ESKOLA BAT ERAIKI NAHI DU SEASKAK AURTENGO HERRI URRATSEKO DIRUAREKIN

Kolegio hau eraikitzeko laguntza lortzen badute Ipar Euskal Herrian Seaskak, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak, eraikiko duen bosgarrena izango da. Koronabirusaren krisia dela eta festa ospatzeko aukera ezberdinak aztertu dira eta azkenik maiatzaren 9an, igandea, egitea erabaki da: Herri Urrats data bat da, toki bat da; ohitura bat da, adierazi dute.
Oraindik ez dakite zer forma hartuko duen, baina zehaztu dute inoren osasuna arriskuan ezarri gabe eta baimendua izango denaren neurrian, ospakizuna atxikiko dutela. Helburu ekonomikoa lortzeko Boga diru biltze kanpaina abian jarri dute, izan ere, eskola berria eraikitzeko gutxienez 300.000 euro bildu beharra dute.
Boga izango da, hain zuzen, aurtengo Herri Urratsen leloa, arraunean bezala, Seaskarekin batera, euskaldun guztiei arraun egiteko deia egin nahi izan diote, elkarlanean eta indarrak bilduz. Izan ere, helburu handiak dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolek, eta jendearen babesa behar dute.
Lau ikastola ditu gaur egun Seaskak. Iazko udaberrian bukatu zituzten Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa berritzeko lanak, 2013an handitu zuten Kanboko Xalbador kolegio historikoa, eta 2017an ireki zuten Estitxu Robles Arangiz kolegioa Baionan. Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa da laugarrena. 300 ikaslerentzat pentsatua da, baina 329 ditu gaur egun, eta ondoko urteetan handitzen joango dela aurreikusten dute. Toki berean ezin denez handitu, bosgarren kolegio bat behar dute. Bi eremutan ari dira proiektua lantzen: Azkaine eta Senpere inguruan, eta Lapurdi barnealdean, Hazparneko eskualdean.
boga.herriurrats.eus/ helbidean, bosgarren kolegioaren eraikuntza zati bat babesteko aukera izango duzu: teilak, ateak, leihoak, berogailuak, igogailua... 20 eta 2.000 euro arteko ekarpena egiteko aukera dagoela jakinarazi du Seaskak.