Modu osasuntsu eta jasangarrian erosi buruhausterik gabe

Geroz eta ohikoagoa da supermerkatuetan produktuen etiketak arretaz irakurtzen egoten diren pertsonak behatzea. Askok produktu horien barra kodeak euren mugikorrekin eskaneatzen dituzte erantzun jakin batzuk bilatzeko xedez. Zer da elikagarriagoa? Zer esan nahi du letra eta zenbaki errenkada honek? Nola eragiten dio ontzi honek ingurumenari? Galdera hauen guztien atzean erantzun bat dago: gure planetaren zaintzarekiko eta osasunarekiko kezka.
Berriki burutu diren ikerketek ere horixe bera diote. Kontsumitzaileen artean erostearen ekintzak duen eraginaren inguruko kontzientzia gehiago da eta asko prest daude produktu jasangarriagoengatik apur bat gehiago ordaintzeko. Ikerketen arabera gainera, mota honetako kontsumitzailea zoriontsuago sentitzen da bere erosketarekin.
Ez da erraza ordea. Informatzeko eta erosketa burutzeko denbora gehiago exijitzen du, hainbat etiketa hartu behar baitira kontuan. Aniztasun honen aurrean normala da nahasmena sentitzea supermerkatuko korridorearen erdian. Europar Etiketa Ekologikoa (Ecolabel), Eskualdeko nekazaritza ekologikoko etiketak, MSC, ASC, Fairtrade, FSC... zerrenda ia amaigabea da.
Askotariko zigilu eta produktuei buruzko informazio falta ere gehitu behar da ekuazioan, apenas baitago hauek ezagutzeko informazio kanpainarik. Honen aurrean adituen gomendioa: etiketa orokorregiak ekiditea. "Merkatuko produkturik jasangarriena", "%100 naturala" bezalakoak, adibidez. Erakunde independenteek aintzatetsiak dauden ziurtagiriak bilatu behar dira.
Zer komunikatzen digu zigilu bakoitzak
Kontsumo arduratsu eta jasangarria errazteko intentzioz, erakunde ezberdinek zigilu eta ziurtagiriak ezberdinak sortu dituzte produktuaren ezaugarrien arabera. Batzuk produktuaren jatorriari egiten diote aipamena, beste batzuk bere osaketa eta ekoizpenari, jasangarritasunaren beste irizpideei eta abar. Hauek dira ezagunenetakoak:
Europar Etiketa Ekologikoa (Ecolabel): Europar Batasunak igortzen du eta grafikoki e letra bat gainean duen lore batekin irudikatzen da. Zigilu honek fabrikazio prozesuan kontuan hartu diren ingurumen jasangarritasunaren irizpide jakin batzuei egiten die erreferentzia.
Eskualdeetako Nekazaritza Ekologikoaren etiketak: Europar batasunak ere igortzen ditu. Etiketa hauek dituzten produktuetan ez dira pestizidak edo antzeko substantziak erabili. Gainera, zigilu honekin eskualdeko nekazariek aukera dute Europar Batasuneko beste herrialdeetan ere euren produktuak merkaturatzeko. Grafikoki hosto eta izarrekin irudikatzen da.
Jatorri babestuko deitura (DOP): Ziurtagiri honek eskualde edo lurralde batek betetzen dituen baldintza berezi eta partikularrei egiten die erreferentzia. Ohikoa izaten da gazta eta ardoetan ikustea zigilu hau.
MSC eta ASC (Ziurtatutako Arrantza Jasangarria): Bi ziurtagiriak organismo independente pribatuek igortzen dituzte (Marine Stewardship Council ets Aquaculture Stewardship). Biek gauza bera komunikatzen dute: erosten duzun arraina jasangarritasun irizpideak kontuan hartuta arrantzatua izan dela. Arrain baten irudiarekin identifikatu litezke bi zigiluak.
Welfair Animalien Ongizatea: Organismo independenteek igortzen dute ziurtagiri hau ere, haragiaren merkaturatze prozesuan zehar animalien ongizatea, osasuna eta biosegurtasuna kontuan hartu direla komunikatzeko.
FSC, PEFC eta Rainforest Alliance: Erakunde independenteek igorria. Produktuak erabiltzen duen papera baso jasangarrietatik datorrela komunikatzen du.
V-Label: Produktu begano eta begetarianoak identifikatzeko nazioarteko zigilua da. Kalitatezko produktu begetariano eta beganoak direla jakiteko modurik errazena da. Jasangarritasunaren zigiluen zerrendan jarri dut hau ere, hainbat ikerketek askotan azpimarratu dutelako haragariaren, arrantzaren eta esnekien industriak direla klima aldaketaren arazoaren arduradun nagusietako batzuk. Beraz, hauek gabeko produktuen aldeko hautua, hautu jasangarria da.
Azkenik, kalitate edo jasangarritasun zigilua ez bada ere, Nutriescore adierazgarriak, informazio nutrizionala modu argiagoan erakusten du, modu errazean kategoria berdineko produktuak alderatzeko aukera eskainiz. Edota Fair Trade bezalakoak, langileak modu duinean lanean aritu direla adierazten duena.
Hori bai, zentzuz jokatzea baino ziurtagiri hoberik ez dago. Izan ere, egungo kontsumoak ohikoak ziren kontsumo jokabide tradizionaletatik aldendu gaitu. Globalizazioak edozein produktu urteko edozein unetan jatea ahalbidetu digu. Kasu honetan, ordea, berriz ere jatorrietara itzultzea da onena produktu lokal eta sasoikoen aldeko apustua eginez. Ez duzu ziurtagiri baten beharrik jakiteko aukera jasangarriagoak direla milaka kilometro hegazkinean bidaiatu ez dituzten fruta eta barazkiak erostea.
Aldi berean, ontziratu gabeko produktuak erostea ere jasangarria da, ontziak behin eta berriz berrerabiliz eta hondakin gutxiago sortuz. Haragiaren kontsumoa murriztearekin batera, janari ultra-prozesatuen kontsumoa murriztea ere egokia da; produktu freskoen aldeko apustua eginez planetari eta zure osasunari lagunduko baitiozu, eta ziur zoriontsuago sentituko zarela.