Erresuma Batuko 79 urteko gizon aristokrata semea izateko emazte bila ari da: eskatzen dituen ezaugarriak
Erresuma Batuko Benjamin Slade aristokrata emakume gazte baten bila ari da, harekin ezkondu eta seme bat izan nahian. Ondorengoak bere ondasunak izango lituzke oinordetzan, tartean bi gaztelu eta 520 hektarea dituen lursaila.
Sladek badu ondorengorik, alaba bat baitu, baina haren ingurukoek azaldu dutenez, haren abizena belaunaldiz belaunaldi mantenduko duen eta ondasunen kargu egingo den seme bat nahi du. Ez du adoptatu nahi, bere geneen jarraipena baitu gogoan.
Modu askotara aritu da emazte bila, baita Tinderren ere. Hauxe da aristokratak eskaintzen duena: 57.000 euro inguruko soldata urtean, etxebizitza, autoa, oporrak eta bestelako pribilegioak.
Sladek ez du emakume heldurik nahi, ahal dela 30 eta 40 urte artekoa izatea gustatuko litzaioke. Itxurari eta haren ohiturei ere garrantzia ematen dio, tartean 1, 70 baino gehiago neurtzea, droga ez kontsumitzea eta alkohol asko ez edatea aipatu du. Ez du Eskoziako emakumerik nahi, eta ezta "i" letraz hasten diren eta bandera berdea duten herrialdetakorik ere. Aukeran, Europa iparraldekoak, estatubatuarrak, kanadarrak edo alemaniarrak nahiago lituzke. Komunistarik eta lesbianarik ez duela nahi ere nabarmendu du.

Emazteak baldintza hauek ere bete beharko lituzke: bi seme izatea harekin; gidatzeko eta armak erabiltzeko baimena, helikopteroa erabiltzeko baimena izanez gero hobe; Scorpius zeinukoa ez izatea; eta bere ondasunak kudeatzea.
Sladen bilaketak eta eskakizunak zalaparta sortu du sarean emakumearen inguruko trataeragatik, emakumeak objektuen edo umeak izateko makinen pare jotzen baititu. Beste batzuen ustetan, ezkontzak zenbait garai eta tokitan bete izan duten edo betetzen duten funtzio bera du jomugan, kontratu ekonomiko bat gauzatzea alegia.
