Erasmus... ikasketak atzerrian

Erasmus... ikasketak atzerrian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erasmus-ikasketak-atzerrian/@@download/image/56p42-1_1366366978.jpg
2005/10/07
erreportajea
Nerea Lizarralde
Erasmus... ikasketak atzerrian
Gurasoak jasan ezin badituzu eta etxetik hanka egin nahi baduzu, Euskal Herrian ligatzea ezinezkoa dela uste baduzu, zure herri edo hirian aspertuta bazaude, hemengo irakasleak gogaikarriak iruditzen bazaizkizu, etengabe parrandan ibili nahi baduzu… Erasmusek lagunduko dizu! 

Ikasleen artean, orgasmus izenez ezaguna da Erasmus programa. Izan ere, askok bikotea aurkitzen dute atzerrian, eta han geratzen dira. Beste batzuk, jo ta su ibiltzen dira ligatzen, eta beste askok, Euskal Herrian neska-mutilaguna izan arren, atzerrian affaire bat edo beste izateko aprobetxatzen dute. Baina, oinarrian, zer da Sokrates-Erasmus programa?

Europako Batasunak, hezkuntza mailan antolatutako lankidetza programa bat da Sokrates. Kalitatezko hezkuntza garatzea, ikasle eta irakasleen mugikortasuna bultzatzea, eta Europako hezkuntza sistemei buruzko informazioa eta esperientziak trukatzea du helburu Sokratesek.

Sokrates programaren barruan, goi irakaskuntzari dagokion atala da Erasmus. Erasmus 1987an sortu zen, eta programa horren barruan, ikasleek Europako beste unibertsitateetan ikasteko aukera dute, atzerriko unibertsitateko matrikula ordaindu beharrik gabe.

Hizkuntzak, eta batez besteko nota

Atzerrian ikasteko irrikitan bazaude, eta Erasmus ikasle izan nahi baduzu, has zaitez gogor ikasten, eta hizkuntzak errepasatzen. Hain zuzen, horiexek dira Erasmus programan parte hartu ahal izateko betebehar nagusiak: espedientearen batez besteko nota, eta hizkuntzak jakitea.

Italia, Espainiara edo Portugalera joateko, gazteleraz ondo jakitea eskatzen da (Hego Euskal Herriko ikasle guztiek betetzen dute baldintza hori, eta baita Ipar Euskal Herriko askok ere). Ingelesa, alemana edo frantsesa darabilten unibertsitateetara joateko, hizkuntza horietan zer moduz moldatzen garen neurtuko dute. Frantsesaren kasuan, Ipar Euskal Herriko gazteek ez dute arazorik izango, bai ordea, Hego Euskal Herrikoek.  

Nola lortzen dira bekak?

Unibertsitatean, fakultateko idazkaritzan har dezakezue Erasmus programaren eskaera orria. Dena den, Nazioarteko Harremanetarako Bulegora, edo koordinatzaileren batengana jotzea da informazio gehiago lortzeko biderik zuzenena. Bekak eskuratzeko eta izena emateko epea, otsaila-martxoa bitartean izaten da.

Hego Euskal Herrian BBK, Kutxa eta Caja Vital aurrezki kutxek, dirulaguntza  ematen diete Erasmus programan parte hartzen duten ikasleei.

Normalean, bekaren iraupena ikasleek beraiek erabakitzen dute. Unibertsitate batzuek urtebeteko eskaintza egiten dute (irailetik ekainera arte), eta beste batzuek lau hilabetetakoa. Azken kasu honetan, gehienetan, ikasleak aukera dezake lehen edo bigarren lauhilekoan joatea. Ikasle gehienak lehenengo lauhilekoan joaten dira atzerrira, eta bertan direla, bigarren lauhilekorako luzapena eskatzen dute.

