Erosketa kutsatu gabe egiteko aholkuak

Osasun arloko langileekin batera, supermerkatuetako langileak dira gaixotzeko aukera gehien dutenak; jendea joan-etorrian dabil dendetan, eta segurtasun neurriak hartu diren arren, zaila da birusarekin kontatua guztiz ekiditea. Gauzak horrela, erostera goazenok gauzak erraztu ditzakegu, eta aldi berean, gure osasuna babestu. Jarraian, erosketa kutsatu gabe egiteko aholkuak dituzue:
1) EGIN EROSKETAREN ZERRENDA: Garrantzitsua da erostera goazena aurretik pentsatzea, horrela dendan bueltaka ibiltzea ekidingo dugu, eta erosketa azkarrago egingo dugu, dendan ahalik eta denbora gutxiena igaroz.
2) BAKARRIK JOAN: Oso garrantzitsua da erosketara ahalik eta jende gutxien joatea. Horregatik, jende gutxi dagoen orduak lehenestea eta dendan daudenekin metro t'erdiko distantzia errespetatzea komeni da.
3) SINTOMAK BADITUGU, HOBE ETXEAN: Sukarra, eztula, eztarriko mina eta gorputz txarra baduzue, utzi erosketa etxeko beste bati egiten edo online egin. Gaixo daudenen kasuan, online erostea da seguruena, baina gogoratu entregaren unean banatzailearekin kontakturik ez izaten.
4) ERAMAN ZURE POLTSA: Ez erabili supermerkatuko karrorik.
5) ELIKAGAI FRESKOAK ESKULARRUEKIN: Frutak, barazkiak eta orokorrean freskoak diren elikagaiak eskularruekin hartu, eta eskuetan hartzen duzuna erosi; ahuakate onena aukeratzeko hamar ukitzeak ez du balio dagoeneko.
6) KONTUZ AURPEGIA UKITZEAREKIN: Eskuak aurpegira eramaten ditugu konturatu gabe, baina kalean gaudenean keinu horiek guztiz ekiditea komeni da. Truko bat; hartu gauzak nagusia ez den eskuarekin (eskuinak ezkerrarekin eta ezkerrak eskuinarekin) hori baita aurpegira gutxien eramaten dugun eskua.
7) EROSKETAK, ASTEAN BEHIN: Saiatu dendara ahalik eta gutxien joaten. Horretarako, gutxienez astebete irauten duten elikagaiak erosi: laranjak, sagarrak, udareak, tomateak, azenarioak... fruitu lehorrak, dilistak, garbantzuak, arrautzak eta arraina ala haragia ere aukera onak dira.
8) TXARTELAREKIN ORDAINDU: Gogoratu distantziak mantentzeaz ordaintzerakoan, eta hobe txartelarekin ordaintzen badugu, ala mugikorrarekin. Truko bat: eraman txartela prest, karterarik gabe.