza edo zuria izateak? Garrantzitsuena edozein pertsonaren oinarrizko gaitasunak babestea da.

Apurka-apurka elkarte ezberdinak elkarlanean dihardugu behar horiek betetzeko. Horrela sortu zen Gobernuz Kanpoko Garapenerako Bubulum izeneko Kooperazio Elkartea. Lurralde behartsuenetan, bereziki Nikaraguako nekazal komunitateetan, behar berezi eta ekonomikoak dituzten pertsonei laguntza emateko. Ez gara ezeren jabe, baina gure mundua da. Bestelako mundu bat posible delako!!!