Seneca, Leonardo Da Vinci…

Hego Euskal Herriko ikasleek Sicue-Seneca beka ere aukeran daukate. Beka honen bitartez, Iberiar penintsulako unibertsitateetan ikasketak egiteko aukera dago. Gainera, Erasmusekoak ez bezala, beka honek diru dexente ematen die ikasleei.

Bestalde, Leonardo da Vinci programak, aukera ematen du atzerriko erakunde eta enpresetan praktikak egiteko edo proiektuak garatzeko. Lanbide heziketaren mundura zuzendutako programa da, eta lan munduarekin lotutako lizentziaturatan ari diren ikasleei, eta lizentziatuei zuzendua dago.

Halaber, ALFA (América Latina Formación Académica) eta Intercampus programek, dirulaguntzak ematen dituzte Latinoamerikako unibertsitateetan hainbat jardunaldi egin ahal izateko. ALFA, goi mailako titulazioetako azken bi ikasmailetako ikasleei zuzendua dago. Aldiz, Intercampus, azken ikasmailan edo doktoretza prestatzen ari diren ikasleentzat da. Gainera, unibertsitateek ikasleak trukatzeko akordioak izaten dituzte AEB, Kanada eta beste herrialde batzuetako fakultateekin.

Bi jakintsuren omenez, parrandan



Erasmus programak Rotterdamgo Erasmori, berpizkunde garaiko pentsalari humanista handiari, zor dio izena. Izaera tolerante eta kritikoaren eredutzat jotzen da Rotterdamgo Erasmo, eta bestalde, bere garaian Europan batetik bestera ibili zenez, askok nortasun europarra hartzen diote bere obrari. Socrates Atenasko lehen filosofoa izan zen, eta bere metodoari esker egin zen ospetsu: galdera ironikoez baliatuta, bere solaskideen sineste sendoak kolokan jarri eta kontraesanak agerian jartzen zituen Socratesek.

Mireia Mujika: "Edinburgon ez dago eramus girorik"



Mireia Mujika markinarra da, eta Giza Zientzietako Komunikazioa ikasten ari da. Irailetik abendura arte, Mireia Edinburgoko unibertsitateko ikasleentzako erresidentzian egon zen. Ikasle bilbotar bat izan zuen gelakide.

Hala ere, bi lagunek ez zuten “Erasmus giro tipikoa” topatu Eskoziako hiriburuan. Izan ere, Queen Margaret University College unibertsitateak, India eta Japoniako ikasleekin hamaika akordio eta programa ditu, baina Erasmus programako ikasleak, aldiz, iaz hartu zituen estreinakoz. “Iritsi ginenean, berehala konturatu ginen Edinburgon ez zegoela “Erasmus giro” arrastorik. Japoniarrak eta indiarrak oso talde itxietan ibiltzen ziren, eta eskoziarrek ere ez zuten atzerritarrekiko jarrera abegitsurik. Esaterako, ez ziren atzerritarrentzako elkartruke edo jardunaldi bereziak antolatzen”, dio Mireiak.

Euskal Herriko unibertsitateetan ematen diren klaseekin konparatuta, Edinburgon klaseak arinagoak iruditu zitzaizkion Mireiari. Batetik, eskola-ordu gutxiago ematen zituzten, eta bestetik, irakasleek parte hartzea eta eztabaida bultzatzen zutelako.

Eskoziako bizi maila altuari aurre egiteko, Mireia zapata denda batean hasi zen lanean; Edinburgon oso erraza omen baita lana aurkitzea. Hala, diru pixka bat aurreztu ondoren, Highlands eskualde menditsua ezagutzera joan zen nazioarteko beste ikasle batzuekin. “Highlands izugarri inguru polita da. Eskoziar petoak ezagutu genituen han, oso jende atsegina eta jatorra. Eskoziar kutsuko ingeles itxia ulertzea izan zen zailena. Edinburgoko irakasleei ulertzea ere kosta egin zitzaidan, baina Highlands eskualdean amore eman nuen”.

