Errumaniarrak Andaluzian

Errumaniarrak Andaluzian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/errumaniarrak-andaluzian/@@download/image/joanes.jpg
2008/01/04
erreportajea
Joanes Etxebarria
Errumaniarrak Andaluzian


GAZTEZULOn idazteko txanda dudan honetan Andaluzian naizenez, biak lotu beharko ditut. Egun on, beraz, Andaluziatik. Batzuen amorrua eraginen badut ere, lehen erranaldiarekin, eguzkia eta itsaso urdina ekarriko baitizkiet gogora bulego ilun eta hotz batean sartu behar dutenei, ez pentsa dena eder eta urdin ikusten dudanik. Hilabete apenas pasatu ondoan, etorkinen txalupak lurreratzen, eta beraien inguruko merkatua dut gehien ikusi. Bereziki, itsasotik iristen ez direnen ingurukoa.

Lehen egunean, egunkaria ireki, eta errumaniarren arazoa lau bat artikulutan aipatzen zen. Arazoa. Bai, arazo diplomatiko bihurtua estatu espainiarraren eta errumaniarraren artean. Italiatik kanpo bidaliak, errumaniar asko eta asko estatu espainiarrera iritsi dira erbestean bezala. Eta prentsa eskuindarrak inbasioa salatzen du. Egia baita, eta ez dut prentsatik soilik jakin, errumaniar batzuek bizia aitzina eramateko ebasketa eta beste delitu batzuk hautatuak dituztela. Funtsean, hainbat euskaldunek, hainbat frantsesek eta ingelesek bezala.

Pobrezian, edo, hobeki erran, miserian bizi denaren, eta are gehiago klandestinitatean bizi denaren hauturik bistakoena baita maleruski.

Eta haien miseria bistakoa ez balitz, ikusi bestela egunkariaren azken orrian agertu den albistea: “Bost familia errumaniarrek okupatzen zuten etxea erre dute ezezagun batzuek”. Artikuluan sarturik, jakin ahal izan zen etxea zaharra baino gehiago, duinki bizitzeko zer ez zela.

Ebasketak, nornahik eginak direnean, salagarriak dira, baina jatorri bateko jende talde bat kondenatzen denean, hemen gertatzen den bezala… eskuin muturra besterik ez da defenditzen. Zein egunkarik galdetu dio errumaniar bati zein duen xedea? Norbaitek galdetu ote die lanik bilatzen duten? Ez nakike erraten, baina badakit batzuek lan egiten dutela. Naizen herrian, Alpujarra eskualdean, olibondoetan badute lana. Eta erran didatenaz, 20 euro ordaintzen diete eguna. Eta lan eguna gogor bezain luzea da. Orain, bukatzeko, azken galdera bat: zein egunkarik salatzen du delikuentzia hori?