Erdi Aroko azoka jarriko dute Iruñean gaurtik igandera

Erdi Aroko azoka jarriko dute Iruñean gaurtik igandera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erdi-aroko-azoka-jarriko-dute-irunean-gaurtik-igandera/@@download/image/erdi_aroko_irun_1378201550.jpg
2013/09/03
berria
Erdi Aroko garaietan hiru burgutan banaturik zegoen Iruñea, Navarreria, San Cernin eta San Nikolas, eta tirabira askoren ostean, 1423an batu zituzten Batasunaren Pribilegioa izeneko aldarrikapenari esker. 590 urte igaro dira geroztik, eta gertaera hura gogoratu asmoz, Erdi Aroko azoka jarriko dute asteburuan.


Udaletxeko plazan, Kale Berrian, San Frantzisko plazan, Eslava kalean eta Kale Nagusian Erdi Aroko produktuz hornitutako 100 postu  jarriko dituzte ostiraletik igandera bitarte, Erdi Aroko merkatuaren baitan. Txokolatea, ardoa, gazta, pastak edota marmelada erosteko aukera izango da, baita xaboi naturalak, egurrezko jostailuak, perfumeak, bitxiak, arropak eta zapatak ere; guztiak antzinako teknikak erabiliz eta material naturalekin ekoitziak.

Ekimenak gogora dakar 1423an Carlos III Nobleak Navarreria, San Cernin eta San Nikolas burguak batzeko eginiko eskaera. Hain zuzen, urte hartako irailaren 8an lortu zuen hirurak Iruñeko Udalaren baitan biltzea Batasunaren Pribilegioa izenaz ezagutzen den aldarrikapenari esker.

Garai hartako ofizioak eta ohiturak herritarrei helarazteko asmoz, gainera, hainbat tailer eskainiko dituzte artisauek Udaletxeko plazako Atrilia elkartean; besteak beste, musika instrumentuen, beira puztearen edo forjaketa lanen inguruko saioak izango dira, 18:00etatik 20:30era ostiralean eta 18:30etik 21:00etara larunbatean.

Denetarik
Halaber, bihar hasi eta larunbatera bitarte, udaletxetik irten eta Iruñeko Alde Zaharrean barrena bisita gidatua egiteko aukera izango da. Izen ematea erabat doakoa da, eta udalaren webgunearen bidez edota 948 42 01 00 telefonora deituz egin daiteke. Eta larunbat nahiz igandean musika emanaldiek eta kale animazioak hartuko dituzte Iruñeako kaleak.