Erriberan ere euskaraz

Erriberan ere euskaraz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erriberan-ere-euskaraz/@@download/image/23p22-1_1369743992.jpg
2002/10/04
erreportajea
Xabier Carrillo
Erriberan ere euskaraz
Ez da erraza Nafarroako Erriberan euskalduna izatea eta euskaraz bizi nahi izatea. Urriaren 20an Tuteran Nafarroa Oinez egingo denez, bertako euskaldunekin mintzatu gara.

Lizarrako eta Zangozako ikastoletan urte anitz igaro ondoren, lehen urtea du Tuteran Argia ikastolako zuzendari donostiarrak. Jaso duen lehen irudipena ez da txarra izan: "Espero baina euskaldun gehiago dira inguru honetan, Cintruenigon, Ablitasen, Tuteran, Corellan, Cortesen… Kanpotik etorrita bertan urte mordoxka daramaten euskaldunak eta baita Erriberako euskaldunberriak ere".  

Txusmaren ezustekoa franko errepikatzen da Tuterara lehen aldikoz hurbildutakoen artean: uste baino euskara gehiago aditzen dute… edo espero ez zuten arbuioa somatzen dute. Izan ere, erdeinuari aurre egitea da Tuterako euskaltzaleen eguneroko borroka nagusia. Hala esan digute, bederen, Argia ikastolan DBHko azken ikasturtean ari diren 16 urteko gazteek: "Lagun batzuei ez zaie axola gu ikastolara etortzea, baina beste batzuek gaizki begiratzen digute: kalean gabiltzanean, adibidez, Espainiako ereserkia kantatzen edo 'Franco!, Franco!' oihuka hasten zaizkigu, gu izorratzeko". Gazte hauek diotenez, euskaraz ikastearen aldeko hitzak entzun baino kontrako presioa jasaten dute.

"
Hemen euskaraz"
Tere Rosano Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko atezaina da. Leku publikoa izaki, lan hau eskuratu zuenean euskara jakitea baloratzen zen: "Alemaniera edo frantsesa baino puntu bat gehiago". Gaur egun ez, Miguel Sanz Corellako semeak ezarritako dekretuaren ondotik, euskarak hutsaren hurrengoa balio baitu Nafarroako zonalde ez-euskalduneko administrazioan. Terek, ordea, ez du etsi eta "hemen euskaraz" dioen kartela du bulegoan.   

Hizkuntza Eskola Ofizialak aspalditik ematen du Tuteran euskara ikasteko aukera. EGA azterketa Iruñean egin baino bertan 5. Maila ateratzeko ohitura dago Erriberako hiriburuan. Lan honetan AEKk biziki laguntzen dio zentro honi. 35 ikasle izan zituen iaz AEKk. Alizia da Tuterako euskaltegiko arduraduna, duela hamaika urtetik bizi da herri honetan eta azken urteotan matrikulazioek behera egin dutela dio, Euskal Herriko gainerako tokietan antzera. Lanerako behar ez izateak ez dio euskarari batere mesede egiten. "Lehen lanerako behar zuenak orain ez du ikasten eta hemen euskara maite duen jende askorik ez da bestela", dio Aliziak. 

Euskaltegitik edo ikastolatik aterata, Tuteran ez da euskaraz mintzatzeko aukera askorik. Hiriak 30.000 biztanle ditu, ordea, eta handiegi ez izate horrek euskaldunek elkar ezagutzea errazten du. Gazteenek euskaraz egin nahi badute, badakite nora jo. Gauza bera erantzuten dute guztiek: "Herriko Tabernara". 

Ainhoa eta Lorea lanean aritzen dira Herriko Tabernan. Ikastolako ikasle ohiak dira biak. Bezeroen artean ikastolan aritutako ikaskide anitz, euskaldunberriak eta kanpotik Tuterara bizitzera etorritakoak daude. Gustura sentitzeko paradisua da bertako euskaldunentzat: inork ez dizu ukatuko, tuterarra izanda ere, zure euskalduntasuna. Hala ere, Ainhoak dioen bezala, "hemendik kanpora euskaldunekin ere erdaraz egiten dut askotan. Errazago egiten zait, edo konzientzia maila handiagoa beharko nuke. Ez dakit". Zoritxarrez, Lekeitioko edo Leitzako euskaldunak eta Tuterakoak hain ezberdinak ez direla seinale izan liteke honakoa.

Araba conection



Arabako Errioxak eta Nafarroako Erriberak badituzte parekotasunak, baina baita ezberdintasunak ere. Juancar Bermejo laudiotarra da, Tuterako ikastolako irakaslea eta aurtengo Nafarroa Oinezeko Batzorde Iraunkorreko kidea. Egunotan Asier Otamendirekin elkartu da hartu-emana izateko. Izan ere, Oiongo Araba Euskaraz antolatzea egokitu zaio Asierri eta beraz, Juancar aholku eske joan zaio.

