Erotismoaren ibilbidea

Erotismoaren ibilbidea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erotismoaren-ibilbidea/@@download/image/51p26-1_1366805258.jpg
2005/04/01
erreportajea
Erotismoaren ibilbidea
Sexua eta erotismoa garrantzi handiko osagaiak dira gure bizitzan, baina horrez gain, era guztietako artelan eta museoen oinarri ere badira. Sexuarekin eta erotismoarekin lotutako hamaika museo daude munduan. Artea eta laztanak, biak bat eginda topatuko dituzu ondorengo ibilbidean. Zatoz eta gozatu.

Museu de l¨Erotica
Bartzelonan dago (www.erotica-museum.com), eta hainbat kulturatako sexu ohituretan barrena bidaia egiteko aukera ematen du: indiarra, txinatarra, japoniarra… 800 artelan erotiko ikus daitezke Bartzelonako museo honetan, Antropologia, arkeologia, literatura eta arte plastikoekin loturikoak. Arte garaikidean arrakasta handia lortutako artisten obrak daude horien artean.
Madrilen ere badago Museo Erotico delakoa, baina Madrilgo museo horrek antz handia du Parisgo Musée de lérotisme-rekin. Alemaniara joanez gero, Hanburgora, Sant Paulin prostituzioaren auzoan Erotic Art Museum aurkituko dugu (www.eroticartmuseum.de). Artista ezagunen bilduma polita dago bertan: Pablo Picasso, Bill Murphy, Mathias Hansen eta David Russell dira egile horietako batzuk.

Islandiako faloteka

Reykjavik-en, Islandiako hiriburuko museoan, Islandiako ugaztun espezie gehienen faloak ikus daitezke: baleak, mortsak, fokak... Guztira, 36 espezien 100 bat zakil bildu dituzte, horien artean, desagertutako espezie batzuenak -Bizkaiko balea (balaena biscayensis)-. Reykjavik-ekoa tankera honetako museo bakarra da munduan, eta zakilez gain, erotismoarekin lotutako 100 artelan daude ikusgai. 

Museum of Erotica

Danimarkako hiriburuan dago, Kopenhagen (www.museum-erotica.dk), eta bertako eskaintza bitxia bezain aparta da. Esaterako, Hans Christian Andersen, Cristina Onassis, Marilyn Monroe, eta beste hainbat pertsonaia ospetsuren bizitza erotikoaren berri ematen du. Horrez gain, beste hainbat konturen berri ere ematen zaigu: Konpenhageko XVIII. mendeko prostituzioa, literatura eta zinema erotikoa, pornografia… Danimarka izan zen pornografia legeztatu zuen lehen herrialdea, 1968an.

Sex Machine Museum

Pragako museo honetan, plazerra lortzearren asmatutako tramankulu eta tresnak ikus daitezke. Izan ere, sexuzale irudimentsu asko mekanikaz baliatu izan dira urte luzez, eta makina bat gailu asmatu dituzte: masajeak emateko tresnak, zona erogenoak kitzikatzeko bibragailuak, masturbaziorako gailuak, jarrera berezietan txortan aritzeko aulkiak, ziber-makinak… Horiez gain, bestelakorik ere bada Pragako museoan: esaterako, kondoi bitxien eta barruko arroparen bilduma ikus daiteke bertan (www.sexmachinesmuseum.com).

Berlingo gay museoa

Museo honetan, naziek kontzentrazio eremuetara eramandako homosexualei buruzko informazioa aurkituko duzue. Homosexual haien senideek utzitako objektu asko ikus daitezke: idatziak, argazkiak eta abar (www.schwulesmuseum.de).

Bestalde, sexuarekin lotutako beste museo bat dago Berlinen: museoak Beathe Uhse izena du (www.eroticprints.org/specialberlin.asp), Alemanian antisorgailuak merkaturatzen hasitako lehen emakumearen omenez. Beathe Uhse munduko museo erotiko handiena omen da, eta 5.000 artelan inguru ditu.