Edan eta edan
Mireiaren iritziz, eskoziarrek ondo merezia dute edarizale ospea: “Hemen, egunkaria erosten duzunean, liburu edo cd-ren bat oparitzen dizute. Eskozian, berriz, garagardoa. Han guztiek edaten dute, eta neurririk gabe, gainera: gizarte alkoholikoa dela esango nuke”.

Mireia zur eta lur gelditu zen, neska eskoziarrak asteburu gauetan nola janzten diren ikusita.“Hotz ikaragarria egin arren, minigonarekin (eta mediarik gabe), sandaliak, eta top bat jantzita ateratzen dira parranda egitera”.

Erasmus programaren barruan, Eskoziara negu partean joateko asmoa dutenei, Mireiak ondorengo abisua eman nahi die: “Parrandetan oso ondo pasatzen genuen, baina hurrengo egunean eguerdi aldera jaikitzen ginen, eta beherala ilunduko zuela jakite hori oso tristea zen. Egia esan, negua nahiko gogorra da Eskozian”. Hala ere, atzerrian ikastea esperientzia ahaztezina iruditzen zaio Mireiari: “Zeure burua hobeto ezagutzeko balio du, eta heldu egiten zara”.

Miren Larrea: "Ikasleentzako Valentzia hiri ezinhobea da"



Miren Larreak zorte handia izan zuen. Leioan Ingeniaritza Kimikoa ikasten ari zela, SICUE-SENECA programan parte hartzea erabaki zuen. Salamanca, Santander, Zaragoza edo Valentziara joateko aukera zuen, eta Valentziako Unibertsitatean lortu zuen lekua, bere helmugarik gogokoenean, hain zuzen. Hori gutxi balitz, Seneca beka lortu zuen: hilero 480 euroko diru-laguntza, eta 120 euro garraio gastuetarako.

"Beharbada, beka lortu ez banu, ez nintzen unibertsitatez aldatzera animatuko, baina Seneca beka aukera paregabea da etxetik ateratzeko. Erasmusekin alderatuta, diru-laguntza oso handia da". Atzerrian ikastea erabakitzen duten ikasle guztien kasuan bezala,  etxebizitza lortzea izan zen Mirenen kezka nagusietako bat: "Azkeneko unean buruhausterik ez izateko, ikasturtea hasi baino lehen, iraila aldean, etxebizitza bilatzera joan nintzen Valentziara. Hiriaren erdialdean lortu nuen, eta bi neska valentziarrekin bizitzen jarri nintzen".

Mirenek dionez, Valentzia hiri ezinhobea da ikasleentzat. Lehenik eta behin, ia beti eguraldi ederra izaten delako, eguzkitsua eta tenperatura atseginarekin. Miren txundituta gelditu zen ikasle valentziarrekin: egun euritsuetan ez ziren klasera joaten!

Bestalde, gazte eta jai giro itzela dago Valentzian: "Esaterako, martxoan Fallak egiten dira, Valentziako jai ezagunenak. "La mascletá" eta "La nit de la crema" ikuskizun pirotekniko izugarriak dira. Beldurra ere pasatu nuen, baina han egoteak merezi du, zoramena baita! Bestalde, Unibertsitatean, kanpusean bertan, noizean behin ikasleak paella tipikoak egiteko biltzen dira. Koadrila bakoitzak paella bat prestatzen du, eta giro alaia sortzen da. San Juan gaua ere modu berezian ospatzen dute: jendetza biltzen da hondartzetan, suak piztu eta musikaz gozatzeko".

Aurten Miren Italiara joango da. "Erasmus programari esker, Erroman egingo dut karrera amaierako proiektua.. Etxetik a-teratzen zarenean, ohitu egiten zara zeure kasa bizitzera, eta zaila izaten da berriro etxera itzultzea".

