Erretirorik ez heroi zaharrentzat

Erretirorik ez heroi zaharrentzat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erretirorik-ez-heroi-zaharrentzat/@@download/image/85p66Indi.jpg
2008/05/02
erreportajea
Testua: Gontzal Agote
Maiatzaren 22an estreinatuko da Indiana Jones and the kingdom of the crystal skull, 80ko hamarkadako heroi handiaren abentura berria. Irrikitan gaude ikusteko, ia aurreko hiru pelikuletan bezala, ikuskizuna, negozioa eta zinema onaren arteko orekari eusteko gai ote diren.  

70eko hamarkadaren amaieran, George Lucas eta Steven Spielberg Hollywoodeko errege berriak ziren. Star wars eta Jaws filmeek lortutako arrakasta itzelak ahalguztindun bihurtu zituen bi zuzendari lagun-minak. Bakoitzak bere proiektuak zituen, baina bien elkarlanaren ondorioz pertsonaia mitiko bat jaioko zen: Indiana Jones.

Lucasek eta Spielbergek abenturazale klasiko bati buruzko pelikula bat egin nahi zuten. Biek 40 eta 50eko hamarkadetako abenturazko telesail klasikoak maite zituzten: Mashed Marvel, Secrete service in the darkest Africa… abentura eta pertsonaia horiek garai berrietara egokitzea zen asmoa. Hala ere, ez zen hori izan Indiana Jonesen eragin bakarra: esaterako, James Bonden ezaugarri batzuk, Errol Flynen alderdi bihurria, edo The treasure of Sierra Madre filmeko Bogarten itxura ere bere egiten zituen Indianak.

Spielbergek hartu zuen lehen filma zuzentzeko ardura, Lucas ekoizle lanetan utzita. Hasieran protagonistak Smith abizena zuen, baina azkenean, beste abizen arrunt bat aukeratu zuten berarentzako, Jones. Clark Kent-en kasuan bezala, Indyren barruan bi pertsona daude: batetik, irakasle lotsati eta despistatua, eta, bestetik, abenturazale nomada eta ausarta.

Ezaugarri horiek haragituko zituen aktore egokia aurkitzea izan zen hurrengo lana. Proba ugari egin ostean, behar zuten hura ondoan zutela ohartu ziren Lucas eta Spielberg: American Graffiti eta Star Wars-en aritutako Harrison Ford zen Indy perfektua. Kapela, jaka maiztua eta latigoarekin, XX. mendeko azken heroiari irribarre ironikoa oparitu zion Ford gazteak.

Lehen filma, Raiders of the lost ark, 1981ean estreinatu zen, eta arrakasta itzela izan zuen. Berehala imitazioak sortu ziren (besteak beste, Robert Zemeckisen Romancing the stone (Michael Douglasekin), baina ezin izan zioten Indiana Jonesi itzala egin. 1984an etorri zen bigarrena, Indiana Jones and the Temple of Doom, baina ez zen aurrekoaren mailara iritsi. Eta hamarkada amaieran, hirugarrena: Indiana Jones and the Last Crusade. Berriro ere, naziekin borrokan ikusi genuen Jones doktorea, Sean Conneryk, 007 agente ohiak, aitarena egiten zuela.  

Indiana Jones and the last crusade horren hasieran, Indiana Jones gazte bat agertzen zen. Hain zuzen, horixe izan zen Jones doktorearen hurrengo urratsa, guztiz gaztetu zuen George Lucasek The Young Indiana Jones Chronicles izeneko telebista-sailerako. Osotara, 32 atal izan ziren, ordu t´erdi ingurukoak, eta Sean Patrick Flaneryk egin zuen Jones gaztearena. Telesaila 1992an estreinatu zen, eta pelikulen oihartzuna lortu ez bazuen ere, kultuzkoa bihurtu da egun.

Eta, azkenik, itzuli da Indy. Urte hauetan gorabehera handiak izan ditu proiektuak, hainbat gidoilari ezagun (M. Night Shyamalan, Frank Daranbont…) izan dira Lucas eta Speilbergen aginduetara, baina bi hauek ez dira asetzen errazak. Azkenean, David Koeepek idatzi du istorio berria.

Harrison Fordek segitzen du Indiana Jones izaten, horretan ez dago aldaketarik. Hori bai, zahartu da eta motelago ibiliko da. Gaztetasunak Spielbergen seme kutun berriak jarriko du, Shia LaBeouf aktoreak. Zurrumurruak diotenez, Indyren seme sekretua da. Norekin izan zuen? Lehen pelikulatik berreskuratu duten Karen Allenekin. Eta dotorezia, Cate Blanchett xarmangarriaren eskutik etorriko da. Hemen dugu laugarrena. Denborak eta dolarrek heroi zaharrarenganako begirunea izan ote duten ikusteko momentua iritsi da.