Oion eta Tutera Euskal Herri hegoaldean daude, euskara aspaldi galdutako lurraldean, alegia; Logroño ondoan dago Oion, eta Zaragoza, Errioxa eta Soria aldamenean, Tutera. Erriberako hiriburuan urriaren 20an ospatuko da Nafarroa Oinez. Tuterako haurren %5 eta eskualdeko haurren %3 hartzen du Argia ikastolak. Oionen, aldiz, bi ikastetxe daude, A ereduko eskola eta ikastola, eta herriko haurren artean, erdia batera joaten da eta beste erdia bestera. Bi herrien arteko ezberdintasuna, honetan, begibistakoa da.

“Tutralat xoatea”, erronkariarren eta zaraitzuarren irtenbidea



Tuterari ikuspegi historiko batetik erreparatuz gero, mintzaira anitzez solastu behar da. Izan ere, gaztelaniaz gain, hebraiera, erromantzea, euskara eta arabiera ere hitz egin dira bazterrotan. Egun gaztelania ia hegemonikoa da.

SEI erakundeak iaz karrika neurketa egin zuen Tuteraldean. Aurreko neurketek ziotenarekin alderatuta, nabarmen aitzinatu da euskararen erabileran: 1993an %2,2koa bazen eta 1997an %2,4koa, lau urtetan %3,1eraino goititu da. Datua, Nafarroako beste batzuekin alderatuta, hagitz baikorra da. Izan ere, Nafarroako ipar mendebaldean eta, bereziki, Pirinioaldean karrika erabilerak atzera egin du (%9,8tik %5,3ra Pirinioan).

Garai batean, XVII. mendera arte, Aezkoako eta gehienbat Zaraitzuko eta Erronkariko herritar askok Erribera aldera jotzeko ohitura handia zuten. Ohikoa zen bertako neska-mutil gazteei "Riblalat" edo "Tutralat" ("Erriberarat" eta "Tuterarat") zihoazela entzutea. Bertara jotzen zuten lan eta mantenu eske: franko artaldeekin joaten ziren Bardeetara eta beste zenbaitek haien herrietan hain eskas ziren ogibide berriak zain zituzten Tuteran. Haiekin, noski, ama hizkuntza euskara zeramaten. Hortaz, oso ohikoa zen Tuteran euskara entzutea. XVII. mendean hasi zen euskararen doinua Tuteran itzaltzen.

Lorea Iruñera euskaraz ikasten jarraitzeko



Lorea Argia ikastolako lehen promozioko ikaslea da. Zortzigarren mailako ikasle bakarra zen 1995an. Gurasoek aukera eman zioten eta institutuan gaztelaniaz ikasi baino, nahiago izan zuen Iruñera joan euskaraz ikasten jarraitzeko. Hamalau urte zituen garai hartan. "Zaila egin zitzaidan Iruñean lagun berriak egitea. Hasieran ez nintzen ia etxetik ateratzen". Gero bai, gehiegi: "Orain damu zait ikasketak gehiago ez aprobetxatu izana. Nire euskara maila hobetzen ahal nuen eta ikasle txarra izateagatik, Tuterara etorri behar izan nuen ikasketak institutuan bukatzera".

Goierri badago, zergatik ez beterri?



Euskal Herriko ipar partean Goierri badago, Erriberan, Herri Beheran, zergatik ez Beterri? Horixe galdetu zion bere buruari Tuterako peña euskaltzaleko sortzaile batek. Hala sortu zen Beterri Peña, euskara eta euskal kultura sustatzeko eta jendea biltzeko elkartea. Gaur egun Tuterako peña garrantzitsuenetakoa da. Inauteriak berreskuratu ditu eta Olentzeroa antolatzen du. Tuterako bestetan patioa zabaltzen du, eta kontzertuetarako oholtza eta barra ere baditu.

Argia noiz ikusiko zain



Egoera alegaletik nola irten? Galdera horri erantzun nahi dio Tuterako Argia ikastolak. Ez baita erraza ikastolaren egoera “kafkarra” azaltzea: ez da legez kanpokoa, baina legeztuta ere ez dago. Hori bai, alegala izateak alde txar nabarmenak ditu: Argia-ri, adibidez, ez diote dirulaguntzarik ematen.

Fontellasen kokatua, Tutera ondoan, ikastola txiki gelditu da Espainiako LOGSE legeak eskatutako baldintza guztiak betetzeko (azpiegiturekin lotutakoak, gehienbat). Duela zortzi urte, aurreko Nafarroa Oinez ospatu aitzin, Argia Tutera erdi-erdian zegoen, behitegi zahar batean. Toki ezinhobea zen. Udalean UPN sartu berria zen, aldiz, eta ez zien ikastola bertan handitzeko eta azpiegiturak egokitzeko baimenik eman. Lurrak inon ezin topatu ibili eta gero, Nafarroa Oinezekin irabazitako sosak Fontellasen inbertitzea pentsatu zuten. Egun, egoitza ordaintzen darraite, baina berriro zabaldu beharra gailendu zaie. “LOGSE legea beteko bagenu, gure egoera legeztatzea lortuko genuke. Guk hala nahi dugu, baina beste eskola batzuek bezala, laguntzak behar ditugu horretarako”, dio Argiako zuzendari Txusmak. Ikastola alegala denez, ordea, Nafarroako Gobernuak ez du laguntzarik ematen; dirulaguntzarik gabe zaila da ikastola legeztatzeko baldintzak betetzea, eta legeztatu gabe ez dago dirulaguntzarik… Hau marka!