Erdi Aroan girotutako 'Adur' euskarazko rol jokoaren finantzaketa kanpaina

Adur Euskal Erdi Aro mitologikoan girotutako rol jokoa da. Bertan, Nafarroako Erresuma, basajaunak, lamiak, Mari, eta beste hainbat izaki miresgarri agertzen dira. Istorioaren barruan jokalari bakoitzak pertsonaia bat irudikatuko du, eta horregatik deitzen zaio rol jokoa. Taldean aritzeko jokoa da, hiru-sei lagunen artean; jokalari batek gidariaren lana egingo du eta besteek asmatutako pertsonaien azalean arituko dira. Aditu zein hasiberrientzat aproposa dela nabarmendu dute sortzaileek. Jokoaren edukia liburu batean dago jasoa eta, harekin batera, jolasean aritzeko beharrezkoak diren metalezko bost txanpon berezi jasoko ditu jokoa eskuratzen duenak.
Sortzaileen arabera, joko honen helburua "euskal kultura sustatzea" da; "euskaraz jolastuz eta hitz eginez istorioak asmatzean datza, eta Euskal Historia, mitologia eta kondairak era dibertigarrian jorratzen dira".
Proiektua gauzatzeko, crowfounding kanpaina jarri dute martxan. 2.000 euroko gutxienekoa gainditu dute, baina 4.000 euro biltzera iritsi nahiko lukete. Ekarpena egiten duenak jokoaren ale bat jasoko du.
Maiatzaren 21ean jokoaren aurkezpena egin zuten Twitch plataforman, eta liburuaren azala eta txanponen diseinua erakutsi zituzten, besteak beste.