Erika Elizari hernaniarrak jaso du 21. Igartza Saria

argazkia: GOIERRIKO Hitza
Erika Elizarik (Hernani,1988) irabazi du aurtengo Igartza saria, idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dutena eta aurten 21. urtea betetzen duena.
Elizarik dioenez, "Azken urteetan saria jasotako lanak irakurtzeko ohitura hartua nuen eta beti zerbait idiliko gisa ikusten nuen. Igartza saria irabaztea amets moduko bat zen, baina gero ez nuen sekula parte hartzeko pausoa ematen. Eta aurten, animatu nauten zirkustantzia desberdinak batu dira: 30 urte bete berri ditudala eta beka eskuratzeko gehienezko adinetik gero eta gertuago nengoela; ama izan berri naizela eta haurdunaldian zehar idazteko inoiz baino denbora gehiago izan dudala…".
"Kontatzeko modua eta egitura joko baten moduan planteatu nahi izan ditut. Zazpi bidaiari horien ikuspegietatik egingo da bidaiaren kronika, eta kapitulu bakoitza pertsonaia bati egokituko zaio. Baina, aldi berean, pertsonaia bakoitza atal bat baino gehiagoren protagonista izango da. Zazpi bidaiarien istorioak tartekatzen joango dira eta ez beti ordena berean. Bestalde, pertsonaia bakoitzak bere barne gatazkak izango baditu ere, ez dira istorio isolatuak izango. Haien arteko interakzioak nabarmenak izango dira eta bidaiaren nondik norakoetan eragina izango dute. Horrek irakurketa joko baten moduan planteatzea nahiko nuke; irakurlea haria jarraitzeko jolastera gonbidatuz".