Erleen pozoia, bularreko minbizia sendatzeko gakoa?

Erleek ekoizten duten guztiak du ezaugarri sendagarriren bat, baina ikerketa honetan lortu dutena harrigarria da; laborategian baieztatu dutenez, erleen pozoiak minbizia duten zelulen sakabanaketa gelditu dezake. Zehazki, bularreko minbiziaren zelula minbizidunekin egin dute esperimentua, bularreko minbizi mota agresiboena barne, eta emaitzak oso positiboak izan dira.
Esperimentuan munduko hainbat erle moten pozoia erabili dute, eta baita erlastarren pozoia ere, baina azken honen pozoiak ez du eraginik izan, Aldiz, erle guztien pozoia eraginkorra izan da; dirudienez, gakoa melitina izeneko sustantzia da. Elementu hau pozoian ez ezik, erleen gorputzean ere aurkitu daiteke, eta dirudienez, hori da minbizia suntsitzeko gakoa; esperimentuan, melitinak 60 minututan desegin zituen minbizidun zelulak. Miragarriena? Aldi berean, melitinak ez zituen zelula osasuntsuak kaltetu, baina zelula gaixoak berriro sakabanatzeko gaitasuna suntsitu zuen.
Horrek esan nahi du erleak ehizatuko dituztela melitina lortzeko? Bada ez; esperimentuak berdin funtzionatu zuen melitina sintetikoarekin. Hori bai, oraindik bide luzea gelditzen da erremedio hau gizakietan praktikan jarri aurretik, baina emaitzak oso positiboak dira.