Eskatu pizza bat eta bidean txakur bat adoptatu

Betidanik arazo nabarmena izan den arren, pandemiaren eraginez inoiz baino txakur gehiago abandonatzen dituzte Budapest hirian. Egoera larria denez, EVÁR animalien zaintzaz arduratzen den larrialdi unitateak adopzio kanpaina indartsu eta bitxia jarri du martxan. Hala, adopziorako prest dauden txakurren inguruko informazioa banatzen hasi dira hirian saltzen diren pizza bakoitzarekin.
Ekimenak arrakasta handia izan du, eta laster, katuen inguruko informazioa banatzen hasiko dira txakurrenarekin batera. Baina, nola funtzionatzen du sistemak? Pizza banatzaileei esker, adopziorako prest dauden animalien inguruko informazioa eskatutako pizza kaxan banatzen da, QR kode baten bitartez; hala pizza hori eskatu duten erabiltzaileek txakurraren argazki bat topatuko dute janari kaxaren gainean; behin QR kodea irakurrita, txakur horren istorioa eta adopziorako eman beharrezko pausoak ezagutuko dituzte.
Hain zuzen, hiriko pizzeria nagusiek bat egin dute ekimenarekin, horien artean Pizza King etxea; WebGarden Ltd. enpresarekin batera, doan diseinatu eta ekoiztu dituzte txakurren argazkia duten pegatinak, ondoren pizza kaxetan pegatzeko; gainera, ekimenaren inguruko publizitatea ere doan diseinatu dute.
Pandemiarekin adopzioak jaitsi diren heinean, Budapesten izugarri igo da pizza banatzaileen jarduna; horregatik, ekimenak ehunka animaliarentzat familia berri bat topatzeko bide bikaina bilakatu da; soilik aurreko paragrafoan aipatutako pizzeriak egunean 2.500 pizza banatzen ditu, beraz, atera kontuak! Jarraian, Budapesten adopzioaren zain dauden txakurren zerrenda.