Eoin OBroin: “Antz handia dute egungo Euskal Herriak eta 80ko Irlandak”

Eoin OBroin: “Antz handia dute egungo Euskal Herriak eta 80ko Irlandak” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eoin-obroin-antz-handia-dute-egungo-euskal-herriak-eta-80ko-irlandak/@@download/image/37p16-1.jpg
2004/01/02
elkarrizketa
Asier Coloma
Eoin OBroin Belfast-eko udaleko Sinn Fein-eko zinegotzia da. Berriki izandako Ipar Irlandako Legebiltzarrerako hauteskundeez eta Euskal Herriaz aritu gara 31 urteko irlandar honekin. Euskal gaztediari buruzko liburua idatzi du OBroinek.

Zein da Ipar Irlandaren egoera hauteskundeen ostean?
Egoera berezia da. Ostiral Santuko Akordioa lortu zenetik, borroka politikoaren muina Akordioaren ezarpenaren ingurukoa izan da. Akordio honek zalantzan jartzen ditu, besteak beste, egungo polizia eredua eta erakunde autonomo berrien garapen eza. Unionistak, ordea, Britainia Handiko Gobernuaren laguntzaz, akordioa ahalik eta gutxien garatzen saiatu dira. Ondorioz, azken bost urteak nahasiak izan dira. Berriki egin diren hauteskundeei dagokionez, gure alderdiak arrakasta handia erdietsi du; lehen aldiz Sinn Fein indar nagusia da esparru nazionalistan.

Zer dela eta izan da Sinn Feinen gorakada nabarmen hau?

Nik uste dut aldagai askok eragin dutela igoera. Lehenik eta behin, nire aburuz, jendeak ikusi du funtsezkoa dela Sinn Fein sustengatzea: nazio mailako alderdi bakarra gara, independentziaren alde gaude, erakundeetatik kanpo lan egiten dakigu, jendearen parte hartzea bultzatzen dugu… SDLP —Alderdi Sozialdemokrata Laborista—, aldiz, oso alderdi kontserbadorea da, eta ez du egitasmo politikorik.

Zeintzuk dira Irlandako gazteen arazo nagusiak?

Alde batetik, belaunaldi berriak despolitizatu nahi dituzte, honela arazoei aurre egingo ez dietela uste baitute. Drogen arazoa ere hor dago, batez ere alkoholarena. Gazteak gero eta azkarrago hasten dira edaten. Sexualitatearen arloan ere badago zer eginik, gazteek haurrak gero eta gazteago dituzte eta. Langabeziaren arazoa ere larria da.

Eta Euskal herriko gazte mugimenduaz zer diozu?

Legez kanpo utzita, gazte independentistak gizartetik at utzi nahi zituzten, baina ez dute lortu. Gazte mugimenduak erantzuten, berritzen, asmatzen segitzen duen bitartean, Espainiako Gobernuak ikusiko du errepresioaren bidetik ez duela arrakastarik lortuko. Ondorioz, estrategiaz aldatu beharko du. Gainera, gazte mugimenduaren energia eta dinamikak ez dira gutxitu, eta hori oso positiboa da.

Zer nolako egoera bizi du Irlandako gazte mugimenduak?
 
Irlandan egoera oso bestelakoa da; ez dugu ez gaztetxerik, ez irrati librerik, ez gazteentzako aldizkaririk… Hau da gure erronka handienetako bat. Esan bezala, Irlandan despolitizazio handia gertatzen ari da. Esaterako, Irlandako musika talde gehienak oso komertzialak dira. Hemen, aldiz, Berri Txarrak, Kuraia eta antzeko taldeak dituzue.

Zer iruditzen zaizu Euskal Herriko egoera orokorra?

Hemen sekulako errepresioa jasaten ari zarete: legez kanporatzeak, hedabideen itxierak… Nire ustez antz handia dute egungo Euskal Herriak eta 80. hamarkadako Irlandak. Izan ere, orduan Margaret Thatcher zen Britainia Handiko gobernuburu, eta errepresioa zen gatazkaren aurreko errezeta bakarra. Aznarrek, gehiengo osoa lortu, eta irailaren 11ko gertakarien harira, behar zuen babesa lortu zuen nazioartean. Egia da urte hauek oso zailak izango direla euskal herritarrentzat, baina itxaropentsu egoteko arrazoiak badaude. Izan ere, gobernu batek ezin du arrakasta lortu errepresioaren bidez. Bost edo hamar urtetan, gatazkaren muinera jo beharko dute, eta ikusi beharko dute irtenbidea hitz egitea eta giza eskubideak errespetatzea dela.

Askotan etortzen al zara Euskal Herrira?

Urtean bitan etortzen naiz, Sinn Feinek harreman politiko ugari dituelako Euskal Herriarekin. Horrez gain, euskal gazteriari buruzko liburu bat idatzi dut, eta hemen izan nintzen. Ondorioz, lagun asko ditut. Gainera, nire neska-laguna baionarra da, nahiz eta orain Belfasten bizi den.

Parrandan ibiltzea atsegin duzula ere entzun dugu.

Egia esan, hemengo parrandak oso arriskutsuak dira. Hau ere miresgarria da: nola uztartzen dituzuen politika eta gizarte gaiak ondo pasatzearekin. Irailean, Donostian egon nintzen estropadetan, eta hori bertatik bertara gozatu ahal izan nuen.