Eskola kirola berriro hasteko aldarri irmoa

Eskola kirola berriro hasteko aldarri irmoa Kirola «ezinbesteko jarduera» dela aldarrikatu eta eskola kiroleko entrenamenduak berriz martxan jar daitezen aldarrikatu zuten larunbatean Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Bultza Kirola Euskadi plataformak uste du «segurua, funtsezkoa eta onuraduna» dela. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskola-kirola-berriro-hasteko-aldarri-irmoa/@@download/image/Screenshot_2021-01-11 Bultza Kirola Euskadi - Google Bilaketa.png
2021/01/11

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Kirola «ezinbesteko jarduera» dela aldarrikatu eta eskola kiroleko entrenamenduak berriz martxan jar daitezen aldarrikatu zuten larunbatean Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Bultza Kirola Euskadi plataformak uste du «segurua, funtsezkoa eta onuraduna» dela.
Eskola kirola berriro hasteko aldarri irmoa

Plataformaren hitzetan, "arazoa da egun edonork egin dezakeela kirola, eskola kirola egiteko lizentzia dutenek izan ezik”, alegia, fitxa federatiborik izan ez baina kirol-jarduera erregulatuetan ari diren 6 eta 16 urte bitarteko gazteek.

Bultza Kirola Euskadi plataformak eta SOS Eskola Kirolak-ek egin zuten deialdia, eta 550 elkartek eta 120 herrik egin zuten bat. Besteak beste, aldarrikatu zuten Jaurlaritzak «formula bat» bilatu beharra duela itzulera posible izan dadin. Izan ere, jakinarazi duten informazioaren arabera, abenduaren 12az geroztik ez da eskola kirolik egon.

Mobilizazioei 12:00etan ekin zieten, Kirola ezinbestekoa da lelopean. Gasteizen, Bilbo plazan hasi zuten manifestazioa; Bilbon, San Mames alboan; eta Donostian, Bulebarrean. Haien arabera, eskola kirola «funtsezkoa, onuraduna eta segurua» da, eta, beraz, erakundeei eskatu zieten aztertzeko beste leku batzuetan ere hartu diren neurriak, hala nola Europako beste lurralde batzuetan. Horrez gainera, eskola kirola «funtsezko jardueratzat» izendatzeko ere exijitu zuten bertaratu zirenek, besteak beste, kirol bat egitera ohituta daudenek horretarako aukera izan dezaten, betiere «ahalik eta segurtasunik handienarekin». Azken batean, azpimarratu dute kirola «egungo egoeraren arazoa bainoago, konponbidea» izan daitekeela.

Hala, Bultza Kirola Euskadi plataformak eta SOS Eskola Kirolak-ek ezarritako neurria indargabetzearekin batera, eskatu dute besteak beste entrenamenduak burbuiletan egiteko aukera aztertzeko, horrela «kutsatzeak murriztu eta kontrolatu» daitezkeela nabarmenduta.

Herrialde Katalanetan ere ari dira mobilizatzen kirol federazio eta taldeak. Ja n'hi ha Prou plataformak, hainbat klub biltzen dituena, sinadura bilketa abiatu du, bertako Gobernuak ezarritako murrizketek kirol amateurrari eragin diezaioketen kalteez ohartarazteko. Federazioek, bestalde, adierazi dute kataluniar kirola 1980ko hamarkadako indizeetara itzul daitekeela.