Erantzun: Do it yourself filosofia

Erantzun: Do it yourself filosofia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/erantzun-do-it-yourself-filosofia/@@download/image/78p72erantzun_1363806345.jpg
2007/10/05
erreportajea
Julen Azpitarte
Erantzun zarauzko taldea Euskal Herriko hardcore koadrila interesgarrienetarikoa da. Do It Yourself filosofiari jarraituz, disko sorta ederra argitaratu dute, eta udan, Europan izan ziren hirugarrenez. 

Erantzun hardcore koadrila basatia duela bederatzi urte sortu zen, taldekidedeek 14 urte zeuzkatela. "Instrumentu bat zer zen ere ez genekien, baina jotzen ikasi genuen pixkanaka, eta gitarrak erosi genituen", azaldu du Hodeik. Hasieran boskotea ziren, baina gaur egun laukotea dira: Murray (baxu jotzailea), Xanti (gitarra jotzailea), Arri (bateria), eta Hodei (kantaria).

Geroztik, disko asko plazaratu dituzte; betiere, hardcore/punk mugimenduko lankidetza sareari esker. Bizitza halabeharrez askatasuna erabiltzera behartua sentitzen da izenburu luzeko binilozko diskoa da kaleratu duten azken lana. Carnus Records zigiluak argitaratu du diskoa.

Aurretik, bi CD eta binilozko beste bi erreferentzia kaleratu zituzten hardcore zigilu eta taldeekin elkarlanean: Askatasunagatik borrokan ep-a Afganistan Yeye katalanekin batera, eta Y ya no veo motivos para ser como ellos lp-a, Insultos al Gobierno asturiarrekin. Biniloa da gehien atsegin duten euskarria, eta horregatik aukeratu dute azken lanetarako. Bistan denez, Do it yourself edo Zure kabuz egin filosofia jarraitzen dute Erantzunekoek.

Mendi puntan jotzen

Zarauztarrak Europan barrena ibili ziren udan. Iparraldean aritu ziren, batik bat; Suedian, Finlandian eta Laponian, adibidez. Laponian pasadizo harrigarria gertatu zitzaien: lotuta zeuzkaten azken bi kontzertuak bertan behera geratu ziren, eta ustekabekoaren ondorioz, mendian amaitu zuten gitarrak eta danborrak astintzen. "Arginda sorgailu batekin, bide erdian aurkitu genuen eski pista baten puntan aritu ginen. Aldiz, beste kontzertua Rovanieve inguruko mendi batean antolatu ziguten. 4x4 moduko auto bat behar izan genuen arroketatik materiala eraman ahal izateko".

Erantzun, Txixaparrazta, Iron Batasuna eta antzeko taldeekin, euskal hardcorea mundu osoan entzungo dela ziurtatuta dago. Zorionak!