Erronka potoloa Arrieta eta Txinguk Mendi Biluzian

Erronka potoloa Arrieta eta Txinguk Mendi Biluzian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erronka-potoloa-arrieta-eta-txinguk-mendi-biluzian/@@download/image/20116214050nanga_parbat_1.jpg
2012/12/13
berria
8.125 metro ditu Nanga Parbatek. Oinarri oinarritik izotza eta harria besterik ez dituen erraldoi honi Mendi biluztua deitzen diote. 'Mazeno' ertzaren zeharkaldia burutu nahi bi mendizaleek dute gailurra egin aurretik. 7.000ko zazpi gailur lotzen dituen hamahiru kilometrotako harresitzarra da bide hau. Egundaino inork ez du lortu. 

Makina bat borrokatan zaildutakoak dira Txingu Arrieta eta Alberto Zerain. Biek ala biek makina bat zortzimilako igo izan dituzte bere aldetik. Elkarrekin ere egin izan dute espedizio bat baino gehiago, eta badakite zer den gailurrera iritsi ezinak uzten duen zapore mingotsa ere; joan den urtean Everestera egin zuten espedizioan esaterako halaxe gertatu zitzaien.

Puntako alpinistei gertatu ohi zaien bezala, beti dute hurrengoa buruan. Eta Everestetik bueltatu zirenetik proiektu berri batean aritu dira lanean. Joan den igandean abiatu ziren Nanga Parbatera.

Puntako alpinistei gertatu ohi zaien bezala, ez dute aukeratu nahi izan aurrekoak baina erraztasun gehiago emango dizkien helburu bat. Beraz, ez dira Mendi biluzia behin igotzearekin konformatuko.  Hasteko, altuerara girotzeko ohiko bidetik, Kinshofer deritzonetik, egin nahi dute gailurra bi mendizaleek. Eta gero Mazenoko zeharkaldia osatu ostean egin nahi dute bigarrengoz. Aipatu bezala 6.000 metroetatik inoiz jaisten ez den harresi natural honek hamahiru kilometro ditu eta gaurdaino inork ezin izan du osatu. Doug Scott, Erhard Loretan, Voytek Kurtyka… izen handiko hainbat mendizalek eman behar izan du amore zerra moduko erraldoi honen aurrean.

Himalayan gainditzear dagoen erronkarik potoloenetariko bati heldu nahi diote bada bi alpinista euskaldunek. Estilo alpinoan egingo dutela eman dute aditzera gainera: ez oxigenorik, ez sherparik, ez soka finkorik, eta ezta prestaturiko kanpalekurik.

Espedizioaren egunerokoaren berri emango dutela esan dute. Gu behintzat adi izango gaituzte.