Eskerrik asko Ika Mizkan izan zineten guztiei!

Eskerrik asko Ika Mizkan izan zineten guztiei! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskerrik-asko-ika-mizkan-izan-zineten-guztiei/@@download/image/ika_mizka01_1386151120.jpg
2013/12/04
berria
Atzo, Euskararen Nazioarteko Egunean, Ika Mizka 2013 zirkuituaren hirugarren eta azken saioa egin genuen Mondragon Unibertsitatearen Bidasoaldeko Campusean. 100dik gora ikasle eta 17 aurpegi ezagun bildu ziren GAZTEZULOk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatutako egitasmoan. Eskerrik asko bertan izan zineten guztiei!


Goizeko 10:00ak aldera abiatu zen Ika Mizka ekitaldia Nerea Aliasen gidaritzapean. Fermin Muguruza musikaria, Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu eta Galder Izagirre, Donostia 2016 egitasmoko Asier Basurto, Zuloak taldeko Tania de Sousa, Esne Beltza taldeko bateria jolea den Iban Zugarramurdi, Ainhoa Urretabizkaia Gazteako esataria, Bad Sound System taldeko Iñaki Otxandorena Moro, ETB1 kateko 101 Gaztelu saioko Jonas Ormabera eta Ane Cazorla lehiakideak, Gari Garaialde eta Irantzu Pastor argazkilariak, Iraia Oiartzabal moda diseinatzailea, Aitziber Estanga eta Kristian Amorena Damba musika taldeko kideak, Eneko Axpe Maisha MC eta Endika Lahaine 121 Krew taldeko kideak eta Rufoh Euskal Herriko Beatbox txapelduna eseri ziren mahaien inguruan gazteekin batera solastera.

Haiekin batera aritu ziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Fernando San Martin Irungo Udaleko zinegotzia.

Baina aurreko saioetan bezalaxe, protagonista nagusiak ikasleak eurak izan ziren, eta primeran aritu ziren euskararen inguruan solasean. Bideo laburren bidez aurkeztu zitzaizkien gaiak hizpide hartuta, euskararen erabilerari buruz, egunerokoan dituzten zailtasunen inguruan, hizkuntzarekiko militantziaz eta beste hainbat gaiez hitz egin zuten, eta hausnarketak ez ezik, ondorioak eta konpromisoak ere jarri zituzten mahai gainean.

Aipatzekoa, baita ere, atzerritik etorritako ikaslez eta euskaldun berriez osaturiko mahaia; beren egoera pertsonalak azaltzeko eta konpartitzeko tartea izan zuten, eta gustura aritu ziren Fernando San Martin, Krisitan Amorena eta Rufohrekin batera.

Eta amaitzeko…
Bi txanda egin ostean, 12:40ak aldera, bukatu ziren zizka-mizkaz lagunduriko mahai-inguruak, eta 13:00ak bitarte GAZTEZULO IV. Bideo Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin genuen. Bertan izan ziren ikusleen saria, 2. saria eta sari nagusia eskuratu dituzten bideoen egileak, eta pozik jaso zituzten diru-sari nahiz opariak.

Azkenik, eguna amaitzeko, Maisha MC-k euskal rapari buruzko hitzaldi musikatua eskaini zien gazte eta ezagunei, eta Rufoh eta Mororen beatbox eta kantu saioarekin borobildu genuen eguna.