Erriberriko Antzerki Jaialdiak antzerki, musika, dantza edo zirkoz osatutako ikuskizunak izango ditu

Erriberriko Antzerki Jaialdiak antzerki, musika, dantza edo zirkoz osatutako ikuskizunak izango ditu Nafarroako bederatzi konpainiaren lanak eta emakumeek egindako hamaika ikuskizun izango dira jaialdian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erriberriko-antzerki-jaialdiak-antzerki-musika-dantza-edo-zirkoz-osatutako-ikuskizunak-izango-ditu/@@download/image/el-festival-de-teatro-de-olite-estrena-direccion-artistica-con-una-programacion-paritaria-con-38-funciones-donde-conviven-la-musica-la-danza-o-el-circo-51.jpg
2022/05/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Nafarroako bederatzi konpainiaren lanak eta emakumeek egindako hamaika ikuskizun izango dira jaialdian.
Erriberriko Antzerki Jaialdiak antzerki, musika, dantza edo zirkoz osatutako ikuskizunak izango ditu

Erriberriko hogeita hirugarren Antzerki Jaialdia uztailaren 15etik 31ra bitartean izango da, Ane Pikaza eta Maria Goiricelayaren zuzendaritzapean. Diziplina anitzeko egitaraua prestatu dute, musika, dantza eta zirkua uztartuz, antzerkiaz gain. Artista gazteak, beteranoak eta Nafarroako konpainia ugari elkartuko dira jaialdian. 36 emanaldi eta 22 ikuskizun programatu antolatu dituzte; horietatik 11 emakumeek sortu, idatzi edo zuzenduak izango dira, eta bederatzi Nafarroako konpainienak. 

Egitarauaren barruan izango da Sandra Ferrusek idatzi eta zuzendutako La panadera, eta baita Agurtzane Intxaurragak zuzendutako La Tarara lana ere, Ferrus bera aktore duena. Hain zuzen ere, eurak izango dira prentsarekin egingo diren topaketetako protagonistetako bi.

Honako ikuskizun hauek ere izango dira, besteak beste: Nafarroako Cardo Producciones konpainiaren La casa cuartel de Bernarda Alba; Fernando Bernuesek zuzendutako El rey tuerto; Boliviako Teatro de Los Andes konpainiaren En un sol amarillo; Teatro en Vilo taldearen Hoy puede ser mi gran noche; Nafarroako Unibertsitate Museoaren La vida vivida y por vivir; Aitana Sánchez-Gijón, Marta Poveda eta Bruno Tambascio protagonista dituen Malvivir; familian gozatzeko Malaspulgas konpainia nafarraren Ilargiaren atzean; Lear! antzezlan inklusiboaEstefania de Paz Asin artista nafarrak Remigia Etxarren Argako erreginari buruz egindako La Reina del Arga; eta Mexiko eta Nafarroako La melancolía del turista, objektu dokumentalen antzerki-proposamena. 

Jaialdiak hainbat gune izango ditu: Erriberriko Ronda del Castillo (La Nevera) eta Tafallako Kondearen Parkea (La Cavari gehituko zaiona), Erriberriko Jauregia, Turismo Bulegoa-Ardoaren Museoa, Erriberriko Kultura Etxea, Carlos III.a Nafarroakoaren plaza, Ezpeleta Jauregia, Beireko Kultura Etxea eta Tafalla Kulturgunea. 

Berrikuntzen artean izango da Erriberri esperientzia deiturikoa, jaialdia beste espazio batzuetara zabalduko duena. Katanga Dub nafarrek, Mariposa negra musika-ikuskizuna eskainiko dute Erriberriko Santa Maria elizpean, cumbia, bullerengue, funk, musika elektronikoa, dantza, narrazio eta performance nahastuz. Bestetik, Quijotes y Sanchos lanarekin, walkman batekin ibilbide audiogidatua egingo dute Erriberriko kaleetan, eta Mañana izeneko ikuskizunean, berriz, 2021eko Zirkuko Sari Nazionala jaso zuen Manolo Alcantara artista katalanak arku erraldoia eraikiko du kutxa astunez, ahalik eta indarrik gutxien erabiliz eta teknologia prekario eta zaharrarekin. 

Egonaldiak eta antzerkigintzako lantegia
Nafarroako La Caja Flotante eta Boga Boga konpainiak aukeratu dituzte aurtengo bi lan-egoitzak garatzeko. Egonaldi horiek jaialdiak irauten duen epean egingo dituzte. La Caja Flotantek Erriberrin lan egingo du, Callados peces que habitáis en el agua proiektuarekin, eta bi erakustaldi egingo ditu: uztailaren 28an, 19:00etan, Tafallan; eta uztailaren 29an, 20:00etan, Erriberrin. Boga Boga konpainia, berriz, Beiren arituko da Llueven vacas obrarekin. Euren lana uztailaren 28an erakutsiko dute, 19:00etan, Erriberrin, eta uztailaren 30ean, 19:00etan, Beiren.

Bestalde, Paco Gamez antzerkigile, aktore, zuzendari eta irakasleak antzerkigintzako lantegia emango du, Un escenario dentro de la cabeza. Laboratorio de escritura teatral izenburupean. Astebetean antzezlan bat idaztea proposatuko die Gamezek bertaratutakoei. Antzerki-idazketaren sortze-prozesuaren faseak landuko dira, abiapuntutik hasi eta pieza erakusteraino, "askatasunetik eta autoepaiketarik gabe, blokeo geldiarazleak saihesten saiatuz". 

Lantegia uztailaren 18, 19, 20, 21 eta 22an egingo da, 11:00etatik 14:00etara, Erriberriko Kultura Etxean. Antzezle profesionalei, zuzendariei eta antzerkigileei zuzendua da, eta lantegietan gehienez ere 15 lagunek har dezakete parte. Matrikularen prezioa 40 eurokoa da, eta izen-ematea programasydifusion@navarra.es helbide elektronikora idatzita egin behar da.