Eskean Kristö taldeak irabazi du EH Sona lehiaketa

Eskean Kristö taldeak irabazi du EH Sona lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskean-kristo-taldeak-irabazi-du-eh-sona-lehiaketa/@@download/image/eskean_kristo_1380534270.jpg
2013/07/10
berria
Eskean Kristö taldeak irabazi du EH Sona lehiaketa
Arratiako bailarako Eskean Kristö talde euskaldunak irabazi du Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona musika lehiaketa. Eitb-ko gaztea lehiaketako finalistak izan zen eta entzuleen saria jaso zuen 70. hamakadako rock and roll influentzia nabariak bereizgarritzen duen taldeak.


2012ko edizioan izena eman zuten talde kopuruen bikoitzak eman du izena aurten Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona musika jaialdian. "Estilo aniztasuna izugarria izan da eta oso pozik gaude aurtengo EH SONAn helburuetariko bat hori delako: Euskal herrian egiten den musika aniztasunaren isla izatea", azpimarratu du Iñaki Lazkano kultur teknikariak. Aurkeztu diren lan guztien artean –guztira 23 talde–, azkenik, Eskean Kristö taldeak irabazi du azaroaren 23an Kataluniako hiriburuko Razzmatazz aretoan Gatiburekin batera jotzeko aukera.

Euskal Etxerik aktiboenetakoa du Bartzelonak, urtero, Zinemaldia, Literaldia, ikastaroak, kurtsoak eta beste hamaika kontu antolatzen baitituzte Kataluniara erbesteratutako ehunka euskaldun eta gure kulturarekiko interesa duten beste ehunka katalanentzat. Horietako bat da, hain zuzen, EH Sona musika jaialdia, dozena bat euskal talde hiriko kaleetan entzuteko aukera eskaintzen duena; iaz, esaterako, Lauroba, Jabier Muguruza, Lisabö, We Are Standard, Ruper Ordorika eta Mikel Urdangarin aritu ziren.

Aurten, berriz, Ubeda anaien Bide Ertzean taldeak estreinatuko du jaialdia urriaren 25ean Passeig del Bornen egingo duen doako emanaldian eta abenduaren 5era bitarte hamaika hitzordu interesgarri izango dira Bartzelonan. Besteen artean, Anai Arrebak, Bad Sound System, Sexty Sexers, Igelaren Banda, Izaki Gardenak, Moby Dick, Gatibu, Su Ta Gar eta Berri Txarrak igoko dira Ba¡artzelonako aretoetako agertokietara.

Kontzertu guztiak Euskal Etxean bertan, Rocksound, CAT, Razzmatazz, Harlem Jazz Club eta Apolo aretoetan egingo dituzte. Azken hitzordua, berriz, abenduaren 5ean izango da eta aurten Kepa Junkera eta Josep Maria Ribelles katalanaren emanaldiak itxiko du jaialdia.

Egitaraua:


Urriak 25, ostirala: Bide Ertzean
Urriak 26, larunbata: Taberna Ibiltaria + Anai Arrebak eta Gose
Urriak 31, osteguna: Izaki Gardenak
Azaroak 1, ostirala: Sexty Sexers + Kokein
Azaroak 2, larunbata: Korrontzi
Azaroak 6, asteazkena: Bad Sound System
Azaroak 8, ostirala: Berri Txarra + Herri ihua + Illinoise
Azaroak 9, larunbata: Skasti
Azaroak 14, osteguna: Igelaren Banda
Azaroak 15, ostirala: Damba
Azaroak 16, larunbata: Biodiskogragiak
Azaroak 22, ostirala: Moby Dick
Azaroak 23, larubata: Gatibu + etxean Kristö
Azaroak 29, ostirala: Ahots talka
Azaroak 30, larunbata: Su Ta Gar
Abenduak 5, osteguna: Kepa Junkera + Josep Mª Ribelles