'Erbestez erbeste' ekimena ezagutarazteko bertso-saio literarioa egingo dute Bilbon
Uxue Alberdi eta Miren Amuriza arituko dira bertsotan, emakumeek idatzitako kronikak zabaltzea helburu duen proiektuaren berri emateko.
Garai bateko emakumeek idatzitako kronika-sorta bat hautatu eta ezagutaraztea du helburu Erbestez erbeste egitasmoak, "garai zailenetan ere, euskaraz idazteko grina bazela ikus dezagun". Liburuxka batek, zuzenekoak eta bideo-sorta batek osatzen dute proiektua.
Gaur aurkeztuko dute ekimena, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Kuna espazioan. Uxue Alberdi eta Miren Amuriza izango dira oholtzan eta Goizalde Landabaso arituko da gai-emaile lanetan.
Sarrera librea izan arren, edukiera kontuak direla-eta, joateko asmoa izanez gero, aurrez jakinarazteko eskatu dute antolatzaileek, komunika@idazleak.eus helbidera idatzita.