Leire Mantzisidor: "Hoteleko gela berean, hamar lagun sartu ginen"



Leire Mantzisidor donostiarra Frantziako Lyon hiriko Ecole d' ingénieurs- L'INSAn egon zen. Leireren ustez Erasmusek xarma berezia du: "Jende irekia izaten da, lagunak egiteko eta beste herrialde batzuetako ikasleak ezagutzeko gogoa dute. Gainera, gazteen artean giro ezinhobea sortzen da, oporretan egongo bagina bezala".

Gisa horretara, oporretan daudela sinetsita, bidaiatzeko grina pizten zaie ikasleei. Leire Frantziako eskualde gehienetan izan zen, eta Alemania, Suitza, Italia, Eslovenia eta Kroazia ezagutzeko aukera izan zuen. "Sosik gabe geunden, baina edozer gauza egiteko prest geunden tokiak ezagutzearren. Adibidez, Kroaziara joan ginenean, ez genuen aterpetxe edo ostatu merkerik aurkitu, eta zoritxarrez, hotel garesti bateko logela ordaindu behar izan genuen. Hori bai, gorriak ikusi genituen: lau pertsonentzako gela batean 10 ikasle sartu ginen, eta hotelaren arduraduna trikimaluaz kontura ez zedin, bost lagunek leihotik sartu behar izan zuten".

Jon Mielgo: "Ameriketan segurtasunarekin obsesionatuta daude"



Jon Mielgo irundarra, American Way of Life delakoa bizitzera, eta pelikula yankietan agertzen den guztia egia ote zen ziurtatzera joan zen Kaliforniako Santa Clara University-ra. Cheerleader-ak, Fraternity eta Sorority-ak, gorputz gihartsuak… Denetatik ikusi zuen. "Santa Clara aberaskumez beterik  zegoen. AEBtan unibertsitate pribatu bat ordaintzea ezinezkoa da guretzat, izugarrizko dirutza da. Kaliforniako bizi maila ere izutzeko modukoa da. Hilero, gutako bakoitzak 600 euro ordaindu behar genituen apartamentuaren truke".

Horrexegatik, lagun amerikarrak egitea, eta beraiekin batera bidaiatzea erabaki zuen. "Gehienak oso azalekoak eta materialistak dira, baina zorionez, diruaz eta fisikoaz haratago begiratzen duen jende jatorra ezagutu nuen. Hain zuzen, behin baino gehiagotan, beraiekin eta beren familiekin joan nintzen oporretara: Las Vegas, Los Angeles, Yosemite Parkea, Tahoe Lakua, Santa Cruz, San Francisco...".

Ikasketei dagokienez, AEBtako hezkuntza sistema egokia eta praktikoa iruditu zitzaion Joni. AEBtan azterketa gehiago egiten dituzte, baina materia gutxikoak: beraz, ez duzu irakasgai osoa azterketa bakarrean arriskuan jartzen.

Segurtasunarekin obsesionatuta
Bestalde, AEBtan segurtasunarekin obsesionatuta daudela uste du Jonek: "Kale kantoi guztietan polizia egoten da, eta larrialdietarako telefonoak nonahi daude. Baina ez dakit zertara datorren hori guztia: "arrisku" bakarra "house party" zoroak baitira. Oso erraza da AEBtan espetxeratua izatea, edo isun bat ordaindu behar izatea. Gure apartamentuan festa txiki bat antolatu genuen, eta 1.000 dolarretako isuna ordaindu behar izan genuen, musika ozenegi ipini genuelako. Alkoholarekin ere kontu handiz ibili behar da, 21 urte baino gutxiago badituzu, edo kalean edaten baduzu".

Politikaz hitz egiterako garaian ere kontuz ibili behar omen da: "Euren sistema kolokan jartzen saiatzen bazara, irainduta sentitzen dira. "Ustelkeria" edo "manipulazioa" edo antzeko hitzak entzun orduko, Bushen aldeko gazteak oso urduri jartzen dira".