Erregea eta Bufoia, ostegun honetan 7 Katu gaztetxean

Erregea eta Bufoia, ostegun honetan 7 Katu gaztetxean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erregea-eta-bufoia-ostegun-honetan-7-katu-gaztetxean/@@download/image/20122218775erregea_eta_bufoia.jpg
2012/12/13
berria
Bilboko Alde Zaharreko 7 Katu gaztetxean kultur eskaintza alternatiboen bila jarraitzen dute, eta ostegun honetarako euskarazko antzerki emanaldia antolatu dute Alde Zaharreko Euskal Herrian Euskaraz taldearekin batera. 20:30etan hasita, Erregea eta Bufoia emankizuna izango da gaztetxean.

Oraingo honetan Arkatiz Estiballes izango da bertsolaria, errege papera egingo duena, eta bufoia aldiz, Ander Lipus aktorea. Gaiak Unai Elizasuk jarriko dizkie, eta nor baino nor arituko dira taula gainean.

Hain zuzen, erregearen eta bufoiaren arteko lehian, hitzik apainenak, bertsorik jantzienak lortzen saiatuko dira. Horretarako, aktoreak pertsonaia ezberdinak baliatuko ditu bertsolariari aurre egiteko. Baina ez da lan erraza izaten, bertsolaria errege baita hitzekin jolasean, eta bufoiak, berriz, burla eta trufa eginez aurre hartu nahiko dio. Bien arteko jolasa, beraz, ikusgai ostegunean.

Arkaitz Estiballes



Galdakaoko bertsolari gaztea Euskal Filologian lizentziduna da, eta hezkuntzan diardu lanean, bertsolaritza sustatzen. 2009ko Ibilaldiaren abestiaren leloa sortu zuen. Besteak beste, 2010eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi du, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan ere hainbat alditan iritsi da azken laurdenetara.


Ander Lipus



Iñigo Ibarra Lizundia, ezizenez Ander Lipus, aktore markinarra Antzerkiola Imaginarioa antzerki mugimenduaren sortzaileetako bat da. Gainera, zinean, telebistan eta irratian ibili da, besteak beste, bai aktore bezala, eta baita gidoigile eta zuzendari moduan ere. 1999an Aktore Berri Hoberenaren Saria jaso zuen Euskal Aktoreen Elkartearen eskutik, eta 2005ean Donostia Saria, Yuri Sam obragatik.