Eskuak taldeko margolarien obrak ikusgai izango dira Laudion

Eskuak taldeko margolarien obrak ikusgai izango dira Laudion https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskuak-taldeko-margolarien-obrak-ikusgai-izango-dira-laudion/@@download/image/20126149016eskuak_luzea.jpg
2012/12/13
berria
Eskuak taldeko margolarien obrak ikusgai izango dira Laudion
Javier Sanroman, Marisol Bergado, Carlos Marin, Lourdes Aretxaga eta Floren Usiak osatzen dute Eskuak margolari taldea. Bakoitzak bere erara ulertzen du artea, baina lanak bildu eta erakusketa bateratua jarriko dute Laudion.

2008an elkartu zirenetik, Eskuak taldeko margolariek hainbat alditan bateratu dituzte beren indarrak, eta denen lanak elkarrekin aurkeztu izan dituzte Euskal Herriko zein atzerriko aretoetan.

Nork bere estiloa du, arazoei aurre egiteko modu partikularra izateaz gain, baina era berean, edertasunarekiko eta margolaritzarekiko lilura bera konpartitzen dute. Horregatik, kolore, estilo, ideia eta emaitza ezberdinek bat egiten dute Laudion jarriko duten erakusketan.

Irekiera ekitaldia ekainaren 22an egingo dute Drumgorri aretoan, iluntzeko 20:00etan, eta denbora batez ikusgai izango da bertan. 

Artistak


Javier Sanroman
Artistaren margolanek sosegua transmititzen dute. Geroz eta lan landuagoak, zailagoak egiten ditu, txikitasuna handitasuna bilakatuz.

Marisol Bergado
Lan askoz ausartagoak egiten ditu, bai koloreei dagokienez, baita formen alorrean ere. Ikuslearen konplizitatea bilatzen dute, erakarriz edo desafiatuz.

Carlos Marin
Koloreak eta formak zaintzen ditu artistak, eta pintzelkada indartsu, zehatz eta oleoz beterikoen bitartez lortzen du hori. Bere ikuspuntuari askatasuna ematen dion margolaria da.

Lourdes Aretxaga
Inpultsuei egiten die jaramon, eta bere margolanetan naturako elementuak sartu ohi ditu; hala nola, lurra eta pigmentuak.

Floren Usia
Margolanen bidez artista bera ezagutzeko aukera izango dugu. Borondate onaren, zintzotasunaren eta egiazkotasunaren elementuak dira bereak.