Eskuak

Eskuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskuak/@@download/image/alaia7.jpg
2007/11/02
erreportajea
Alaia Martin


Eskua emanda, eskua ukabilduta, eskua urratuta, esku zuriekin. Geure esku dago nola borrokatu. Geure esku dago borrokatu edo ez.

Geure esku eskura dugunarekin geratu, edo eskuratu.

Eskubideak errespetarazi, edo eskubideen urraketa eskusatu.

Borrokatzearen aldekoa izan naiz ni beti. Borrokatzeko aukera ukatzen didatenetan, batez ere.

Borroka liteke garenarengatik, edo izan nahi dugunarengatik. Borrokatzen dutenengatik. Norbaitengatik, zerbaitengatik.  

Mila modutara borroka liteke berez. Baina modu bat ukatzen zaizunean, beste modu bat geratzen zaizu, eta beste hori ukatutakoan, beste bat, eta beste hori ukatutakoan, hurrengoa. Hurrengoak hurrengorik ez duenean, baina, modu bakarra geratzen da. Eta bakar horrekin borrokatu behar da. Borrokatu egin behar da. Ez azken modua onena delako, bakarra delako baizik.

Borroka liteke norbait edo zerbait lortzeko, edo norbait edo zerbait ez galtzeko.

Borroka liteke hondar ale batengatik, basamortuarengatik, lurrarengatik. Lurralde batengatik. Borroka liteke malko batengatik, itsasoarengatik, itsaso batengatik.

Sekula ezer irabazi ez izanaren sentsazioa dut. Eta pozten naiz. Borrokatzeari utziko bainioke bestela -ausarta naiz, baina pixka bat bakarrik-; bizirauteko borrokatzen nuen amaren sabelean, txokolate zuri ontza bat gehiagorengatik haurra nintzela, haur bat ez nintzela frogatzeko nerabea nintzela. Gaur, batzuetan hain ahula, besteetan hain haurra, nerabea, gaztea eta heldua naizela, bizirauteaz gain, bizitzeko borrokatzen dut, eta bi txokolate ontza nahi ditut.

Zugatik, nigatik, gugatik, jada ez daudenengatik, oraindik ez daudenengatik borrokatu nahi dut. Ezinezkoa dela jakin gabe borrokatu nahi dut. Baneki, ezinezkoa litzatekeelako. Ez badakit, egin dezakedala dakidalako. Egin dezakegula.

Eskura ez duguna eskuratu nahi dut eskuen artetik eskapo egiten utzi gabe. Eta horretarako, eskua ukabildu behar da. Edo eskua eman, eskuratu nahi dena bi eskuen artean eusteko. Zure esku dago.

Galtzea gustatzen zaizu?