Erika Elizarik irabazi du 'Literatura Martxan' lehiaketa

Erika Elizarik irabazi du 'Literatura Martxan' lehiaketa Eduardo Pampliegak lortu du saria gaztelaniazko modalitatean, eta akzesitak Jose Mari Zendoia eta Penelope Agirrerentzat izan dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erika-elizarik-irabazi-du-literatura-martxan-lehiaketa/@@download/image/A90E0E1D-2819-420F-ACFF-3FF8936DE07F.jpeg
2022/04/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Eduardo Pampliegak lortu du saria gaztelaniazko modalitatean, eta akzesitak Jose Mari Zendoia eta Penelope Agirrerentzat izan dira.
Erika Elizarik irabazi du 'Literatura Martxan' lehiaketa

Literatura Martxan lehiaketaren lehen edizioko sariak banatu zituzten atzo, lau sarituekin egindako topaketan. Lehen bi sariak Erika Elizariri eta Eduardo Pampliegari eman dizkiete, hurrenez hurren, euskaraz eta gaztelaniaz egindako kontakizun laburren egileei. Jaso duten saria bizikleta elektriko bana izan da. Bestalde, bi akzesit sariak, MUGI txartelean 100 euro kargatzekoak eta liburu-dendan gastatzeko zenbateko bereko bonua, Jose Mari Zendoiari eta Penelope Agirreri eman zaizkie bi poemengatik, euskaraz eta gaztelaniaz hurrenez hurren.

Lehenengo edizio honetarako deialdira 200 lan inguru aurkeztu dira, %63 emakumeek idatzi dituzte eta %37 gizonek. Adinari dagokionez, 30 urtetik beherakoak izan dira %32, 30 eta 65 urte bitartekoak % 65, eta 65 urtetik gorakoak gainerako %3a. Lehiakide zaharrenak 70 urte ditu.

Lehiaketaren helburua herritarren garraio publikoko ibilbideetan literatura-sorkuntza sustatzea da, "kulturaren unibertsoa mugikortasunarekin lotuz". Kontakizun laburrak eta poesia lanak idatzi behar izan dituzte parte-hartzaileek, 'bidaia' hitza tartean dela. Horretaz gain, lehiakideek MUGI garraio-titulua edo noizbehinkako txartela aurkeztu behar izan dute parte hartu ahal izateko.