Erabili bai, programatu ere bai

Erabili bai, programatu ere bai https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/06/04
erreportajea
Erabili bai, programatu ere bai
Ba al dakizu nola programatzen diren egunero erabiltzen ditugun ordenagailu, smartphone eta aplikazioak? Ikasteko garaia da.


Hamabost urte atzera begiratzea nahikoa da teknologiak izan duen garapena eta honek gure egunerokoan eragin dituen aldaketak ikaragarriak izan direla konturatzeko. Orduan, lan postuetan ez zegoen ordenagailurik, eta egin beharreko zeregin guztiak papera eta boligrafoa erabilita egiten ziren. Gaur egun, ordea, bulegoetako mahai guztietan ordenagailu bat dago, gehienok dugu smartphone bat patrikan eta laster gure kotxe zein etxeetan konputagailuek berebiziko garrantzia eta presentzia izango dute.
Paperaren eta boligrafoaren garaia ezagutu genuenok ez dakigu gailu horietako programek nola funtzionatzen duten. Baina natibo digitalak diren gazteek ere, ordenagailuaren erabilera betidanik ezagutu dutenek, ez dakite teknologia horiek nola programatzen diren. Guztiok erabiltzen ditugu aplikazioak egunero, baina ez dakigu nola sortzen diren, eta adituek diotenaren arabera, etorkizun laburrean hori arazo bihur daiteke. Ordenagailuak gure burmuinaren luzapena eta smartphone zein tabletak gure besoen luzapena izango direla aurreikusita, behar-beharrezkoa izango da nola programatzen diren ulertzea.
Beraz, ordenagailu zein smartphoneak programatzen jakin beharko dugula kontuan hartuta, hainbat herrialdetan dagoeneko lanean hasita daude. Finlandia, Norvegia, Kanada, Ingalaterra eta
AEBetan, adibidez, zeharkako ikasgai bihurtu dute programaizoa, eta euren hezkuntza sistemetan txertatzen hasiak dira. AEBetan hezkuntza arloan ikerketak egitena ari diren adituen hitzetan, ideiak ekintza bihurtzea da benetako ezagupen integralaren muina, eta ideiak ekintza bihurtzeko modu berria eskaintzen du programazioak.

Kode Eskola
Euskal Herrian, EHUren babesarekin, Kode Eskola sortu dute. Robotika, bideojoko, animazio eta aplikazioen arloetan programatzen ikasteko formazioa eskainiko dute, eta Hezkuntza Proiektua bezala bataiatu duten ildoaren bitartez, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan programazioaren arloan gaur egun dagoen hutsunea betetzen saiatuko dira.
Bestalde, KZguneek osatzen duten inklusio digitalerako eta berrikuntza sozialerako sarean ere arlo hau lantzen ari dira. Adibidez, ezagutzarik ez duen edonork programazioa lantzeko MITen (Massachusetts Institute of Technology) garatu duten SCRATCH programazio-lengoaiaren inguruko ikastaroak ematen hasi dira.
Gure inguruan ditugun gailu eta softwareen programazioan lehen pausoak eman nahi dituenak, beraz, Kode Eskolara (kode-eskola.com) jo dezake, edota KZguneen sarean (kzgunea.net) antolatuko dituzten ikastaroetan izena eman. Bestetik, codecademy.com orrialdea begiratzea ere ideia ona izan daiteke. Eta hezkuntza sisteman programazioa txertatzea beharrezkoa dela uste dutenek, aldarrikapen horri babesa eskaini diezaiokete code.org orrialdean.

Harritu gaitu



Youtube - Euskal maketak kanala
80ko eta 90eko hamarkadetako euskal maketak. Hunkigarria nostalgikoentzako, urrea musikari berrientzako.

Katxondoena



Angry Alien
Film ezagunak 30 segundoko bideo laburretan ikusteko aukera eskaintzen duen ataria. Protagonistak marrazki bizidunetako untxiak dira.

Informazio bila



Vice
Eduki alternatibo samarrak lantzen dituen aldizkari digitala. Albiste ugari ditu, batzuk oso interesgarriak, beste batzuk ez hainbeste.