New Yor-eko Mosex

Daniel Gluck enpresariak duela hiru urte zabaldu zuen. Gluckek hitzok erabili zituen museoaren berri emateko: "Momak –Museum of Moderm Art- aspertzen bazaitu, agian Mosex bisitatzeko garaia heldu zaizu". Museoa New York-eko bosgarren etorbide ospetsuan dago, garai batean prostituzio-etxea izandako eraikin batean. Museo erraldoia da: erakustaretoak, antzokia, bideo aretoa, liburutegia, dendak, jatetxea… Bestalde, bilduma oparoa dago bertan: Indiako miniaturak, Amerikako indioen pieza arkeologiak, artista garaikideen argazkiak eta eskulturak… Horrez gain, XIX. mendeko prostituzio etxeetatik hasi eta etorkizuneko ziber sexura arte, bidaia egin dezakegu Mosex museoan (www.museumofsex.com).

Baita museo birtualak ere



Museo birtualak ere badira, Antique Vibrator Museum delakoa (www.goodvibes.com), eta Stockholm-eko museo erotikoa, adibidez.
Museo birtuala izan arren, Antique Vibrator Museumek egoitzak ditu San Franciscon eta Berkeleyn; izan ere, sexuarekin lotutako produktuak ere saltzen dituzte. Joani Blank-en ekimenez ireki zen museoa. XIX. mende amaieratik 70eko hamarkadara arte egindako bibragailuak bildu ditu Blankek, eta horiek guztiak ikusgai jarri ditu.
Bistan denez, oso museo interesgarria da bibragailuen bilakaera ezagutu nahi duen edozeinentzat: pilekin dabiltzan bibragailuak, argindarrez dabiltzanak, hippyen garaikoak... denetarik dute.
Bestalde, argazki eta marrazki bilduma ederra ikus daiteke Stockholm-eko museo erotikoan.

Amsterdam: Bekatuaren hiriburu


Amsterdam "bekatuaren hiriburu" izenaz bataiatu zuen norbaitek, baina beste batzuen ustez, Europako hiriburu kosmopolitena da. Definizioa bat ala beste izan, bisitariak hainbat tokitan debekatutako gauzetara hurbil daitezke Amsterdamen. Hori ukaezina da.Amsterdamen iragana itsasoarekin lotuta dago. Garai batean pirata ugari heldu ziren bertara, eta piratak egon ohi diren lekuan, bekatua, plazerra eta bizigarriak ez dira faltan izaten. Amsterdamek 750.000 bat biztanle ditu, eta populazioaren %25ak Maroko, Turkia edo Antilla Holandarretan du jatorria.Amsterdam "askatasunaren hiria" omen da: sexu askatasuna, droga askatasuna… Urte luzez homosexualen paradisua izan da, eta horren lekuko, 1987an Auzo Gorriko plaza nagusian homosexualitatearen omenez jarritako monumentua. Halaber, auzo horretan daude prostituten erakusleiho ospetsuak, eta era guztietako tramankuluak saltzen dituzten sex shop-ak. Prostituzioa legez araututako jarduera da Amsterdamen. Drogei dagokienez, kalamua eta haxixaren kontsumoa erabat onartuta dago. Gainera, horiek erosteko eta alkohola edateko, coffee shop ugari daude.

Museo erakargarri asko
Horrelako hiri batean, ez da batere harritzekoa sexuarekin lotutako museoak egotea. Bi daude: Sex Museum eta Erotish Museum.Bietan, sexuarekin eta erotismoarekin lotutako makina bat gauza ikus daitezke: marrazki erotikodun liburu eta eskuizkribuak, komiki pornografiko zaharrak, kastitate gerrikoak, sadomasokismoan aritzeko tresnak… Sex Museoko areto batean, fetitxismo, masokismo eta pornografia filmak pantailaratzen dituzte. Amsterdam-era joanez gero, hona hemen ezinbesteko beste geldialditxo bat: La Condomeria. Denda-erakusketareto horretan, era guztietako "txanoak" edo kondoiak topatuko dituzu. Gomendatutako beste bisitalditxo batzuk? Haxixa eta kalamuaren museoa, tatuajeen museoa