Erne begiak festetan

Erne begiak festetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erne-begiak-festetan/@@download/image/86p14irunea1_1363304606.jpg
2008/06/06
erreportajea
Udako festetan begiak erne edukitzea aholkatzen dizuegu, eta ikusten duzuenaren arabera, zuen estrategia moldatzea. Izan ere, halakorik aitortzea politikoki zuzena ez izan arren, festetan estrategiak zeresan handia izaten du bai ligatzeko, bai parranda lagunak aukeratzeko garaian. Hona hemen aholku sortatxo bat.

Ligatze kontuekin hasiko gara, inork gutxik aitortzen duen arren, ligatzea izaten baita festa guztietan puntuatzen ibiltzen diren parranderoen %90aren xedea. Aholku xume batzuk segituan.

1-Izan lotsagabe.

Ligatzerakoan, gure burua bestearen begien bitartez ikusteko joera dugu, eta horrexegatik, behin baino gehiagotan barregarri geratzen ari garela iruditzen zaigu. Hauxe da aholkua: etzazu zure jokabidea hainbeste disekzionatu, eta baboarena egin ezazu beldurrik gabe. Zu ez zara besteak baino baboagoa, hori seguru. Gainera, biharamunean ez da inor ezertaz oroitzen.

2-Zer atsegin du besteak?

Oso gauza kuriosoak gertatzen dira festetan, bi lagun elkarrekin ligatu nahian ari direnean. Adibidez, maiz gertatzen da ligatu nahi dugun horren izaera ez kontuan hartzea. Adibidez, neskek dantza egiteko joera dute ligatzerakoan, eta mutilen batengana abiatzen direnean (bestelako aukerak ere badaude, noski) dantza egin ohi dute haren aurrean. Aldiz, mutilek joera izaten dute hankak lurrari itsatsita geratzeko. Mutil askok, ordea, solasaldi sakona hasi nahi dute dantzan gustura ari den horrekin. Horrelakoetan, ez da komeni gauzak gehiegi behartzea, ez dantza ez solasaldi gonbidapenekin.

3-Txisteak neurrian.

Txantxa, txistea, umorea... barrea eragiten duen edozer gauza da ona ligatzeko garaian. Hala ere, garrantzitsua da neurrian aritzea. Txantxa gehiegi eginez gero, entzulea aspertu daiteke. Kontuz. Ez kontatu ehun eta hogei txiste, mesedez. Denek eskertuko dizute.

4-Kontuz zurrutarekin.

Mozkorrak ausardia ematen du, eta lotsa guztiak uxatzen ditu. Neurria galduz gero, ordea, mihia loditzen zaigu, eta distantziaren neurria galtzen dugu, eta beraz, ez gara konturatzen bestearengandik gertuegi gaudela, eta gainera, ez zaigula ulertzen. Mozkorra sahiestu ezin baduzu, ez gehiegi hitz egin. Disimulatzen saia zaitez, behintzat.

5-Begiratu, baina pausoa eman.

Askotan, begiratzearekin dena egin dugula uste dugu, baina zakurraren putza! Begiradarekin dena egin duzula sinesten baduzu, zure burua engainatzen ari zara: ez duzu azken pausoa eman, koldar horrek!

6-Ez harroa izan.

Gizarte monogamiko honetan, amaitu dira gau bateko igurtziak. Pentsa. Bikotea bizitza osorako dela pentsatzen dugu, eta festetan ere, onena bilatzen saiatzen gara. Horrexegatik, ia ezinbesteko zaigu edertasuna. Ez ahaztu, ordea, gu gehientsunok urrun gabiltzala mito sexualak izatetik. Zuk ere gerribuelta mamitsuak dituzu, gehientsunok bezala!

[Testuaren puntu honetaraino iritsi bazara, seinale zerbait darabilzula buruan. Ongi: aholkutxo batzuk eman dizkizugu, ligatzeko asmoarekin bazabiltza, kalabazarekin etxera ez zaitezen. Eman dezagun hurrengo pausoa: festetan ibiltzen den jendetzan, nola detektatu zurekin ondo samar moldatuko den hori? Gauza erraza da, aztertu itzazu zure ingurukoen look bereziak, eta horien artean, aukera ezazu zure izaera eta estiloarekin ondo samar etorriko den hori. Iritsi gara erreportaje honen bigarren zatira: festetako moda joerak. Zein da zurea?]

1-Dena erakutsiz.
Moda estilo hau ohikoa da 15-20 urte bitarteko gazteen artean. Mutilen kasuan, galtzei eusteko gerrikorik ez, eta galtzontziloak erakusten joan ohi dira. Hori bai, markakoak badira, hobe, eta noski, egunero-egunero aldatzen dituzte. Mutilek faltan duten gerrikoa neskek daramatela dirudi, halako gona motzekin! GAZTEZULOko adin talderik gazteenak dira. Urteekin, estilo hau atzean uzteko joera dute.

2-Beti igande.

40-90 urteko gazteen artean ohikoa. Beti igandea balitz bezala ateratzen dira kalera. Tonbolan eurotxo batzuk gastatu ondoren, camp dantzaldian gerriak mugituko dituzte. Etxerako bidean gazteen jarrera kritikatuko dute: edateaz aparte, ez omen dakite ezer egiten.

