Erregina, kalamua

Erregina, kalamua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erregina-kalamua/@@download/image/33p34-1.jpg
2003/09/05
erreportajea
Kalamu haziak, landaketa egiteko tresnak, erretzeko papera, kalamuz eginiko arropa, pipak, liburuak… Belarra erregina dugu grow dendetan. Begira dezagun erakusleihoaren bestaldera.




Kalamu haziak
Haziak dira denda hauetako produkturik preziatuenak. Marka askotako haziak daude: Dutch Passion, Nebula, Kali Mist… Amsterdam-etik ekartzen dituzte eta merkeak ez diren arren, landarearen kalitatea ziurtatuta dago. Salneurriak? Dozena bat hazi, 10 eta 96 euro bitarte.



Xaboia eta xanpua
Kalamuz gauza asko egin daitezke: arropa, zapatak, gozokiak, edariak, tea… Eta, zergatik ez, gorputz garbitzaileak! Bai, diotenez, oso onak dira azalerako. Garai batean kalamu pomadak egiten ziren azaleko gaixotasunak sendatzeko. Xaboia: 2 euro. Xanpua: 6 euro.

Haxixa egiteko tresnak
Grow shop-etan, etxean bertan haxixa egiteko tresnak saltzen dituzte. Prozesua erraza da: iragazkidun kutxa batean sartu behar da kalamua, ahal dela izoztuta. Kutxa mugituz gero, lore-hautsa iragazkiaren bestaldean bilduko da. Ondoren, lore-hautsa herdoildu besterik ez dago. 30-300 euro.



Edariak eta jakiak

Cannabis Club elkarteak merkaturatzen ditu produktu hauek, eta gai organikoez egiten dira. Jakien artean, aipagarriak dira kalamuz eginiko patata frijituak! Edarien artean, zerbeza nahiko ezaguna da. Zerbeza botila: 2,4 euro.

Lurrungailuak
Erretzea gogoko ez dutenek belarra lurruntzeko tresna eros dezakete, landarearen THC-a arnasteko. Erretzen ez denez, osasuntsuagoa da. Minbizia edo beste gaixotasunen bat dutenek asko erabiltzen dute tresna hau, mina arintzen baitu kalamuak. 400 euro.

Pipak eta porruak biltzekoak
Makina bat pipa dago merkatuan: handiak, txikiak, beirazkoak, keramikazkoak, plastikozkoak… Eta, haien artean, bada tabakoaren nikotina eta mundruna garbitzen duenik ere, 12 eta 60 euro bitarteko prezioan. Bestalde, alferra bazara, "haizpurutxoak" edo porruak biltzeko tresna eros dezakezu, 6-12 eurotan.

Landaketarako kit-a
Kalamua norberaren kontsumorako izatea legezkoa denez, gero eta jende gehiagok landareak ditu etxean. Zer behar da landaketarako? Gauza gutxi: lurra, ura eta argia. Eta hori guztia, eta askoz ere gehiago eros daiteke grow dendetan: lanparak, ongarriak, hezetasuna eta tenperatura neurtzeko tresnak, ureztapen sistemak, zomorroen aurkakoak… Kit osoa 900 eurotan eros daiteke grow shop-etan.


Eusko grows elkartea



Grow dendak gero eta ohikoagoak dira gurean. Dendotan ez dute askoren erregai preziatua saltzen, "maritxua". Bai, ordea, etxean belarra ekoizteko beharrezkoa den guztia. Grow dendak legezkoak dira, baina merkataritza esparru horretako zenbait arlo arautzeke daude: ez dago bertan sal daitezkeen produktuen zerrendarik, ezta esparruko profesionalak zeintzuk diren zehazteko edo adin txikikoei salmenta mugatzeko araudirik ere. Lege aldetik dituzten arazoei irtenbidea emateko eta kalamuaren ezagutza zabaltzeko, Eusko Grows elkartea sortu zen duela urtebete. "Hutsune ugari daude eta guk erabat normalizatuta lan egin nahi dugu, gainerako dendek bezala", esan digu Alazne Hadouelhadj hendaiarrak eta elkarteko presidenteak. Dagoeneko, 26 denda daude elkartean, guztiak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak. Hala ere, Nafarrora eta Ipar Euskal Herrira jauzi egiteko asmoa dute Eusko Grows-ekoek. Izan ere, Nafarroan 20 grow shop inguru daude. Eta Ipar Euskal Herrian bakarra, Angelun: "Frantziako legea Espainiakoa baino zorrotzagoa da, eta horrelako dendak kontrolpean egoten dira", esan digu Alaznek. Hala ere, Hego Euskal Herrikoak ere kontuz ibili beharko dute, Espainiako gobernuko Barne ministro Angel Acebesek kalamu kontsumoaren apologia zigortu nahi baitu. Badator Torquemada!