Eskimaleen oinordekoak

Eskimaleen oinordekoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskimaleen-oinordekoak/@@download/image/46p28-3.jpg
2004/11/05
erreportajea
Ainhoa Irazu
Udazken bete-betean gaude, eta Euskal Herriko trineo gidari onenak, musherrak, entrenatzen hasi dira. Lasterketa garrantzitsuenak azaro amaieratik apirila amaiera arte egiten baitira. 

Zakurrek bultzatutako trineoak herrialde hotzetan erabili izan dira urte luzez, gauzak garraiatzeko. Trineo horiekin egin ziren lehen bidaiak Hego eta Ipar Polora XIX. mendean, eta oso garrantzitsuak izan ziren Alaskan eta Kanadan “urrearen sukarraren” garaian.

Trineoena ondoren bihurtu da kirol, eta hain zuzen, mende hasierako gertaera bat gogoratzeko egin zen lehenengo lasterketa. 1925ean, Alaskako Nome hiria isolatuta geratu zen, eta difteria izurritea izan zen bertan. Trineoz garraiatutako botikak erabakiorrak izan ziren herritarrak salbatzeko. Gertaera horren omenez egin zen lehen lasterketa, Alaskan, 1973an: Iditarod. Gaur egun ere egiten da. Mushing esaten zaio kirol honi eta kirolariei, musherrak.

Puntako musherrak

Nahiz eta Euskal Herrian kirol ezezagun samarra izan, puntako musherrak ditugu: Iban Uriondo gasteiztarra, Itoitz Armendariz arrasatearra, Andoni Azpillaga azpeitiarra, Salvador Luque eta Francisco Alemano iruindarrak, Iñaki Bizkarbuenaga galdakoztarra, Daniel Lekuona bilbotarra….

Musher taldeak ere ez dira falta: Bizkaiko Euskarod, Arabako Hotza, Hernaniko Burunda, Iruñeko Soltxate

Mushing-a elur gainean edo lur gainean egin daiteke, eta Euskal Herrian batik bat lur gainean egiten da, zaila baita elur ibilbideak aurkitzea. “Lur gaineko mushing-a egoera onean dagoen edozein mendi bidetan egin daiteke. Horretarako trineoei gurpilak jartzen zaizkie. Atzerriko elur lasterketetan diharduten kirolariak ere lur gainean entrenatzen hasten dira”, dio Luis Miguel Acosta musher gasteiztarrak.

Modalitateak

Hainbat mushing modalitate daude. Lur gainekoak lau dira: cart, trizikloa, bikejoring  eta cani cross-a. Lehenengo hiru modalitateetan zakurrek cart-etik, triziklotik edo bizikletatik tira egiten dute. Laugarren modalitatean gidaria zakurrari lotuta doa, korrika. Elur gaineko mushing-ean hiru modalitate daude: trineo arrunta, pulka eta skijoring-a. Pulkan zakurrek trineo txiki batetik egiten dute tira eta gidaria eski gainean doa, trineoari lotuta. Skijoring-ean kirolaria eski gainean doa zakurrei lotuta.

Lur gaineko lasterketetak motzak dira —gehienera 10 km—. Elur gainean, bi motatako lasterketak daude: iraupen luzekoak eta abiadurakoak. Acostak dioenez,  “lasterketa luzeenek zenbait aste irauten dute, eta garrantzitsuena erritmoa mantentzea eta estrategia egokiak lantzea da”.

Edozein modalitatetan ezinbestekoa da zakurraren eta musherraren arteko harremana estua izatea: “Zakurrak txikitatik hezitzen ditugu, elkar ondo ulertzeko”, dio Acosta gasteiztarrak.   

Lasterketa garrantzitsuenak

Lasterketei dagokionez, Euskal Herrian elur gaineko lasterketa bakarra dugu: Erronkariko San Martingo harriaren inguruetan egiten dena. “Motza da, baina oso ederra”, dio Felipe Rodriguez musher bilbotarrak. Nolanahi ere, elur gaineko lasterketa garrantzitsuenak gure mugetatik kanpo egiten dira: Pirena —Pirineoak zeharkatzen dituen 500 kilometroko lasterketa—, Alaskako Iditarod —1.850 km—, La Grande Odyssee —1.000 km Alpeetan barrena—….

Lur gaineko mushing-ari dagokionez, Nafarroan eta Bizkaian egiten dira txapelketak. Lehendabizikoa, abenduaren 11n eta 12an egingo da Bardeetan, eta bigarrena, 2005eko martxoaren 19an eta 20an Galdakaon. Badira xarma askoko beste lasterketak ere: Bergarako Gorlako gainakoa eta Gasteizko San Prudentziokoa, esaterako.

Zakur begi urdin horiek



Trineotik tiraka, gehienera, 12 zakur joaten dira eta, gutxienera, sei. Garai batean husky arrazakoak—poloetako otsoen oinordekoak— izaten ziren. Dena dela, gaur egun asko “alaskano” deitutakoak dira, hau da, huskyen eta ehiza zakurren arteko nahasketa.

Oro har, musherrek hazi ohi dituzte zakurrak: “Ar eta eme onak erosi eta guk hazi eta ugaltzen ditugu”, dio Luis Miguel Acosta musher arabarrak. Zakur bakoitzak bere tokia du trineo aurrean. Musherrak erabakitzen du kokapena, zakurraren ezaugarrien arabera.

Gida-zakurra: erabakitze gaitasun handia du, eta hezte prozesuan, arreta berezia eskaintzen zaio.
Swing zakurrak: azkarrenak dira.
Team zakurrak: taldearen erritmoari eutsi behar diote.
Wheels zakurrak: indartsuenak, pisu handiak garraiatzeko gai.

Iker Orkoidi: “Elurretan lo egin behar izaten dugu"



Iker Ozkoidi 25 urteko iruindarra Euskal Herriko musher onenetakoa da. Pirena izeneko lasterketan parte hartu du hainbatetan, eta bigarren eta hirugarren iritsi izan da. Aurten Pirenan eta Norvegian egingo den Europako Txapelketan ariko da, besteak beste.

Noiz hasten zara entrenatzen?
Udazkenean, eguraldia freskatzen hasten delako eta zakurrentzat tenperatura ona egiten duelako. Hasieran lur gainean aritzen naiz; Irurtzunen, Lekunberrin... Ondoren Norvegiara edo Suediara joaten naiz, elur gainean jarduteko.

Gogorra al da Pirena lasterketa?
Zertxobait. Lasterketak 15 egun irauten ditu, eta etapa batzuk besteak baino gogorragoak dira. Askotan kanpoan lo egin behar izaten dugu. Horrelakoetan, elurretan zulo bat egin eta zakurren ondoan lo egiten dut.

Zer ematen dizu halako lasterketa batean parte hartzeak?
Asko gozatzen dut. Izan ere, Europako lasterketa garrantzitsuena da. Gutxitan izaten dugu horrelako ibilbideak egiteko aukera.

Arriskutsuak al dira horrelako lasterketak?
Arriskua hor dago, abentura kirola delako, baina nik ez dut sekula istripurik izan.