3-Beti jatorrenak.

Festetako futbol taldeak dirudite. Festak heldu baino lehen, koadrilakoek argazkia atera zuten elkarrekin. Koadrilako bat oso trebea da teknologia berrietan, eta argazkia estanpatu du elastiko batean. Gero koadrilakoei saldu die elastikoa, eta 10-15 euroko irabazia atera du operazioarekin (isilean, noski). Festetan denak prozesioan ibiltzen dira, elastiko hori bera jantzita.

4-Beti euskal tipical.

Zapi gorria, elastiko zuria, eta galtzak belaunetaraino tolestuta. Buruan, Keler txanoa.

5-Beti euskal tipical (II).

Aurreko estiloaren ezaugarriak ditu, bi berezitasunekin: batetik elastiko zurian lelo politikoren bat eramaten du, eta bestetik, Keler-en txanoaren ordez, Herri Urratsekoa eramaten du, duela 15 bat urtekoa. Elastikoaren gainean, pegatinaren bat, noski. Euskal tipical konprometitua da.

6-Beti euskal tipical (III).

Aurreko bi estiloen ezaugarriak ditu, baina nahasita. Parrandero konprometituen gisan, elastikoan leloren bat darama, baiba ez daki oso ondo haizea nondik dabilen. Gerriari lotuta ikurriña eramango du, ez dadin dudarik egon bere euskaltasunaz.

7-Beti euskal tipical (IV).

Parrandero konprometituaren ezaugarriak ditu, baina gerturatu orduko, aldeaz ohartuko zara. Elastikoan toki turistikoren baten marrazkia edukiko du, eta pegatinan bestelako leloak: "Betiko alardea bai", eta abar. Salbuespenak salbuespen, txinatarren bati erositako lepoko fluoreszentea jantziko du, edota betaurrekoren bat.

Ia gureak egin du: udako festen egutegia


Ez dira Euskal Herriko festa guztiak, noski; baina udan zerrenda koxkor honetako jai guztietan bagabiltza, gureak egin du.

EKAINA
Ekainak 24, sanjuanak: Angelu, Tolosa, Hernani, Leioa, Andoain, Arrasate, Eibar, Arbizu, Donibane Lohizune, Hazparne, Zugarramurdi, Aulesti, Bakio, Ea, Itsasondo, Laguardia, Legazpi, Markina-Xemein, Mundaka, Muskiz, Orio, Ortuella, Santurtzi, Zalla. Ondorengo igandean, Larrañe.
Ekainak 29, sanpedroak: Altsasu, Asteasu, Berriz, Deustu, Dima, Doneztebe, Elgeta,  Mungia, Munitibar, Oñati, Ondarru, Sopela, Eskoriatza. Lasarte-Oria, Pasai San Pedro, Zumaia, Araia.
Ekainak 30, sanmartzialak: Bastida, Irun.

UZTAILA
Uztailak 2, santaixabelak: Usurbil, Ataun, Portugalete, Zalla, Zumarraga. Uztailak 7, sanferminak: Iruñea, Lesaka, Pasai Antxo.
Uztailak 16, Karmengo Ama: Alegia, Amorebieta-Etxano, Barakaldo, Pentzia, Santurtzi.
Uztailak 22, madalenak: Arrigorriaga, Durango, Orereta, Bermeo, Elantxobe, Biana, Mutriku.
Uztailak 25, santioak: Billabona, Busturia, Derio, Astigarraga, Tutera, Gares, Ermua, Gorliz, Elizondo, Donapaleu, Soraluze. Barakaldo.
Uztailak 31, saninazioak: Getxo, Azpeitia, Algorta, Derio, Lemoa.

ABUZTUA
Abuztuak 1: Baionako bestak.
Abuztuak 4: Gasteizko Andra Mari Zuriaren festak.
Abuztuak 6,  xanistebanak: Oiartzun, Trapagaran, Derio, Bera, Aramaio. Abuztuak 9: Donostiako Aste Nagusia.
Abuztuak 11, santiburtzioak: Leitza, Sunbilla.
Abuztuak 14: Bilboko Aste Nagusia.
Abuztuak 15, andramariak: Agoitz, Amurrio, Aretxabaleta, Azkoitia, Burlata, Zarautz, Etxalar, Faltzes, Gernika-Lumo, Larrabetzu, Goizueta, Azkaine, Bardoze, Bidarte.
Abuztuak 16, sanrokeak: Deba, Ondarru, Laudio.

IRAILA
Irailak 2, sanantolinak: Lekeitio, Galdames, Plentzia.
Irailak 3, San Gregorio: Ataun.
Irailak 8, Andra Mari: Andosilla, Artaxona, Bernedo, Elorrio, Eltziego, Hondarribia, Peralta, Sopuerta, Uxue, Zangotza.
Irailak 9: Zarauzko Euskal Festak.
Irailak 14: Altsasu, Lezo, Erriberri, Sara, Legazpi, Mutriku, Zizur Nagusia. Irailak 29, sanmigelak: Iurreta, Markina-Xemein, Zalla, Derio.