'Erre-tratuak: haurtzaro aurkitua' erakusketa zabalduko dute gaur Donostian
Oskar Tejedorren ERRE-TRATUAK: haurtzaro aurkitua erakusketa hartuko du gaurtik aurrera Okendo Kultur Etxeak. Kontinente guztietako umeen erretratuen bidez, artistak denboran bidaiatzeko proposamena egin du, fokua protagonisten haurtzaroa markatu zuen une jakin batean jarrita. "Proiektu honek espektatibak gainditzen ditu eta gure sustraiek eta gure egungo nortasunaren eraketan bizitako esperientziek duten garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaitu", azaldu du Tejedorrek.
Akuarela, argazki, eskultura eta bestelakoekin osatu du erakusketa eta pertsonaia errealak zein fikziozkoak daude. QR kodea erabilita, pertsona horien bizitza-pasarteen eta une horien garrantziaren berri jaso ahal izango da.
Artistak "errugabetasunaren, irudimenaren eta alaitasunaren esentzia" atzematen du, "txikienen begiradak bakarrik transmiti dezakeena": "Erakusketa hau iraganari, haurtzaroaren errugabetasunari, askatasun puruari begirada bat da, eta horrek gure orainarekin duen harremanaz kontzientzia hartzera gonbidatzen du.”

Oskar Tejedorrek (Legazpi, 1968) ingeniari, zinegile eta artista plastiko lanak egin ditu. Zinemagintzan animaziozko filmetan ekoizle izan da eta dokumental ugariren eta bost film laburren egilea da.
Erakusketa irekiera eta bisita gidatua
Gaur zabalduko dute erakusketa, 18:30etik aurrera, eta zuzeneko musika emanaldia ere izango da Los Premodernos taldearekin. Bestetik, irailaren 19an, urriaren 5ean eta azaroaren 8an bisita gidatua egingo dute artistarekin berarekin. 18:30ean izango dira bisitak, gaztelaniaz.
Erakusketa azaroaren 15era arte bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan itxita egongo da.

