Erresistentziaren inguruan solasean arituko dira euskal sortzaileak Bilbon
Zenbat Gara elkarteak eta BIRA kulturguneak Oraina kontakizun jardunaldi-sorta antolatu dute berriro ere, eta aurtengoan erresistentzia hartuko dute gaitzat. Lau saio izango dira guztira, bihartik martxoaren 5era bitartean. Euskal sortzaileak binaka gonbidatuko dituzte, gaia ikuspuntu ezberdinetatik garatzeko.
"Bi adiera ditu erresistentzia hitzak. Batetik, oztopoa, traba, zailtasuna, mesfidantza, errezeloa… aski negatiboa. Bestetik, iraun, bizi, aurrera jarraitu, sortu… positiboa", azaldu dute. Nork bere talaiatik abiaturik, erresistentzia hitzaren bateko eta besteko adieretan sakonduko dute eta, ondoren, euren artean eta publikoarekin solas egiteko aukera izango dute moderatzailearen eskutik.
Lehen saioa bihar izango da, eta Yolanda Arrieta eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx izango dira gonbidatuak, Galder Perez moderatzailearekin batera. Biran izango da solasaldia, 19.30ean.

Hurrengo hitzorduak, berriz, honako hauek izango dira: otsailaren 6an, Anjel Lertxundi eta Danele Sarriugarte, Ana Galarraga moderatzaile dutela, Kafe Antzokian; otsailaren 20an, Anari eta Iñigo Astiz, Julen Azpitarteren gidaritzapean, Biran; eta martxoaren 5ean, Iñi Etxezarreta eta Aner Peritz Astiz, June Fernandez moderatzailearekin, Kafe Antzokian.
Saioa guztiak 19:30ean izango dira eta ikusle kopurua mugatua izango da, 90 lagunekoa. Hori dela eta, aldez aurretik eman beharko da izena orainakontakizun@gmail.com helbidera idatzita. Lau saioetarako matrikularen prezioa hogeita bost eurokoa izango da, langabetu eta ikasleentzat hogei. Sarrera eta aurreko jardunaldien liburuxka nahi bada, berriz, hogeita hamar euro.

