Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalaren 'Kaka' proiektuak irabazi du AEK-Korrikaren II. Kultur Sorkuntza Beka

Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalaren 'Kaka' proiektuak irabazi du AEK-Korrikaren II. Kultur Sorkuntza Beka Tabuen inguruko "komedia ganberro eta probokatzailea" izango da, eta datorren urtean estreinatuko da Korrika Kulturalaren barruan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erika-olaizola-eta-xanti-agirrezabalaren-kaka-proiektuak-irabazi-du-aek-korrikaren-ii-kultur-sorkuntza-beka/@@download/image/53757442975_4e1773c93f_k.jpg
2024/05/31

Argazkiak: Asier Arroita - Korrika

Tabuen inguruko "komedia ganberro eta probokatzailea" izango da, eta datorren urtean estreinatuko da Korrika Kulturalaren barruan.
Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalaren 'Kaka' proiektuak irabazi du AEK-Korrikaren II. Kultur Sorkuntza Beka

AEK-KORRIKAren II. Kultur Sorkuntza Bekara aurkeztutako hamalau proiektuen artean Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalaren Kaka aukeratu du Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatutako epaimahaiak. "Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskaradunentzat zein ikasten ari direnentzat; hizkuntzaren erabilerari eman zaion garrantzia; moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik; eta, azkenik, sormen-lana izanda, oraindik <<sortu gabeko zerbait izatea>>" hartu dute aintzat hautaketa egiteko. 

Kaka "ganberroa, jostaria zein probokatzailea” izango dela aurreratu dute egileek, eta Olaizola eta Agirrezabala aktoreek hainbat pertsonaia jokatuko dituzte oholtza gainean. Bi sortzaile hauen ideietatik abiatuta, Euskal Herriko beste hainbat diziplinatako artistak elkartuta osatuko da proiektua.

Ikuskizunaren abiapuntua honako hau da: euskal kulturaren oholtzan kaka mokordo bat agertu da. "Kaka azaleratu da eta egoeraren analisi bat egin behar da. Nork egin du? Noiztik dago hor? Zer irudikatzen du? Eta orain, zer egiten da kaka honekin? Noren ardura da? Nori tokatzen zaio marroi hau argitzea? Garbitzea? Kakak kaka dakar eta pentsatzen jarrita… Mundua nolakoa litzateke bakoitza bere kakaren jabe egingo balitz?", azaldu dute.

"Norbanako, kolektibo edo herri moduan batzen gaituen baina ezkutatzen dugun horren guztiaren azaleratze festa bat" izango dela adierazi dute: "Askeak gara gure kakaren kudeaketan? Kakak sinbologia zabala eskaintzen digu. Unibertsala delako. Gu, gure kakaz arituko gara. Euskaraz, gure zauriez, gure hauskortasunez, garenetik zintzotasunez. Modu horretan, hitz honen konnotazio negatiboa hautsi nahi dugu. Kakak batzen gaituelako. Kaka, auzolana", aipatu dute.

24. Korrika Kulturalaren barruan, 2025eko azarotik 2026ko apirilera bitartean, antzeztuko da emanaldia, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan. 23.000 euroko aurrekontua izango du egitasmoak, euskal kulturatik sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzea baitu helburu AEK-Korrikaren bekak.