Esker anitz Bixente

Esker anitz Bixente https://www.gaztezulo.eus/albisteak/esker-anitz-bixente/@@download/image/19p14-1_1370345162.jpg
2002/05/03
erreportajea
Aritz
Esker anitz Bixente
Aitzindariena itzalpean egindako lana izan ohi da, gogorra, astuna eta onarpenik jasotzen ez duena. Bixente Iriart hil berria aitzindaria izan zen, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu.

Baina, nor zen Bixente Iriart? Gure buruari zertaz eta nola pentsatu behar dugun esanez egunez egun "hezitzen" gaituzten "masa komunikabide" horiek ez dute bere heriotzaren berri eman. Ez zen musikari ospetsua. Berdin dio Bixentek egindako lanari esker Euskal Herriak dituen muga musikalak apurtzeko bidean aurrerapauso handia eman edota bere musikarekin Euskal Herriko kultur altxorra izugarri aberastu izanak. Bost axola dio horrek. Ez zuen asko saldu, eta kitto.

Bixente emigratzailea zen. 1972an Donibane Garazin jaio eta oso gazte hasi zen baxua jotzen Anje Duhalde, Txakun, King Mafrundi... eta antzeko taldeekin. 90ko hamarkadan musika elektronikoa ezagutu eta "dub digitala" mugimenduarekin maitemindu zen. Barneko grina Euskal Herrian asetu ezinik, atzerrira, Parisera, ospa egin behar izan zuen.

"Parisen 1992an hasi zen musika elektronikoaren gorakada. Gaur egun musika honetan espezializatuta dauden areto asko topa daitezke, eta oso esperimentalak diren musikentzako merkatua ere badago, merkatu hori oraingoz txikia izan arren. Musikariok aukera gehiago ditugu Paris bezalako hiri batean: zigilu eta disketxe txiki ugari daude honelako musikekin lan egiteko prest, nahiz eta disko askorik salduko ez dutela jakin. Jendearen aldetik ere jarrera irekiagoa dago", adierazi zuen Bixentek.

Ezkutuko lanak

Parisen garatu zen "Basque Electronic Diaspora" egitasmoa eta helburua Euskal Herritik kanpora bizi eta musika elektronikoa egiten zuten euskaldunen musika ezagutaraztea izan zen. Bi bilduma kaleratu dira orain artean "B.E.D. #1" (Esan Ozenki, 1999) eta "B.E.D. #2" (Metak, 2001). Bixentek egin zituen koordinaketa lanak eta bertan entzun daitezkeen hainbat kantu berak konposatutakoak dira. Horrez gain, 1999an "Comedie Cruelle" filmaren soinu banda osatu zuen eta urte berean, bere bakarlari lana kaleratu zuen, "Soupcons" izenez (Counter Reset, Zabaltzen); Euskal Herrian dub, ambient, electronica, minimal techno, jazz eta antzeko erritmoak nahasten aitzindari izan zen. Eta guzti hori gutxi balitz bezala, disko jartzaile lanak egiten zituen, zuzenean berak sortutako reggae-dub baseak eta sanpleatutako ahotsak nahastuaz. Bixente martxoaren 8an hil zen Parisen.

Guzti honengatik eta, gutxi ezagutzen bagenuen ere, pertsona bezala zuen izaerarengatik, Bixente gogoan dugu.